Albistea entzun

Jose Felix Marti Masso. Neurologoa

«Burmuina etengabe aldatzen den organo korapilatsua da»

Gaitz neurodegeneratiboen alorreko zenbait aurkikuntzari lotuta egon da ikertzailea urteotan; dardarina entzima identifikatu izanagatik da, esaterako, ezaguna. Euskadi Ikerkuntza Saria jasoko du aste honetan.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2015eko ekainak 7 - Donostia

2014ko Euskadi Ikerkuntza Saria Jose Felix Marti Masso (1947, Tarragona, Herrialde Katalanak) neurologoari emango diote. Asteon jasoko du. Neurologia Medikoa irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia eta Neurofisiolgia Kimikoko zerbitzuburua da, eta, bereziki, gaixotasun neurodegeneratiboen alorra ikertu du. Mugarriak jarri ditu bide horretan.

'Mens sana in corpore sano' esan ohi da. Egia al da hori?

Gaur, argi dugu giza adimena burmuinaren jarduera dela, eta burmuin osasuntsua edukiz gero gainontzeko gorputza ere osasuntsuago egongo dela. Baina alderantzizko bidea ere bada, eta horren ebidentzia asko dira. Hipertentsioaren, diabetesaren edo estresaren moduko faktoreak estimulu kaltegarriak dira burmuinerako.

Oso kritiko azaldu izan zara zenbait botikaren erabilerarekin. Zergatik?

Garai batean gehiegi erabili izan zirelako eta orduan ondo ezagutzen ez ziren nahigabeko ondorioak dituztelako. Mundu mailan lehen aldiz, botika horien eragin kaltegarria aurkitzeko aukera izan nuen. Botika horiek parkinsonaren pareko sintomak eragiten zituzten, eta, horregatik, gaitz hori diagnostikatzen zitzaien gaixoei, nahiz eta errealitatean botikaren nahigabeko ondorioak baino ez ziren. 1983an izan zen hori. Zorionez, aurkikuntza horri esker, pixakanaka alboratu ziren zinarizina eta flunarizinan oinarritutako botikak. Baina gaur egun sulpiride izenekoa erabiltzen da oraindik bertigoak sendatzeko. Azken horrek, funtsean, nahigabeko ondorio berdinak ditu.

Neurologiaren alorrean, genetikaren garrantzia gero eta handiagoa da...

Bai, dudarik gabe. Orain dela 40-edo urte ez genuen ulertzen 70 urterekin azalarazten zen gaitz baten abiapuntua monogenetiko izatea; hau da, haurtzarotik izaten dugun gene batetik etortzea. Gaur egun, ordea, badakigu parkinsona, alzheimerra, dementzia frontotenporala eta beste eritasun neurodegeneratibo asko gene baten alterazioagatik sortzen direla. Genetikari esker, posible da identifikatzea gerora gaixotasun bat garatuko duten pertsona eramaileak. Hau jakinda, gaitz horiek ekidin, edo gutxienez haien agerpena atzeratzeko, baliagarria da genetika.

Zeintzuk dira neurologian irekita dauden ikerketa lerrorik itxaropentsuenak?

Gure lantaldeak Michael J. Fox Fundazioak sustatzen duen mundu mailako ikerketa batean parte hartzen du. Markagailu genetikoak bilatzen ditugu parkinsonaren lehen seinaleak dituzten lagunengan, eta gauza bera egiten dugu eramaile izanda ere gaitza oraindik garatu ez duten lagunekin. Horrela, ikusi nahi dugu markagailu horiek zer nolako eragina duten eritasunaren garapenean.

Euskal izena daraman proteina garrantzitsu bat aurkitu zenuten...

Dardarina da entzima hori (eritasunaren sintomarik ezagunena dardara baita), eta parkinsonaren alorrean azken bi hamarkadetan izan dugun aurkikuntza garrantzitsuenetakoa izan da. R1441G izeneko mutazioa dago horren oinarrian. Euskal mutazioa izenarekin ere ezaguna da munduan, Gipuzkoako lau familiatan identifikatu genuelako. Badirudi geneen aldaketa hori orain dela 750 urte inguru azaldu zela Azkoitian. Hasiera batean famili horiek harremanik ez zeukatela uste bagenuen ere, gerora ikusi zen laurek enbor bera izan zutela 1720an. Horren antzerako beste mutazio bat dago, juduengan abiapuntua izan zuena eta oso zabalduta dagoena, juduak euskaldunak baino askoz gehiago hedatu baitira munduan.

Neurozientzak psikologia eta psikiatria alboratuko al ditu inoiz?

Eztabaida horren oinarrian kontzeptuzko akats bat dago: giza portaera burmuinarekiko independentea dela. Baina organo bera ikertzen dugu. Historikoki, psikiatrek portaerari lotutako eritasunak landu dituzte, hala nola gaitz psikotiko eta neurotikoak, baina parkinsonak duen bezainbesteko lotura dute horiek burmuinarekin. Portaera aldarazten duten gaitz guztiak burmuinarekin daude erlazionatuta, eta genetikan zein bizitza beran dute oinarri. Eta alderantziz ere bai. Izan ere, burmuina etengabe aldatzen dugun organo bat da. Zuk zeuk burmuin desberdina izango duzu elkarrizketa hau bukatzean, hasieran zeneukanarekin konparatuz. Lotura berriak sortuko zaizkizu, eta, seguruenik, zenbait zirkuituren ekintzak aldatuko egingo dira. Gailu konplexua da burmuina, 14.000 milioi neurona eta ehunka milioi lotura dituena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean ©Irekia

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

Edurne Begiristain

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Ibaetako Campusean duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO/FOKU

Eraso sexista bat salatu dute EHUko Ibaetako campusean

Berria

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakala emakume taldeak. EHUri leporatu dio gertakariari buruzko «informaziorik» ez ematea.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. / ©Goierriko Hitza

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Jon Ordoñez Garmendia

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

'Martin Ugalde eta Egunkaria' hitzaldia

Sokaren bi muturrak batu zituen «ametsa»

Julen Aperribai

'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko egitasmora batzean Martin Ugaldek egindako hautuaz eta proiektua abiarazteko zailtasunez aritu da Iñaki Uria, Ugalderen jaiotzaren mendeurreneko hitzaldietan bigarrenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.