Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Gazte denei esaten diete onak izango direla, baina gutxi iristen dira gora»

Publizitatea

Kirola

Unai Laso. Asegarceko pilotaria

«Gazte denei esaten diete onak izango direla, baina gutxi iristen dira gora»

Albisuri irabazi zion buruz buruko txapelketaren lehen partidan, eta astelehenean lanak eman nahi dizkio Artolari. Urrutikoetxea du ispilu, eta asko sendotu da profesionaletan daramatzan hilabeteetan.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-04-21 / Imanol Magro Eizmendi

Elkarrizketak ez zaizkiola gustatzen esan du Unai Lasok (Bizkarreta, Nafarroa, 1997), baina duela hamar hilabete debutatu zuenetik ohitzen hasi da. Iñaki Artolaren aurka jokatuko du astelehenean, eta pilota aukeraketaren ostean solastatu da BERRIArekin. Erroibar ibarrekoa da jaiotzez, eta Iruñean bizi da; euskara ederrean erantzun ditu galderak.

Ikusi al duzu Albisuren aurkako partida?

Bai, etxean; partida gogorra izan zen, eta jendeak gozatu zuen. Partida onak txarrak baino gehiago ikusten ditut, baina guztiekin ikasten da. Albisuren aurka jokatu aurretik, berak iaz Arretxeren aurka jokaturikoa ikusi nuen, eta jokatzeko modua aldatu zuen.

Gustatu al zaizu ikusitakoa?

Hasieran oso urduri nengoen. Jendeak nik irabaztea espero zuen, eta berak asko jokatu zuen.

Jendeak zuk irabaztea espero zenuela diozu, Albisuren aurka bai? Hura estelarretako pilotaria da.

Hori esaten nuen nik. Albisuk asko jokatzen du buruz buru eta pilotari handia da. Baina hark ere esan zuen ni nintzela faborito aurrelaria naizelako.

Albisuk ondo jokatu zuen, eta irabazi egin zenion. Konfiantza emango du horrek, ezta?

Ikusi zen hark buruz buruko entrenamenduak eginak zituela; ezker airez asko eman zion, eta horrek egin zidan min handien. Nik ondo sakatu nuen, eta berak ederki eraman zituen.

Whatsapp mezu asko jaso al zenituen gero?

Bai, irabazten duzunean jende askok bidaltzen dizkizu.

Eta galtzean?

Orduan familiakoak eta lagunak bakarrik. Horiekin gelditzen naiz.

Lehen partida irabazita txapelketan konplitu duzu jadanik?

Konplitu?Oraindik ez. Badut itxaropena asteleheneko partidan. Partida ona egiten badut, ni kontent, baina irabazi egin nahi dut.

Zer moduz goikoekin buruz buru entrenatzen?

Ondo, bihar [gaur] Bengoetxearekin entrenatuko naiz, eta hori niretzat proba ederra da.

Norbaitengan jartzen al duzu arreta bereziki?

Urrutikoetxearengan… Antza dugula esaten dute, sotamanoz ondo moldatzen garelako. Asko entrenatu naiz harekin, eta agian horregatik hartzen dut erreferentzia gisa.

Urruti lan asko eginikoa da.

Bai. Haren gorputzari begiratu baino ez dago: lehen, argal-argala zen, eta, orain, zezena dirudi.

Zu ere sendotu zara debutatu zenuenetik.

Pisu pixka bat hartu dut, bai. Debutatu nuenean 69 kilo nituen, eta, orain, 74. Hori ere nabaritzen dut pilota mugitzeko garaian. Lan fisikoa Uharten egiten dut, Martija, Astiz eta Sarasarekin. David Dominguez Uharteko klubeko prestatzailearekin hasi nintzen, eta hiru urte daramatzat. Asko daki, eta pertsona ederra da.

Aholkurik eman al dizute buruz buru jokatzeko?

Lasai jokatzeko, eta pilotei erreparatzeko. Lehen Mailan askoz gehiago dabiltza, eta airez gehiagotan sartu behar dugu.

Berez dirudizu oso lasaia.

Barrutik oso urduria naiz. Kanpotik ez dakit nabaritzen den, baina oso urduria naiz, betidanik.

Astelehenean Artola duzu aurkari. Nolako aurkaria da?

Aurrelaria da, asko errematatzen du, ondo sakatzen… Ea sakea airez kentzen diodan sar ez dadin. Joan den astean elkarrekin entrenatu ginen, eta oso gustura jardun ginen. Oso pertsona jatorra da.

Ia urtebete daramazu profesionaletan, zer moduz?

Ekainean egingo dut urtea. Gustura nabil; goraka egiten ari naizela uste dut. Hasieran urduritasuna nabaritzen nuen, tokia aurkitzea kostatu zitzaidan, baina partidak jokatu ahala hori zuzenduz noa. Berasaluzerekin entrenatzen naiz Bilbon, eta orain gogorragoa naizela iruditzen zait.

Zerbaitek harritu al zaitu?

Elkarrizketa gehiago daudela! Profesionaletan pilotari guztiak ondo prestatuta daude, eta guztiek asko jokatzen dute.

Bizitza asko aldatu zaizu?

Gehiago entrenatzen naiz. Gehiago bainoago, hobeto. Saioak intentsuagoak dira. Diziplina beharrezkoa da, baina, tira, gure lana da.

«Lasok asko jokatuko du», «Laso ona izango da»... Zuk ere entzungo zenuen.

Gazte denei esaten diete hori, eta gero oso gutxi iristen dira gora. Nik ez dut horretan pentsatzen, lana dut buruan.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak