EAJ-Sortu harremanak. Bilerak

Elkarrizketak geldirik dauzkate

EAJk eta Sortuk orain urtebete jendaurreko bilera bat egin zuten, eta hilero batzartzen hasi ziren, baina otsailetik ez dira bildu.

Desadostasunak azaldu dituzte edukietan eta metodologian.

Egoera «zailean» daudela iritzi diote
Ezkerrean: Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu, Hasier Arraiz eta Pernando Barrena Sortuko ordezkariak. Eta eskuinean: Koldo Mediavilla, Pilar Garcia de Salazar, Andoni Ortuzar eta Joseba Egibar EAJkoak, iazko uztailaren 3an, Donostian, Sorturen egoitzan.
Ezkerrean: Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu, Hasier Arraiz eta Pernando Barrena Sortuko ordezkariak. Eta eskuinean: Koldo Mediavilla, Pilar Garcia de Salazar, Andoni Ortuzar eta Joseba Egibar EAJkoak, iazko uztailaren 3an, Donostian, Sorturen egoitzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko uztailak 4
Ikusmin handia sortu zuen atzo urtebete Donostian EAJko eta Sortuko ordezkariek egin zuten bilerak. Hedabideak deitu zituzten batzar aurreko irudiak har zitzaten eta, ordu eta erdiko juntaizo ostean, Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nagusiko presidenteak eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buruak hitz egin zuten, hogeina minutuz, bakoitzak bere aldetik. Harrezkero egin izan dituzte beste bilera batzuk, baina, BERRIAk jakin duenez, bada ia urte erdi bat azkena egin zutela. Bi alderdietako ordezkarien esanetan, bileratan ez zuten askorik aurreratu, harremanak «hotz» daude, eta egoera «zailean» dira.

Iazko uztailaren 3ko bilkura hura ez zen hutsetik sortu. Ezker abertzaleak apustu estrategikoa egin ostean, Sortuk 2011ko otsailean aurkeztu zituen estatutuak eta, artean Espainiako Justiziak legezko jo gabe, EAJrekin batzar bat egin zuen Bilbon, jeltzaleen egoitza nagusi Sabin Etxean. Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Marije Fullaondo eta Arraiz joan ziren Sortutik, eta Iñigo Urkullu EBBko orduko presidentea, Andoni Ortuzar (BBB), Joseba Egibar (GBB) eta Iñaki Gerenabarrena (ABB) EAJtik. Harremanek jarraitu egin zuten baina, batik bat, iaz heldu zioten elkarrizketari, Eusko Legebiltzarreko bozen ondotik. Uztaileko batzarraren aurretik bi bilera egin zituzten: Donostian eta Bilbon. Duela urtebetekoa, Donostian, Sorturen egoitzan, Zuatzun.

EAJtik Ortuzar, Egibar GBBko presidentea, Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkaria eta Koldo Mediavilla EBBko harreman instituzionaletako idazkaria joan ziren. Sortutik: Arraiz, Pernando Barrena bozeramailea, Rufi Etxeberria gatazkaren konponbiderako arduraduna eta Maribi Ugarteburu Bizkaiko koordinatzailea.

«Elkarri aurpegira begiratzeko» eta «gaitzespenak» alboratzeko balio izan zuen, Arraizek eta Ortuzarrek hedabideen aurrean azaldu zutenez. «Etorkizunaz hizketan» hasi ziren.

Bilkurak hilero egitea hitzartu zuten, Sortuko eta EAJko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez. Irailetik aurrera egin zituzten hurrenak: EAJren Bilboko eta Donostiako egoitzatan eta Sorturen Donostiakoan. Azkeneko bilera aurtengo otsailekoa izan zen. Martxokorako eguna jarria zuten, baina ordutegi arazoengatik lehenik eta eguna finkatzeko arazoengatik ondoren, egiteke geratu ziren. Europako maiatzeko hauteskundeen kanpaina heldu zen gero, eta ez dira batzartu.

Iazko uztaileko bileran parte hartutako lagunak izan dira partaideak. Sorturen kasuan Etxeberria bitan geratu da joateke, herriko tabernen auziko epaiketako saioengatik —auzipetuta dago—; Sortuk ez zuen beste inor bidali haren partez. Normalki, Arraizek eta Egibarrek finkatu izan dituzte eguna, ordua, tokia eta gai zerrenda. Biak Eusko Legebiltzarreko kide dira, eta kontu horiek lotzeko aukera eduki dute.

Arazoak

Duela urtebete «gutxieneko akordioaz» mintzatu zen Arraiz, «bide orriaz» Ortuzar. «Fase berriaz» Sortukoa, «etorkizunerako lurzoruaz» EAJkoa. Baketzeaz, normalizazio politikoaz eta erabakitzeko eskubideaz hitz egin zuten, besteak beste; dena den, «galdera gehiago egon ziren erantzunak baino». Bi indarrak bat zetozen Espainiako Estatuak jarrera itxia duela. Krisi ekonomikoaz ere jardun zuten, Ortuzarrek adierazi zuenez.

Bilerak aurrera joan ahala, ikusi zuten ez zela erraza izango akordioak lortzea. Nahiz eta komunikazio hariak ez izan etenda, urteetan egon dira biak tentsio politiko handian. Esate baterako, Aitor Esteban EAJko diputatuak duela hilabete batzuk adierazi zuen ez direla «elkar fio». «Gauza askotaz akordatu gabe aurpegira begiratzea falta zaigu oraindik», zioen. EAJ-Sortu bileratan, gai zerrendarekin hasi aitzin, aurreko batzarretik ordura arte elkarri egindako kritikez-eta hitz egiten zuten. «Faktura kitatze bat bezala zen», aitortu du parte hartzaile batek.

Jarrera aldetik beste fase batean sartu zirela aitortu bazuten ere, iazko abuzturako xextran zebiltzan buruzagi batzuk. Adibidez, Mediavillak bere blogean idatzi zuen ezker abertzaleak ez zuela bere bide orria garatu eta haren estrategian «akidura» nabari zela. «Heldutasunik eza» egotzi zion. Egibarrek lehenago esana zuen ezker abertzaleak ez zekiela zer egin presoekin. Permachek gogor erantzun zion Mediavillari Sortuko blogean: «Ulertezina iruditzen zait zinez, gure umeak zer ikasi behar duten Madrilek erabaki behar duenean, lan erreforma inposatu digutenean, pentsioen erreforma burutzera doazenean, gatazkaren konponbidean Rajoyk urrats txikiena ere egin ez duenean, eta Urkijo erregeorde lanak egiten ari den honetan, ezker abertzaleari egurra ematea izatea Mediavillaren artikuluaren zioa. Indarrak biltzea besterik ez zaio gelditzen herri honi. Hasi gaitezen norabide berri horretan lanean. Gu prest. Inori eta ezer itxaron gabe».

Metodologia

Bileretako metodologian saio bat egin zuten akordioak lortzeko, baina desadostasunak eduki dituzte. Alderdi jeltzaleak unean-unean atera dizkio gaiak Sorturi: euskal presoen urratsa, iraganaren irakurketa, biktimak, ETAren desarmatzea... Sortuk nahiago du elkarrizketari forma osoagoa ematea, eta haren baitan kokatzea ekinbideak. Elkarrizketa planteatzeko bi modu desberdin dira, beraz, eta ez dira ados jarri metodologian.

Edukietan ere, zailtasunak. Sortuk gatazkaren konponbidea zuen hizpide. EAJk ere bai, baina baita erakunde publikoetako gaiak ere, «eguneroko kontuak». Bi alderdiek elkarren aurkako eredu sozioekonomikoak dauzkate, eta ezinezkoa izan da oinarrizko akordioak lortzea. Kutxabanken aferan izandako eztabaida da horren adibide bat.

EAEko autogobernu lantaldearen sorreran ere izan zuten ika-mikarik, otsailean. Arraizen arabera, EAJko taldea, Egibar buru zuela, berekin ados jarri zen lantaldearen hastapeneko oinarriez, eta itun berriak «muga bakar bezala» herritarren erabakitzeko eskubidea jaso beharko luke. «Baina EAJ-PSE akordioaren bezperan, gauez, EAJkoek jakinarazi ziguten baliorik gabe geratu zela, PSErekin akordio bat egin zuela eta».

Urtebete honetan adostasun batzuk lortu izan dituzte, dena dela. Aurtengo urtarrilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioa baliogabetu ondoren, EAJk eta Sortuk, beste eragile batzuekin, Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopeko martxa deitu zuten Bilborako.

Mediavillak eta Barrenak aitortu dute borondatea daukatela uda ostean bilerei ekiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna