Albistea entzun

Maiatzaren Lehena. Euskal Herria

Borrokari eusteko deia langileei

ELAk eta LABek aliantzaren beharra nabarmendu dute, eragin ahalmena handitzeko. CCOOren eta UGTren ustez, austeritatea amaitu behar da, prekaritatea baitakar
ELAren manifestazioan, protagonismo berezia izan zuten Bizkaiko zahar etxetako langileek, 150 egunetik gora baitaramatzate greban
ELAren manifestazioan, protagonismo berezia izan zuten Bizkaiko zahar etxetako langileek, 150 egunetik gora baitaramatzate greban JAVIER ZORRILLA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri - Naiara Elola - Ekhi Erremundegi - Irune Lasa -

2017ko maiatzak 2 - Bilbo - Iruñea - Baiona

Langileriaren egoeraren latza soilik ez, egoera politiko eta soziala salatzeko ere balio izan zien atzo Maiatzaren Lehenak Euskal Herriko sindikatuei. Guztiek aipatu zuten krisiarengatik galdutako oinarrizko lan eskubide eta baldintzak berreskuratzeko kalera irten eta borrokarekin jarraitzearen garrantzia.

Bestalde, aliantzari buruzko aipamenak egin zituzten, bakoitzak bere aldetik, ELAko eta LABeko idazkari nagusiek. Adolfo Muñozen ustez, «premiazkoa da LABekiko lankidetza errealitate izan dadin, eta eragina izan dezan negoziazio kolektiboan, proposamen sozialetan eta prozesu subiranistan». Ainhoa Etxaidek kapitalari eta EAJri zentralitatea kendu behar zaiela esan zuen, eta, «garai berrirako ardatza» izango dela LABen eta ELAren artean osatzen ari diren bidea.

ELA

Politikan aritzeko eskumena

Sindikatuak Bilbon egin zuen Maiatzaren Leheneko manifestazio nagusia, eta hango protagonista nagusi izan ziren Bizkaiko zahar egoitzetako langileak. 150 egunean baino gehiagoan dihardute greban; hamalau hilabetean dirauen gatazka da zahar etxeetako langileena. Horregatik eman nahi izan zion garrantzi hori ELAk, gatazka amaitu ez bada, «emakumeak direlako» gertatzen baita, Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren arabera. «Zaintza lanak etxean zein soldatapean egin, emakumeengan pentsatuta antolatu dira; eta bazterkeria egoerak eskaintzen dira, emakumeek egiteko lanak direlako». Bizkaiko zahar etxeetako gatazkaren iturburua hor dagoela esan zuen, eta hori konponduz gero «agintarien eta patronalaren estrategia arriskuan» egongo delako, borrokari gogor eutsi behar zaiola aldarrikatu zuen.

Hain zuzen ere, politika botere ekonomikoaren zein patronalaren menpe dagoela salatu zuen Muñozek. EAJk PPren Espainiako aurrekontuak onartuko dituela aurreratu, eta jeltzaleak patronalak esaten duenaren menpe daudela esan zuen: «Espainiako aurrekontuak babesteko esaten dietenean, entzun bakarrik ez, jaramon egiten die! Diruaren menpekoak dira». Alde horretatik, ELAri politika egitea leporatzen dien mezuak kritikatu zituen, eta politika egiten segiko dutela aurreratu zuen: «Ez da alderdi politikoa izan behar politikaz iritzia izateko!».

Iruñean egindako mobilizazioan, bestalde, Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko arduradunak sindikatuaren autonomiaren alde egin zuen, eta adierazi aldaketa politikoaren ostean «aldaketa soziala ere» behar dela: «Gauzatuko den aldaketak benetakoa eta ausarta izan behar du; ezin dira alde batera utzi aberastasunaren banaketaren eta prekaritatearen inguruko eztabaidak». Horregatik, prekaritatearen aurka lan egiteko deia egin zuen.

LAB

Euskal estatua aldarri

Sindikatuko idazkari nagusi gisa, atzokoa azken Maiatzaren Lehena izan zuen Ainhoa Etxaidek, eta Sabin Etxearen atarian egindako hitzaldian «EAJren hirugarren iruzurra» salatu zuen, nahiago izan duelako «PPren gobernuarekin negozioa egin, erabakitzeko eskubidea behingoz ziurtatzeko akordio politikoak egin beharrean». Etxaideren arabera, orain da euskal estatu bat eratzeko momentua, «errealitatea transformatzeko».

LABeko idazkari nagusiaren ustez, «kapitala nagusi den garaietan bizitzea tokatu zaigu», baina, Etxaiden arabera, «Euskal Herrian kale borroka bizirik dago, eta klase borroka antolatzeko helburua duten sindikatuak» indartzen ari dira.

Iruñean, berriz, Igor Arroyok aldaketa soziala sakontzeko beharra azpimarratu zuen, eta patronalaren nahietara gehiegi moldatzea leporatu zion Nafarroako Gobernuari.

Baionan LABek hileta bat eszenifikatu zuen, politika sozialak «baztertuak» direla salatzeko. «Gure lurraldean sozial arloan izan diren diruztatzeen apaltzeak, egituren itxierak eta lanpostu murrizketak salatzen ditugu», adierazi zuen Barek Abdennouri LABeko kideak. Hilkutxa bat eskuan, Departamentu Kontseilu aitzineraino egin zuten martxa, eta han utzi, lore sorta batekin, «sozialaren heriotza» erakusteko. Halaber, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak euskal estatu baten sorrera aldarrikatzeko ere baliatu du LABek. «Katalunia Espainiako Estatutik deslotzen ari da, kanariarrek ere 2018an eginen dute independentziari buruzko erreferenduma, eta, beraz, guk pentsatzen dugu Euskal Herrian ere hau dela bidea, eta euskal estatu bati buruz joan behar dugula», adierazi zuen Eñaut Aramendi LABeko koordinatzaileak. Frantziako hauteskundeen bi itzulien artean, Le Pen eta Macronen hautuak gaitzetsi zituen: «Badakigu batekin ala bestearekin erreformak izanen direla; deus onik ez Euskal Herriarentzat».

UGT-CCOO

Garai ilunenak ahaztu ezin

Aurreko urteetan bezala, batera atera ziren Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean CCOO eta UGT sindikatuak. Ehunka lagunek egin zuten bat bi sindikatu horien deialdiekin. Bilbon, lan prekaritatea amaitzeko eskatu zuten, besteak beste. Iruñean, enplegu duina eta babes soziala aldarrikatu zituzten.

Iruñeko amaiera ekitaldian, Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusia izan zen hitza hartzen lehena. Langileen eskubideek «nabarmen» egin dutela atzera salatu zuen: «Eskubideetan horrenbeste egin dugunez atzera, duela 115 urteko aldarrikapenek indarrean jarraitzen dute, tamalez». Lan erreforma bertan behera uzteko asmoz, oraindik, Espainiako Kongresua ados jarri ez izana gogor kritikatu zuen. Gainera, Nafarroan krisi ekonomikoaren eraginez galdutako 50.000 lanpostuetatik 20.000 oraindik berreskuratu gabe daudela oroitarazi zuen.

Bestalde, Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak salatu zuen kide guztiak langabezian dituzten Nafarroako familiak iaz baino 600 gehiago direla. «Krisia zapaldutako sektoreetan tematu da bereziki, eta ezinbestekoa da kalitatezko enpleguaren, soldata justuen, pentsio duinen eta babes sozialaren alde lanean jarraitzea». Espainiako Gobernua gogor kritikatu zuen, langileen eskubideen alde «inolako aurrerapausorik» egiten ez duelako. Azken asteetan izan diren eztabaidak direla eta, Nafarroako Gobernuari sindikatuekin «malgutasuna eta elkarrizketarako gaitasuna» lantzeko eskatu zion, Polizien Legea adostu ahal izateko.

Antzera mintzatu ziren, Bilboko manifestazioa hasi aurretik, Euskadiko CCOOko buru Unai Sordo eta Euskadiko UGTko idazkari nagusi Raul Arza. Sordoren irudiko, «ez dago inolako aitzakiarik murrizketak inposatzeko abian jarri dituzten politiken norabidea ez aldatzeko». Gainera, aberastasuna «hobeto banatzeko» beharra nabarmendu zuen: «Ez da garapen iraunkorrik izango, errentaren banaketa zuzenik ez badago».

Bestalde, Raul Arzak babes sozialean jarri zuen fokua, batez ere. Iñigo Urkullu buru den gobernuari, diru sarrerak bermatzeko errentarekin duen politika aldatzeko eskatu zion. Ea berean, oso kezkatuta azaldu zen pentsio sistemak izan dezakeen etorkizunarekin.

CGT-FSU-BIZI-CFDT

Eskuin muturraren kontra

Berezia izan zen aurtengo manifestazioa Baionan. Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bi itzulien erdian, Fronte Nazionala boterera iristeko «arriskuak» markatu baitzituen sindikatuen ohiko aldarrikapenak. CGT eta LABen arteko giroa baretuta, dagokion lekuan egin zuen manifestaldia sindikatu abertzaleak, besteekin batera Baionako geltokitik abiatuta. Hala ere, manifestazioa bitan zatitu eta bakoitzak bere ibilbidea egin zuen. Batetik, CGT, FSU, Bizi eta CFDT, eta, bestetik, LAB, Solidaires eta kolektibo anarkistak.

«Macron, El Khomri eta bestelako legeen deuseztatzea eskatzen dugu, lege horien kontrako borrokan segitzen baitugu oraindik», adierazi zuen Carl Andre CGTko arduradunak, eta Fronte Nazionalari aurre egitea ere lehentasuna bat dela argi utzi: «Gaur, guziek eskuin muturreko ideien kontra manifestatzen dugu». Azaldu duenez, CGTk ez du bozka konsignarik emanen, haatik, barne mailan «garbiketa» egiten dutela jakinarazi zuen. «Ez dugu Fronte Nazionalaren alde bozkatzen duen edo eskuin muturreko ideiak zabaltzen dituen nehor nahi gurekin».

Era berean, «faxismoaren eta politika antisozialen» aurka egin zuen manifestazioa Bizi-k. «Guk aldarrikatzen duguna da egunero borrokatu behar direla, mobilizatuz», adierazi zuen Anaiz Agirre Bizi-ren bozeramaileak. Hauteskundeetarako boto kontsignarik eman gabe, Fronte Nazionalari aurre egitera deitu zuen. «Ipar Euskal Herrian, Frantziako emaitzei konparatuta, Fronte Nazionala askoz ere apalago da, %12 inguru, eta asteburu honetan berean 15.000 pertsona ibili dira Gernikara errefuxiatuen alde; beraz, argi da lurralde honetan badela nahikeria bat ideia horien kontra borrokatzeko».

STEILAS-ESK-CNT-CGT

Kalera ateratzearen garrantzia

Steilasek eta ESK-k batera egin zuten Maiatzaren Leheneko manifestazioa, Bilbon. Steilaseko Ana Perezek kalea aldarrikatu zuen, «inoiz baino garrantzitsuagoa» delako kalera ateratzea, haren ustez. «Irabazitako eskubideak galtzen ari gara, eta sortzen diren lanen %95 prekarioak dira». Horregatik, lan baldintza horiek bideratzeko kalera atera behar dela esan zuen, «krisian batzuek ez baitute ezer galdu, langileek galdutako eskubideen bizkar lortu dituztelako eurek irabaziak». Iruñean, bestalde, Steilas eta ESK CNT, CGT eta Solidari sindikatuak batera atera ziren kalera, eta aldaketa soziala ere aldarrikatu zuten politikoaz gain.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Patronalak jarrera aldatu ezean, gatazka gehiago etorriko dira»

Xabier Martin

Lan erreforman kaleratzeen edukiak aldatzen ez badira ezetz bozkatzeko eskatu die euskal alderdiei Aranburuk. Inflazioa dela eta, LABek KPI osoa exijituko duela ohartarazi dio patronalari.
Pentsiodunen manifestazioa Gasteizko erdigunean, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Pentsiodunek gogorarazi dute eutsi egiten dietela aldarrikapenei

Aitor Biain

Manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan. Lau urte dira kaleko mobilizazioei ekin zietela

 ©JON URBE / @FOKU

Inflazioa %6,5 dela amaitu da urtea, euroaren aroko mailarik garaienean

Iker Aranburu

Argindarraren prezioak abenduan izandako azken garestitze handiak bizkortu egin du inflazioaren gorakada. Soldata itunduak halako sei igo dira prezioak, eta zaila izango da aurten berreskuratzea

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, artxiboko irudi batean. ©ZIPI / EFE

Autonomoen kotizazioak 184 eta 1.267 euro artekoak izatea nahi du Madrilek

Aitor Biain

Kotizazio sistema berria diru sarreren araberakoa izatea proposatu die eragileei. Sistema datorren urtean jarriko litzateke martxan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.