Albistea entzun

EAren kongresua. Eztabaida

EH Bildu bai, baina nolakoa

EAren hiru aste barruko kongresurako ildo ofizialak, alderdia indartu nahi izateaz gain, koalizio barruan independenteen sarrera proposatu du; kritikoek batik bat lau indar politikoen EH Bildu izatea nahi dute
EAko kargudun eta kargudun ohi ugari, 2012ko urrian, Donostian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bildu koalizioari babesa emateko.
EAko kargudun eta kargudun ohi ugari, 2012ko urrian, Donostian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bildu koalizioari babesa emateko. JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2017ko maiatzak 13

Hiru aste barru egingo du EAk XII. kongresua, ohikoa —ekainaren 3an eta 4an, Donostian—, eta, ematen duenez, EH Bilduren eraketa berri posiblearen aurrean dauden bi ildoen artean hautatu beharko dute 320ren bat konpromisarioek. Pello Urizar idazkari nagusiak ordezkatzen duena da ildo ofiziala, eta Unai Ziarreta alderdiko presidente ohiaren eta Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotzi eta Udalbiltzako lehendakariordearen ingurukoa da beste ildoa, zuzendaritzarekiko kritikoa. Bi ildoek diote, hasieratik: desadostasuna ez da EH Bilduren proiektuari buruzkoa, biek jotzen baitute estrategikotzat hauteskundeetarako, justizia sozialerako, bakerako eta prozesu subiranistarako; koalizioan alderdi politikoek eta independenteek izan beharreko pisuaz dauzkate ikuspuntu desberdinak. Funtsean, EH Bildu «zabaldu» nahi dute kritikoek, baina «indar handiena» alderdiek izanik; ildo ofizialak, EA «indartuz», koalizio «irekiagoa» nahi du, herritar independenteei erabakiguneen ateak zabalduz. Lopez de Aberasturik-eta txostenei zuzenketak egin dizkiete, eta iragarri dute zuzendaritza talde bat aurkeztuko dutela. Urizarrek oraindik ez du esan berriro aurkeztuko denik idazkari nagusi izateko —2009tik dago—; biltzarraren bezpera arteko epea dauka hautagaitza jakinarazteko.

Sorrerako irizpideari jarraikiz, oraindik nagusiki Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba alderdi politikoen koalizioa da EH Bildu. Bakoitzak du bere kuota: EAEn %60ko portzentajea du Sortuk, %20koa EAk, %13koa Aralarrek eta %7koa Alternatibak; eta Nafarroan, %45ekoa Sortuk, %30ekoa EAk eta %25ekoa Aralarrek —Nafarroan ez dago Alternatiba—. Oro har, horrela banatu izan dituzte, malgutasunak malgutasun, bozetako zerrendetako ordena eta hautagai kopuruak, baliabide ekonomikoak, zuzendaritza organoetako ardurak eta kideak, beste foro batzuetakoak... Independenteak ere sartu izan dituzte hauteskunde zerrendetan, eta, alderdi jakin bateko afiliatua ez den arren, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak parte hartzen du EH Bilduren zuzendaritza nagusi Mahai Politikoan —aldiz, lehen Laura Mintegi EAEko lehendakarigaiak, ez—, baina erabakia, funtsean, lau alderdiek eduki dute orain arte. Hainbat eragilek koalizio parte hartzaileago bat eratu nahi dute orain. EAko multzo esanguratsu batek desadostasuna agertu du, alderdiek indarra nabarmen galduko luketela iritzita.

EH Bilduk datorren ekainaren 17an egingo du bere I. kongresua. Alderdietan ez dauden herritarrak koalizioan txertatzeko proposamena dator txostenean, eta, horretarako, bilkide figura sortu nahi dute. Alderdi politikoetako afiliatuek ere bilkide izateko aukera lukete. Beste proposamen batek dio hauteskundeetarako, «instituzio nagusien» kasuan —Europako Parlamentua, Espainiako Kongresua eta Senatua, EAEko eta Nafarroako legebiltzarrak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak—, hautagaien %50 EH Bilduko Alderdien Mahaiak izendatuko dituela, eta beste %50 —horien artean, zerrendaburuak— bilkideek aukeratuko dituztela, barne hauteskundeen bitartez.

Zuzendaritza organoetako osaeraz ere badator alerik: alderdiek ordezkari bana izango lukete Hego Euskal Herriko nahiz herrialdeetako zuzendaritzetan, eta ordezkarion batura, gehienez, zuzendaritzaren erdia izango da. Horri buruz ere desadostasuna azaldu dute EAko kritikoek. Bilkideek euren batzarretan hartuko lituzkete erabakiak, eta batzarraren formulak kezka eragin die EAko kritikoei, modu horretara ere «aniztasunaren galera bat» gertatuko dela iritzita, beti joera batekoak nagusitu daitezkeelakoan.

Lopez de Aberasturiren-eta ustez, EAren kongresutik EH Bildurenera tarte txikiegia dago, eta, bestalde, alderdiko afiliatuek ez dute koalizioaren biltzarrera begira parte hartzeko modurik izan. Urizarren taldeak dio gai horiez EAren organoetan hitz egin dela, ohi bezala; esate baterako, kongresuen arteko organo gorenean: Batzar Nazionalean —150 ordezkarik osatzen dute—. «Barne demokrazia» eskatu dute kritikoek; ildo ofizialak esan du zuzendaritzak beti bete duela estatutuek esandakoa, eta, halaber, gogoratu du EH Bilduren Mahai Politikoan badirela EAko talde kritikoko kideak ere.

Aurretik datorren afera

Dena dela, EAko afera hau ez da oraingoa. 2015erako, behintzat, bazen ikuspuntu desberdinik han.

2008an EAJrekin zeukan lehentasunezko harremana utzi , eta berehala polo subiranista aldarrikatu zuen EAk, Ziarreta zela buru. 2010ean, ezker abertzalearekin Lortu arte akordioa sinatu zuen. Nahikoa azkar Alternatibarekin ados jarri ziren, eta 2011ko udal eta foru hauteskundeetan, Bildu koalizioa osatuta, emaitza ikusgarriak lortu zituzten; besteak beste, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu ardurak hartu zituzten. Ondoren, Amaiurren eta EH Bildun, Aralarrekin bat egin zuten. 2015eko udal eta foru bozetan emaitza apalagoak izan zituzten —Donostia eta Gipuzkoa-eta galduz—, eta koalizioa ireki beharraz mintzatzen hasi ziren EH Bilduko ordezkari batzuk. EAn sortu zuen horrek kezkarik, eta, orain kritiko deritzenek eskatuta, zuzendaritzak ezohiko kongresu batera deitu zuen iazko ekainaren 11rako, Bilbon. EAk orduko apirileko bere aldizkarian zioen koalizioak, lorpen handiak izateaz aparte, eduki zituela «zailtasunak» eta «akatsak», «puntxa» galtzeraino, eta aitortu zuen azkeneko urteetan «aldatu» egin zirela «hiritarren parte hartzeko moduak».

Eusko Alkartasuna XXI. mendean. Lerro politikoa etorkizuneko erronketara egokitu beharra izan zen ezohiko kongresuaren leloa. Txosten politikoa onartzea zuten eginkizun. Onartzeke geratu ziren, zati batean ez zirelako ados jarri: EH Bilduko funtzionamenduari buruzkoan. Alderdien kuoten auzia atera zen mahai gainera, eta zuzenketa batek, koalizioko «alderdien arteko aniztasunari errespetua» eskatzeaz gain, hori bermatzeko «neurri zehatzak» eskatu zituen. Izan ere, talde batek uste zuen koalizio barruan presentzia galtzen ari zela EA. Kritikoek BERRIAri esan diote zuzenketa haren bozketa irabazi egin zutela; ildo ofizialak, berriz, puntu horretan ez zela adostasunik izan.

Batzar Nazionalak

EAk iazko abenduaren 1ean egindako Batzar Nazionalean erabaki zuen XII. kongresua datorren ekainaren 3an eta 4an egitea. Txostengile taldea hautatu zuten, eta urte honen hasieran ekin zioten biltzarraren faseari. Dokumentu politikoa otsailaren bukaeran pasatu zieten afiliatuei, eta apirilaren amaiera arteko epea izan zen zuzenketak egiteko. Martxo hasierarako hautatuak zituzten kongresuko konpromisarioak, eta martxoaren 8rako beste Batzar Nazional bat deitu zuen zuzendaritzak. EH Bilduren estatutuez ere mintzatu ziren, baina ordurako kritikoak forma bat hartzen hasiak ziren, afiliatuen 500 sinadura pasa lortuta, eta batzarrean eskatu zuten ez bozkatzea koalizioaren estatutuei buruzkoa; EAko kongresua igaro arte itxaroteko ere eskatu zuten. Zuzendaritzak estatutuen gaia ez zuen eraman bozketara, baina EH Bilduren kongresuaren prestaketa lanek aurrera jarraitu zuten. Dena dela, koalizioaren biltzar horri buruzko kontuak ez ziren berriak EAn ere; EH Bilduren Mahai Politikoak, izan ere, iazko udan erabaki zuen «behingoz» heltzea gaiari, eta aurtengo urte hasieran finkatu zuten kongresuaren data. Hala, EAko ildo ofizialak azpimarratzen du urrats guztiak alderdiko organoen abala dutela, eta, orobat, esaten du alderdiko kongresuko faseak normaltasunez bete direla.

Sortuk, EAk, Aralarrek eta Alternatibak joan den apirilaren 1ean sinatu zuten, Iruñean, EH Bildu «berritzeko» konpromisoaren akordioa; «identitate propiodun subjektu» bihurtzeko bideari ekin zioten. Apirilaren 25ean 300en bat kidek batzar bat egin zuten, Donostian, kongresuko eztabaidari hasiera emateko. «Koalizio baten forma, alderdi baten egitura eta mugimendu baten izaera» izan nahi du EH Bilduk, proposamenak dakarrenez. Apirilaren 25ean bertan Vocento hedabide taldean Koldo Amezketaren eta EAko beste kritiko batzuen iritzi artikulu bat argitaratu zen; kezka agertu zuten alderdien pisu galeraz eta koalizioa «alderdi bakar» bihurtzeko aukeraz. Lehengo igandean kritikoek iragarri zuten plataforma bat eratu dutela, eta azkeneko egunetan Lopez de Aberasturik jakinarazi du zuzendaritzarako zerrenda «integratzailea» aurkeztuko dutela. Primarioak eskatu dituzte, baina proposamen hori ez da hiru aste barruko biltzarrerako, haien esanetan.

Epeak

Kopuruak zehazteke eta alderdien pisuari eutsiz, kritikoak ados daude EH Bildun independenteak sartzearekin; «formulak bilatu beharko dira». Ildo ofizialaren aburuz, XXI. mendean parte hartzearen eredu klasikoak agortuxe daude eta alderdietan ez dagoen jendeari ateak ireki behar dizkio koalizioak; «2010. urteko egoerak bertigo handiagoa sorrarazten zigun EAkooi, legez kanporatzeko aukera hor zegoelako, adibidez». Bestetik, Urizarren taldeak esaten du EH Bildun Alderdien Mahaia sortuko dela —«hortik pasatuko dira oinarrizko gauzak»— eta alderdietako afiliatuek ere bilkide izateko aukera izango dutela.

Bi ildoek uste dute irabazi egingo dutela. Hiru aste barru ikusiko da. Kritikoak gailenduko balira, hamahiru egunera EH Bilduren kongresuarekin topatuko lirateke; lehen neurri gisa, ziurrenik ekainaren 6ko Mahai Politikora eramango lukete gogoetaren eta proposamenen bat. Berez nahiko luketena da koalizioaren biltzarra uda ostean egitea, baina urte honen hasieratik dago data jarria.

Ekainaren 3an eta 4an hitzordu garrantzitsua izango du EAk Donostian, EHUko Barriola eraikinean. Nolako EH Bildu nahi duten erabakiko dute. Lehen eguna —larunbata— luze joango da, eztabaida saioekin, zuzenketa batzuen balizko transakzionalekin eta besteen bozketekin. Igandean, osoko bilkura: alderdiaren txosten politikoaren eta estatutuen bozketak, eta zuzendaritzarena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

HBko kideei bidalitako bonben auzia ikertzea galdegin du Artolazabalek

Edurne Begiristain

Gertakarien sekretu ofiziala kentzeko eskatu du Jaurlaritzako Justizia sailburuak. EH Bilduk biktimen artean mailaketak egitea egotzi dio

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Dudouetek uste du euskal prozesua «berritzailea» eta «inklusiboa» izan dela, aldebakarrekoa ez ezik: «Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat». Itxaropenez egiten die so azken aitzinamenduei.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna