Albistea entzun

Erresuma Batua. Atentatua Manchesterren

Izua, nerabeen elkargunean

Manchester Arena estadioan 22 lagun hil eta 59 zauritu ditu ustezko suizida batek, Ariana Grande kantariaren kontzertutik atera berritan. Estatu Islamikoak hartu du bere gain atentatua
Herritar askok parte hartu zuten atzo Manchesterren atentatua salatzeko egin zuten elkarretaratzean.
Herritar askok parte hartu zuten atzo Manchesterren atentatua salatzeko egin zuten elkarretaratzean. ANDY RAIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko maiatzak 24

Ariana Granderen kontzertuaren amaiera, herenegun gauean Manchesterren. Abeslari estatubatuarrak gazte, nerabe eta umeen masak mugitzen ditu, eta kontzertu horretarako ere aspaldian zeuden sarrerak bukatuta. Kantaria entzun eta goratu ostean, argiak piztu eta joaten hasiak ziren 21.000 jarraitzaileetako batzukManchester Arenatik. Ateratzen ari zirela harrapatu zituen burrunba batek ezustean. Kanpotik iritsi zitzaien zartada, lekukoek kontatu dutenez: lurrikara bat bezala sentitu zuten, hots gorgarri bat, eta, horren ostean, dena zen kaosa, dena izua, nondik atera ezin asmatu, estropezuka jende oldean. Kanpoan zeuden senideetako asko zain. Artistaren CDak eta produktuak saltzen ari ziren gunetik gertu lehertu zen suizida bat, Poliziak atzo lehen orduetan esan zuenez; etxean egindako lehergailuen gerriko bat zartarazi zuen, estadioaren kanpoan, 22:35ean (23:35 Euskal Herrian). 22 dira hildakoak, eta 59 zaurituak.

Ospitalera eraman zituztenen artean hamabi dira 16 urtetik beherakoak. Ez dago argi bonbaren ondorioz hil ziren denak, edota kaosaren eraginez batzuk. Atzo, oraindik ere nahasia zen informazioa, eta hildakoen izen-abizenak ematen hasi ziren tantaka-tantaka. Lehenengo biak, 18 urteko eta 8 urteko neskak.

Bezperan desagertu ziren seme-alaben bila zebiltzan atzo oraindik hainbat senide, sare sozialetan eta informazioa emateko propio jarritako lekuetan. Izan ere, estadiotik atera ostean, etxera itzuli ezinik geratu zirenak hoteletan eta herritarren etxeetan hartu zituzten. Sakelakoak eta dena utzita atera ziren asko eta asko atentatuaren gunetik, eta zaurituak hiriko zortzi ospitaletan banatu zituzten. Anbulantziaz josi zen lekua, eta hantxe ere artatu zituzten zauri arinak eta estutasunak jota zeudenak. Gau osoa nahasmendu horretan igaro zen.

Atzo, berriz, poliziaz inguratuta zegoen eremua. Estadiotik gertu dagoen Victoria geltokiko tren zerbitzua geldiarazi zuten, eta zentroko errepideak itxi, ikertzen jarraitzeko. Poltsa susmagarri bat ere leherrarazi zuten poliziek inguruan: arropa zaharra zeukan poltsak. Eguerdian, 23 urteko gazte bat atxilotu zuten Manchester hegoaldean, Poliziaren arabera, hiltzailearekin zerikusia duelakoan. Manchester inguruan hainbat etxe miatu zituzten polizien talde bereziek.

Ustezko hiltzailea

Arratsaldean jakinarazi zuten ustezko hiltzailea nor den: Ian Hopkins Manchesterko poliziaburuaren arabera, Salman Abedi 22 urteko gaztea da suizida, baina ez zen estadioaren kanpoan lehertu, Erresuma Batuko komunikabideek diotenez, estadioko korridore batean baizik, lehen kontrol bat igaro ondoren, poliziek arreta ateratzen ari zen jendearengan jarria zutela baliatuz. Manchesterren jaioa da Abedi, eta senideak errefuxiatu libiarrak ditu, Muammar Gaddafiren garaian alde egindakoak.

EI Estatu Islamikoak hartu du bere gain erasoa: «Kalifa herriaren soldadu batek hainbat bonba pakete» jarri dituela esan zuten, baina ez dute mezuaren benetakotasuna baieztatzerik izan. Oharraren arabera, «datorrena gogorragoa izango da, sakonagoa, gurutzearen gurtzaileen eta haren aliatuen kontra». Hori dela eta, larrialdi egoeraren bigarren maila ezarri dute, polizien eta segurtasun indarren neurriak areagotuz —lehenengo maila berehalako ekintza egon daitekeelako ziurtasuna dutenean jartzen dute—. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ere «ekintza terroristatzat» jo du, eta ikertzen ari dira bakarrik edo taldean egindako ekintza izan den, edota laguntzailerik izan ote zuen.

Atzo goizean Erresuma Batuko Gobernuak premiazko bilera egin zuen Polizia eta informazio zerbitzuetako buruzagiekin batera, ikerketaz hitz egiteko, eta, hartu beharreko neurriez. Gauean ere beste bat egitekoak ziren. Bileraren ostean, batasuna eta elkartasuna goraipatu zituen.

Mayrentzat argi dago zein izan den atentatuaren helburua: «Ekintza koldar eta bihozgabea da, familia gazteak zigortu nahi dituena», eta horren aurka erantzun behar da: «Indarkeria elikatzen duen ideologia gainditu behar da, eta errudunak justiziaren aurrera eraman. Poliziak eta segurtasun indarrek behar dituzten baliabideak izango dituzte». Manchesterren ez ezik, Erresuma Batuan segurtasun neurri ezohikoak hartu dituzte. «Herritarrek polizia gehiago ikusiko dituzte egunotan kaleetan».

Frantziak ere neurri bereziak iragarri ditu kultura eta kirol ekintzen inguruan, Europako beste hainbat herrik bezala, Europan izandako azken atentatuen ostean egin ohi duten gisan. Terrorismoaren kontra herrien arteko lankidetza are gehiago sustatzeko ahalegina ere agindu dute. Hain justu bihar dute bilera NATOko aliatuek defentsa gastuez hitz egiteko —Donald Trumpek Europako herritarrei diru gehiago jartzeko eskatuko die—, eta Estatu Islamikoaren kontrako borroka bateratuaz hitz egiteko. Bileran garrantzi berezia izango du gertaeron ostean.

Herrialde anitzetatik iritsi zaizkio Theresa Mayri doluminak. Munduko herrialde askotako agintariek azaldu dute gaitzespena, eta denek bat egiten dute Estatu Islamikoa borrokatzeko neurri gehiago hartuko dituztela.

Erresuma Batuan 2005etik izan den atentaturik larriena da —Londresen 52 lagun hil zituzten 2005ean, eta 700 bat zauritu—. Azkena duela bi hilabete gertatu zen, hiriburuan hori ere: sei hildako izan ziren, tartean suizida.

Herritarren erantzuna

Manchesterren, biktimen omenez lore eskaintza egitera atera ziren atzo herritarrak, eta jende guztiaren jarrera txalotu nahi izan zuen Mayk: «Esker ona azaldu nahi diet Poliziari, informazio zerbitzuei, medikuei eta erizainei, eta baita laguntzen aritu ziren herritar guztiei ere. Tragediaren aurrean sekulakoa izan da mobilizazioa». Hildakoen eta familien ondoan dagoela esan zuen, «herritar guztiak bezala. Negar egin diezaiegun hildakoei, eta ospa dezagun laguntzen aritu ziren guztien balentria».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aita santu emeritua, Regensburgen, Alemanian, 2020ko ekainean. / ©PHILIPP GUELLAND, EFE

Municheko artzapezpiku zela abusuen aurka ezer egin ez izana egotzi diote aita santu emerituari

Arantxa Elizegi Egilegor

Joseph Ratzingerrek lau sexu abusuren berri izan zuen, artzapezpiku zela. Abokatu talde batek egin du ikerketa, artzapezpikutzak berak eskatuta. Gerraostetik 2019ra arte salatutako abusuak jasotzen dira bertan.

Gizon bat tabberna bateko ataria garbitzen, Vienan, iazko azaroko itxialdiaren hasieran. / ©CHRISTIAN BRUNA, EFE

Otsailetik aurrera, Austriak 3.600 eurorainoko isuna jarriko die txertatuta ez daudenei

Arantxa Elizegi Egilegor

Parlamentuak gaur bozkatuko du lege proposamena. Otsailaren 1etik aurrera, txertatzera derrigortuta egongo dira 18 urtetik gorako herritarrak.

 ©ANGEL MADINA G. / EFE

«Deskolonizazioaz ari ote garen argitu behar du NBEk»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Nazioartearen babespean» ezkutatzea leporatu dio Arabik Espainiari. Polisarioko kidearen esanetan, Madrilek «erantzukizun politiko eta juridikoa» du gatazkan.
Erizain bat Covaxin txertoaren dosiak eskuetan dituela, Bangaloren, Indian. / ©JAGADEESH NV / EFE

5.200 miliioi dolar eskatu dituzte COVAX programarako

Arantxa Elizegi Egilegor

Nazioarteko egitasmoak mila milioi dosi banatu zituen iaz herrialde pobreetan. Aurten beste hainbeste egitea dute helburu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.