Klima aldaketa. COP21 goi bileraren ondorena. Anil Markandya. IPCCko zientzialaria

«Bideari ekin diogu; lorpen handia da hori niretzat»

Parisko akordioarekin baikor agertu bada ere, Markandyak ohartarazi du hitzemandakoa baino gehiago egin beharko dutela herrialdeek helburua betetzeko: bi graduak ez gainditzea.
WWW.JLARREA.COM / BERRIA

Jone Amonarriz -

2015eko abenduak 15
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko zientzialaria eta euskal zentro BC3ko zuzendari zientifikoa da egun Anil Markandya (Lahore, India, 1945). Ingurumen ekonomia eta baliabideak, eta klima aldaketa ditu ikerketa lerro nagusi, eta 40 urte baino gehiago daramatza bertan murgilduta. Mundu osoan prestigio handiko aditua da, ahokulari lanak egindakoa, besteak beste, Europako Batasunean. Ikusminez erreparatu dio Parisko goi bilerari, eta BERRIAri akordioaren analisi pertsonala egin dio.

Zer iritzi duzu Parisen lortu duten akordioaz?

Lehen aldiz adostasun bat lortu dugu. Klima aldaketari eta munduko tenperaturaren igoerari erantzuteko, berotegi efektuko gasen isurketa nabarmen gutxituko duen hitzarmena sinatu dute. Oso urrats garrantzitsua da. Baina hasiera besterik ez da. Izan ere, hitzarmenaren ostean, gaurtik hasita, lan handia egin beharko dute datorren mendeari begira. Eta, noski, ez dakigu zenbateraino izango diren eraginkorrak.

«Munduko garaipen diplomatikorik handiena» al da, hainbat hedabidek izendatu moduan?

Uste dut hori pixka bat puztea litzatekeela, baina, seguruenik, orain arte izandako lorpenik handienetakoa da, badirelako herrialdeak klima kontrolatzeagatik galtzeko asko daukatenak, petrolioaren menpe dauden horiek, adibidez. Petrolioa erabiltzeari uztea, adibidez, galera izugarria litzateke herrialde horientzat, eta, hala ere, onartu egin dute neurriak hartzea ezinbestekoa dela. Alde horretatik, nabarmentzeko moduko garaipena da.

Kopenhaguen 2009an lortu ez zena bost urte geroago lortu da. Zergatik orain?

Bi arrazoirengatik. Batetik, orduan baino gehiago arduratzen gaituelako klima aldaketak. Muturreko gertakari gehiago ditugu begien bistan, eta arazoaren gordintasuna nabariagoa da. Bestetik, oso garrantzitsua da kontuan hartzea Kopenhaguen saiatu ginela legezko konpromiso baten bidez lortzen akordioa. Herrialde bakoitzak bere konpromisoa hartu behar zuen jomugan urte bat jarriz, eta iraganeko data batekin alderatuz. Oraingoan, beste modu batera planteatu da. Goi bileraren atarian herrialdeei galdetu diete: «Zenbat uste duzu egin dezakezula?». NBEk erantzunak bildu ditu eta, herrialdeen konpromisoak kontuan hartuta, iragarri du helburua betetzeko neurri zorrotzagoak hartu behar direla.

Tenperatura bi gradu ez berotzeko langa aipatzen du testuak, baina igoera gradu eta erdira jaisteko ahalegina egin beharra nabarmentzen du. Posible ikusten duzu, gaur-gaurkoz, gradu eta erdiko muga hori ez gainditzea, edo ezinezkoa da jadanik?

Zaila ikusten dut baita bi graduren langa hori errespetatzea ere. Goi bileran izan direnen promesak betetzen badira, esandako guztia egiten badute, tenperatura 2,7 gradu berotuko da mende amaierarako. Hori ondorioztatu du NBEk. Hitzemandakoa baino gehiago egin behar dugu bi gradukoa izan dadin, eta gradu eta erdira jaisteak are gehiago eskatuko luke. Kontuan hartuta zenbat egin beharko litzatekeen, nik neuk, ez dut uste helburu hori betetzea posible izango denik. Datorren urtean karbono isurketak murrizten hasi beharko genuke; hori nekez gertatuko da.

Promesak beteta ere ez balitz helburua beteko, zergatik halako baikortasuna?

Kontua da, ez balute ezer ere egingo, eta orain arteko martxarekin jarraituko balute, tenperatura lau gradu igoko litzatekeela, edo beharbada bost gradu. Hitzarmenean sinatutakoarekin zenbaki hori 2,7raino ere jaits daiteke. Hori lorpen handia da. Sentitzen dut garaipen bat dela, bidean gaudela ikusten dudalako; munduko tenperatura bi gradura jaisteko ahaleginen bidean. Hurrengo urratsa da 2018an berrikustea eta aztertzea konpromiso horien betetzea. Eta ondoren, adibidez, energia berriztagarriak merkatu egiten badira, herrialdeek esango dute: «Ados, orain pixka bat gehiago egin dezakegu». Eta horrela, beharbada, noizbait lortuko dugu igoera bi gradura mugatzea. Bidea hasi besterik ez da egin. Baina bideari ekitea lorpen izugarria da.

2050erako berotegi efektuko gasen isurketa %70 gutxitzeko helburua eta mundua karbono gabetzea ezabatu egin dituzte azken akordiotik. Ez al da atzerapen handia?

Atzerapausoa bada, ondo legokeelako bi puntu horiek ere akordioan txertatzea. Eta horregatik, besteak beste, ez nago hain baikor. Egia da, ordea, herrialdeak urduri daudela datorren urtean bertan egin dezaketen horretan pentsatzen. Nahikoa promesa egin dituzte dagoeneko.

Promesa horiek betetzen dituzten ala ez berrikusteko, bost urtean behin akordioaren nondik norakoak aztertuko dituzte. Munduaren norabidea zuzentzeko balioko du?

Baietz uste dut. Lehen berrikustea 2018an izango da, eta, hortik aurrera, bost urtean behin egingo dituzte. Izandako bilakaera neurtzeko aukera izango dugu bost urtean behin; munduko ordezkari guztiak bilduko dira, eta erabakiko dute zer gehiago egin dezaketen gaurko erronka bihar errealitate egiteko.

Zeintzuk dira IPCCko zientzialarien erronka nagusiak datozen urteei begira?

Asko dira. Munduan bilioika dolar, euro, eta diru inbertitzen da. Diru hori inbertitzean, baita Euskal Herrian bertan ere, ?errepideak, autoak, etxeak... egiten direnean?, kontuan hartu behar dugu ahalik eta gutxien kutsatu behar dugula. Politika guztiek erreparatu behar diote irizpide horri, eta kontuan hartu behar dute ezinbestean. Ekonomiako sektore orok karbono isurketak gutxitzeko bideak aztertu behar ditu. Benetan handia da erronka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna