Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Azkenetan

Puigdemontek bi hilabeteko elkarrizketa epea proposatuz erantzun dio Madrilen errekerimenduari. Rajoyk, berriz, «legezkotasunera itzultzeko» ultimatuma egin dio

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ez dago aldaketarik, azken aurreko aukeran. Azkenak etzi arteko epea du, 10:00ak arte, Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko duela esango duen arte, ezustekorik ez bada. Neurri hori saihesteko, bi gobernuen arteko elkarrizketa eskatu dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Mariano Rajoy Espainiakoari: elkarrizketa bi gobernuen artean; bi aldeak maila berean, bi hilabeteko epean, eta nazioartearen bitartekaritza inplikatuz. Elkarrizketari buruzko eskaintzarik ez du nahi, ordea, Madrilek. Atzorakogaldera honi bai edo ez erantzun besterik ez zuela egin behar esan dio Rajoyk: «Independentzia deklaratu zenuen joan den urriaren 10ean?».Hori baita 155.a aplikatu aurretiko errekerimenduan eskatu diona.

Rajoyk prest zeukan atzo goizerako Puigdemonten eskutitzari erantzuna, jakin bai baitzekien Kataluniako presidentea ez zela bere aginduetara jarriko. «Baina azalpen erabat beharrezkoa da», tematu da Espainiako presidentea, «independentzia deklaratu zuen edo ez esatea, joan den urriaren 10eko legebiltzarreko osoko bilkuran, eta ondoren termino nahasezinetan sinatutako dokumentuan, izenpetutakoak independentzia deklarazioa barneratzen baitu, indarrean egon edo ez alde batera utzita».

Egoera hau luzatzeak, Rajoyrentzat, «soilik mesede egiten die harmonia zibikoa hautsi eta Katalunia pobretuko duen proiektu erradikala inposatu nahi dutenei». Hori ezin du onartu Espainiako Gobernuak, eta beraz, 155. artikulua aplikatzea beste biderik ez dago, ez baita Puigdemontek dioen bezala, «autogobernua bertan behera uzteko, baizik eta autonomian legalitatea berrezartzeko». Etzi arte oraindik denbora duela gogoratu dio, «Katalunian elkarbizitzaren hondatzea berbideratzeko».

«Erruduna», Puigdemont

PPk eta PSOEk bat egin dute 155. artikulua aplikatu behar dela erabakitzerakoan, baina ez horretan bakarrik; diskurtsoan ere ados jarri dira. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak erantzukizuna Puigdemonten aldean jarri du: «Bera izango da 155. artikulua aplikatu behar izatearenerrudun bakarra».Azken aldian ahoan darabilen ideia errepikatu zuen atzo ere: ia denetaz hitz egin daitekeela, baina Espainiako Kongresuan bakarrik.

Rajoyk Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin hitz egin zuen atzo goizean, Puigdemonti erantzun aurretik, eta ondoren alderdikideekin bilera egin zuen Sanchezek. Haren ostean, Oscar Puente bozeramaileak azaldu zuen sozialisten iritzia, Saenz de Santamariaren ildo beretik: errua Puigdemontena izango da, atzera egiten ez badu, baina, hala ere, 155.aren aplikazioa ez da autonomia bertan behera uzteko, berrezartzeko baizik, eta, Kataluniako presidentea garaiz dabil elkarrizketa kongresura bideratzeko.

«Gatazkak duen transzendentziaren neurrikoa izan behar du irtenbideak», ordea, Carles Puigdemontentzat:«Nire eskutitzak gisa horretako erantzunak emateko ekarpena egin nahi du, gizartearen gehiengoak eskatzen dizkigun erantzunak, eta Europatik espero direnak, hark ez baitu beste modurik ulertzen gatazkak konpontzeko: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa».

Akordioa zeren gainean, ordea? Ez baitago gatazkarik, Rajoyren ustez: «Ezin dut inolaz ere onartu zuk 'estatu espainiarraren eta Kataluniaren arteko gatazka historiko' esaten diozun hori existitzen denik. Kataluniako herritarrek ez dute inoiz hainbesteko askatasunez gozatu, autonomia politiko eta finantzarioaz garai demokratiko honetan bezala». Une honetan dagoen auzia bakarra da, beraz, «legalitateari dagokiona. eta horri amaiera jarriz soilik lortuko dugu konponbidea».

Legalitatea,berriz,Madrilen apurtu zela kritikatzen dute independentistek: Kataluniako Estatutuaren bertsio murriztua Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen parametroetan onartu zela, eta hala ere, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuela, 2010ean. Eta zazpi urtera, urriaren 1ean, bi milioi herritarrek baino gehiagok Kataluniako Legebiltzarrari eskatu diote, independentzia deklara dezala. Erreferendum horren emaitzari gehitu behar zaio, presidentearen ustez, legebiltzarrerako azken bozetan izan ziren emaitzak: %47,7k indar independentisten alde bozkatu zuten, eta kontra %39,1ek. Eta gogoratu beharra iruditu zaio ere katalanen %80 behin eta berriz esaten ari direla beren etorkizuna erabakitzeko borondatea dutela erreferendum hitzartu baten bidez. «Hitz egin nahi dugu demokrazia kontsolidatuek egiten duten gisan, katalan gehienek proposatzen duten arazoari buruz, Europako markoaren barruan herri independentea izan nahiaz».

Baina gauza garrantzitsu bat erakusten du urriaren 1eko hautetsontzietatik ateratako agindua eteteak, Puigdemonten arabera: «Gure erabaki irmoa irtenbidea bilatzeari eta ez konfrontazioari». Elkarrizketa proposamena «benetakoa» da, eta horretara dator bi hilabeteko epea zabaldu nahi izatea.

Bi eskaera egin dizkio Rajoyri: lehena Kataluniako Gobernuaren eta herriaren kontrako errepresioa amaitzea, eta bigarrena: «Ahalik eta azkarren zehaztea bilera bat lehen akordioak aztertu ahal izateko. Ez dezagun utzi egoera gehiago hondatzen. Borondate onez, arazoa onartuz eta aurrez begiratuz, ziur nago irtenbidearen bidea aurki dezakegula».

CUPen proposamena

Mireia Boya CUPeko diputatuak Puigdemonten eskutitza kritikatu du. «Beste eskutitz bat idatziko genukeen guk». Alegia, elkarrizketa eta negoziazioa «berdinetik berdinera» egin behar dela esango lukeena, Katalunia subjektu politiko gisa hartuta, «eta horretarako errepublika aldarrikatu beharra dago». Puigdemont ez dela argi hitz egiten ari ere salatu du, eta legebiltzarreko osoko bilkura aste honetan egitea proposatu du aldarrikapena egiteko. Alderdi subiranistak atzotik bertatik aztertzen ari dira CUPen proposamena, ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak azaldu duenez, baina Puigdemonten eskutitzaren edukia ere babestu du. Haren ustez, bi hilabete eskatzea «nazioartera begirako erregua da», bitartekaritza egin dezan, eta Rajoyri lehenbailehen eskatu dio bilera, hitz egiten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.