Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Bizilekutik parke tematikora

Publizitatea

Mundua

Turismoaren inguruko eztabaida. Europako hiriak

Bizilekutik parke tematikora

Turismoaren etengabeko igoerak arriskuan jarri du hainbat hiritako biztanleen bizimodua, eta arazoei irtenbidea jartzeko neurriak hartzen hasi dira, egoera jasangarria izan dadin; oraingoz, ordea, leku gehienetan ez dira behar bezain eraginkorrak, eta herritarren protestak ugaritu dira.
Veneziako Biurtekoaren bobra bat, non ura etxebizitzak hondoratzen saiatzen ari den.
Argazkia: ZSOLT CZEGLEDI / EFE
Venezia da turismoaren kasurik paradigmatikoena Europan, gurari esklusiboak dituzten masen kulturan, baina ez da bakarra: besteak beste, Bartzelona, Amsterdam, Brujas, Dubrovnik, Erroma, Paris, Madril, edota Pragan ere turistek gainezka egin dute. Kasurik gehienetan, herritarren egunerokoa horrenbeste aztoratzen dute, turistak erdeinatzen dituzte, auzoen berezko nortasuna suntsitzera irits daitezkeelako, paisaiak eta kulturak erabat desitxuratzeraino.

Baina, nor ez da turista bat? Negozio izugarria da, munduko BPGaren %10. 1.000 milioi turista dauzka gaur egun munduak, eta 2030ean 1.800 milioi turista izango dira. Zirkulazio askeak eskubide izateari uzten ez badio behintzat, formularen bat asmatu beharra dago horiek guztiak jasango dituzten guneentzat. Hasi dira apurka bide horretan, baina kasurik gehienetan ez herritarrek nahi bezainbeste.

VENEZIA

San Marco plazan Veniceland dioen pankarta handi batek egin dio ongietorria bisitariari. Veneziako inauterietako pantomima bat da: parke tematiko batean sartu direla esaten ari zaio antzezlea, hitzik erabili gabe, mimoaren bidez. Venessia.com atariak antolatutako ekintza da, turista jasaren ondorioz veneziarren exodo geldiezinaz ohartarazteko. Harrizko monumentu eder eta hotz bilakatzen ari baita hiria, bihotzik gabea.

Veneziak 55.000 biztanle dauzka, eta egunez egun jaitsiz doa kopurua. 1951n, 174.000 pertsona bizi ziren. Gehienek hiriaren alde kontinentalera jo dute, gune historikoan ia zazpi milioi ostatu gau izaten baitira urtean, eta eguneko bisitariekin 30 milioira heltzen dira —transatlantikoan heldutakoak gehienak—. Egoera are gehiago larritu dute Airbnb bezalako alokairu atariek. Etxebizitzaren jabeak 5.000 edo 6.000 euro lor ditzake hilean, baina tokikoentzat ez dago alokairu aukerarik: duela hamar urte, garestiak ziren; orain, ezinezkoak.

Hiriak izandako higatzearen ondorioz, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak udalari jakinarazi zion ondarearen izendapena kenduko ziola, neurririk hartzen ez bazuen, eta, horren ordez, arriskuan dauden ondareen zerrendan jarriko zuela. Neurriak hartzen hasi dira, apurka-apurka: polizien zaintza handitu dute, aurrez informazio egokiagoa ematen hasi dira —zein diren bisitarien egunik kritikoenak, trafikoaren egoera...—, eta kontagailuak jarri dituzte lekurik enblematikoenetan joan-etorriak kudeatzeko. Ekainean udalak jakinarazi zuen debekatu egingo dituela turistentzako etxebizitzen legez kanpoko alokairuak. Baina, oraingoz, neurri zehatzak ez dira nahikoa, herritarren ustez, eta uztailean bakarrik 2.000 protesta inguru egin zituzten turisten masifikazioa salatzeko eta transatlantikoek sortzen duten kutsaduraren kontra.

Izan ere, Venezian ez da aplikatzen ontzi handiak kostara gerturatzeko Italiak jarria duen debekua —Costa Concordia ontziarekin gertatutakoaren ondoren hartu zuten erabakia—, eta, gainera, ubide gehiago eraikitzea aztertzen ari dira ontziok porturaino iritsi ahal izateko. Ekainean, galdeketa ez-ofizial bat egin zuten, eta 25.000 veneziarrek ezezkoa eman zioten egitasmoari.

Italian, Venezian ez ezik, Milanen, Florentzian eta Erroman ere neurriak hartu dituzte: besteak beste, udan, gehien bistaturiko lekuetan ezin da plastikozko botilarik edo latarik eraman; ezin da jan elizetako edo kultur eraikuntzetako eskaileretan, eta, Italiako Barne Ministerioak apirilean onartu zuen Daspo urbano neurri polemikoa: segurtasun indarrek sarrera debeka diezaioke susmagarritzat jotzen duen edonori. Neurri horrek bizilagunen haserrea eragin du, turistena baino gehiago; izan ere, uste dute eskean dabilenari edota, polizien ustez, itxura desegokia duenari begira hartutako erabakia dela.

BARTZELONA

Bartzelonak 1,6 milioi biztanle dauzka, eta, 2016an, hogei milioi ostatu gau izan ziren, 2,7 milioi itsas bidaiari, eta legezko eta legez kanpoko apartamentuetan izan ziren kopuru ezjakin bat: 40 milioi turista kalkulatzen dute, eta aurten gorantz egin du kopuru horrek, eta bizilagunak oso kezkatuta daude, hondartzen eta espazio publikoen pribatizazioa, euren bizitzen eta etxebizitzen espekulazioa, segurtasunik eza, lapurretak eta mozkorkeria masiboak direla eta.

Joan den larunbatean, azken urteotan abuztuero egin bezala, itsasoz heldu ziren manifestariak hondartzara, giza katea egin, eta pankarta handi bat erakusteko: Etxebizitza turistikoak deuseztatzearen alde. Legezko eta legez kanpokoak. «Kaia kendu digute, hondartza ere bai, eta, orain, gure etxebizitzekin geratu nahi dute». Horixe oihukatu zuten parte hartzaileek.

Bizilagunen elkarteek deituta egin zuten elkarretaratzea, talde asko sortu baitira auzoetan. FAVB Bartzelonako Bizilagunen Elkarteen Federazioaren arabera, 30 bat daude, eta guztiek helburu bat: 73 auzoetako bizitza bizirik mantentzea. ABTS Turismo Jasangarriaren aldeko Auzoen Batzarrak dioenez, «jasangaitza» da masifikazioa, eta «ondorio oso larriak eragiten ditu eguneroko bizitzan».

Etxebizitzena, adibidez, epe luzerako eta tranpaz betetako borroka da. Etxe agentziak, hasteko, eraikin osoak erosten ari dira, luxuzko turistentzat egokitzeko, eta, espekulazioaren ondorioz, alokairuen prezioak gora egiten du etengabe, gentrifikazioa eraginez. Bartzelonako erdialdeko auzoetatik joaten ari dira hangoak bertakoak.

Udala legez kanpoko apartamentuen kontrako neurriak hartzen hasi zen, duela urtebete: alokatzeari uzteko 2.332 agindu eman ditu, eta horietatik 744k bete dute agindua. 6.197 auzibide zabaldu ditu, eta horietatik 3.473 zigortu dituzte. Lizentziarik gabe egunetarako alokatzen dituzten etxebizitzen kontrola ere areagotu dute: bizilagunen salaketak baieztatzeko behatzaile gehiago jarri dituzte, baita Interneteko jarduera ikuskatzeko ere: 3.300 iragarki susmagarri antzeman, eta 1.157 etxetara jo dute egoeraren berri zuzena izateko.

Airbnb atariko enpresa da beste burukominetako bat udalarentzat —beste leku batzuetan ere bai—. Azkenean, udalak agindutakoa onartu du. Iragarkia ezarrita zeukaten 1.000 etxebizitza abuztua amaitu aurretik ataritik kentzeko agindua eman zion, eta atzoko kenduta zeuzkaten. 1.000 iragarpenek gutxiagok arinduko dute bizilagunen ezinegona, baina zailagoa izango da pisuak berralokatzeko alokairuan hartzen dituztenak harrapatzea. Ez dira Bartzelonan bizi ere egiten legez kanpoko negozio horretan ari direnak.

Herrialde Katalanetan jarraituz, Balearretan egoera ez da hobea, eta lege berri bat onartu du gobernuak alokairuen espekulazioari aurre egiteko. Isunak jabeentzat —40.000 eurora arte— eta iragarkiak ezartzen dituen atariarentzat izango dira —400.000 plataforma horientzat—, Airbnb edo Homeway gisakoei datorren astean amaituko zaie epea lege berrira egokitzeko. Ohe kopurua ere zehaztu dute: ezingo dira 623.624 baino gehiago izan artxipelago osoan —hotelen esku erdiak baino gehiago—.

AMSTERDAM

Turistak erdialdetik atera eta beste interes gune batzuetara bideratzeko ekinbidea abiatu dute Amsterdamen, eta leku batzuk sustatzeko modua ere aldatu dute erakargarriagoak egiteko. Adibidez, Zanvoorteko hondartza eremua, hiriaren kanpoaldean, Amsterdam Beach da orain, edota Erdi Aroko Muideslot gaztelua —hiritik 20 kilometrora—, Amsterdam Castle. Udalak kanpainak egin ditu turistak beste hiri batzuetara joan daitezen lotara, Rotterdamera edo Hagara, eta aztertzen ari da doan eskaintzea tren bidaiak.

Izan ere, Amsterdamek, 17 milioi turista izan zituen iaz —850.000 biztanle dauzka—, eta 30 milioitara irits daiteke 2025ean. 2000. urtean lau milioi ostatu gau izan zituen, eta 2015ean, zazpi milioi. Beraz, neurriak fronte guztietan hartzen hasia da udala, duela hainbat urtetatik, batez ere, erdialdean nahi ez duten turismoa gutxitzeko: gaueko bizitzak, legezko drogek eta prostituzioak erakartzen duena. «Kalitatezko» turismoan zentratu nahi dute, Udo Kock Finantza zinegotziaren arabera.

2014an, legez mugatu zituen norbanakoak Airbnb bezalako plataformen bidez aloka ditzakeen egunak (60) eta pertsonen kopurua (lau). Urte hartan iragartzen ziren etxebizitzen erdiek baino gehiagok ez zituzten baldintzak betetzen. Orain, oso zorrotz betearazten dituzte arauak. Hotelei ere eragiten die araudiak, diru gehiago duen turista eta familiakidea erakartzeko asmoz, eta enpresariekin eta bizilagunekin etengabeko negoziazioa bideratu du, lizentziak eskuratzeko aukerak gogortuz eta etxebizitzen alokairuen prezioen gaineko kontrola eginez.

PRAGA

Txekiako hiriburuan ez da ia pragatarrik bizi. Urtero-urtero gorantz doa turisten kopurua, eta, ondorioz, etxe agentziak erakarri ditu, eta baimen gutxi ematen direla kontuan hartuta —hirigintza plan berria noiz egingo zain—, prezioek kontrolik gabe egin dute gora. Pragaren parke tematikoaren parte dira turistak, eta Mozarti buruz esku orriak banatzen dituztenak. Egoera hori dela eta, ibilbideak zabaldu dituzte inguruko eremuetara, eta, prezioak igo dituzte, turista gutxiago joan daitezen, baita diru sarrerak gutxitu ez daitezen, Parisen edo Londresen egin duten bezala.

DUBROVNIK

Azken bi urtean Ipar Afrikako giroa gaiztotu dela eta, eraldaketa bizian da Dubrovnik, Adriatikoa geldialdi ezinbestekoa bilakatu baita transatlantikoentzat. Ontzi handietan iristen dira turistak Kroaziako hirira, denak batera, milaka aldi berean, eta egun-pasa soilik egitera asko eta asko. Beraz, erdialdera joateko denbora justuarekin. Hara joaten dira turista gazteak ere, batez ere Erresuma Batukoak, eta arazo bilakatu dira, parrandan arazo asko sortzen dituztelako. Eta, gainera, Airbnb-ren hedapenak gainerako guztia egin du —han ez du batere kontrolik—. Herritarrek protestan daramate urtebete, turismoaren igoerak ez dielako batere onurarik ekarri, ekonomikorik ere ez.

BRUJAS

100.000 biztanle dauzka, eta iaz zortzi milioi bisitari izan zituen, baina, gaur-gaurkoz, biztanleek ez dute turismoarekin arazo larririk: udalak ez du erabakirik hartzen, ez kontzesio garrantzitsurik egiten, Alde Zaharreko herritarrei aurrez galdetu gabe. Hangoen negozioetarako erraztasunak jartzen dituzte; aldiz, turistikoetarako zerga handiak ezarri. Besteak beste, debekatuta dago kalean festak egitea, eta autobus turistikoak erdialdera sartzea, egunerokoan eragin ez dezaten.

Londresen eta Parisen ere, besteak beste, ez dago aparteko arazorik turismoa dela eta, oraingoz behintzat.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak