Noiz sortua: 2015-06-05 00:30:00

Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

EAJk eta EH Bilduk«zail» ikusten dute elkarrekin gobernatzea

Arraizek dio EAJren eta PSEren arteko itun bat «oztopoa» dela erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesuan.

Egibarrek aitortu du jeltzaleek «sintonia hobea» dutela PSErekin, EH Bildurekin baino
EH Bilduko eta EAJko ordezkaritzak atzo goizean bildu ziren Eusko Legebiltzarrean, udal eta foru hauteskundeez hitz egiteko.
EH Bilduko eta EAJko ordezkaritzak atzo goizean bildu ziren Eusko Legebiltzarrean, udal eta foru hauteskundeez hitz egiteko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2015eko ekainak 5
EAJren eta EH Bilduren arteko harremanak ez daude sasoi onean. Are okerrago daude maiatzeko hauteskundeen ostetik. Sintonia gutxi dute bi alderdiek hainbat gaitan, eta ikuspuntu ezberdin horiek agerian geratu ziren atzo bi alderdietako buruzagitzek Eusko Legebiltzarrean egin zuten bileran. Bozen emaitzak aztertu eta aurrera begirako balizko aliantzak aztertzeko jeltzaleek abiatutako elkarrizketa sortan egin zuten batzarra, goizean. Bilera amaitutakoan, biek ala biek bat egin zuten egoeraren diagnostikoan: gobernu akordioak lortzea urrun dutela eta «zaila» dela udal eta foru erakundeak elkarrekin gobernatzea.

Goizean goiz batzartu ziren bi alderdietako ordezkariak. EAJren izenean, hauek aritu ziren: Andoni Ortuzar, Pilar Garcia Salazar, Joseba Egibar, Xabier Agirre eta Joseba Aurrekoetxea; EH Bilduren izenean, berriz, Hasier Arraiz, Pello Urizar, Rebeka Ubera eta Oskar Matute. Ordubete luzeko bileraren ostean eginiko agerraldietan, atsekabea sumatu zen Arraiz eta Egibarren adierazpenetan.

Izan ere, EH Bilduk «kezka handiz» ikusten du EAJren eta PSE-Eren arteko balizko akordio bat, Arraizek azaldu zuenez. Haren ustetan, jeltzaleek sozialisten aldeko «apustu argia» egin dute udal eta foru gobernuak osatzeko, eta horrek erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua «oztopatzea» eta «atzeratzea» ekarriko du. EH Bilduk erabakitzeko eskubidea oinarri duten gobernu akordioak lehenesten dituela gogoratu zuen Arraizek. Atzoko bileran eskaintza bera egin zien koalizioak jeltzaleei, eta eskua luzatu zien norabide horretan lan egiteko. Alabaina, EH Bilduk ez zuen prestasun bera sumatu EAJn: «Soilik PSEri begira dago, eta haien arteko akordioa oso aurreratuta dago».

EH Bilduren eta EAJren arteko harremanak onenean ez dauden arren, «oinarri berriak» jartzeko prest agertu zen koalizioa bileran. Besteak beste, prest agertu zen eredu sozialean eta ekonomikoan dituzten desadostasunak leundu eta arlo horietan dituzten diskurtsoak «modulatzeko». Bake eta bizikidetzan ere aurrerapausoak lortzeko, eskua luzatu zion EH Bilduk EAJri: «Indar sozial eta politiko handiena dugun alderdiak izanik, esparru horietan akordioak lortzeko erantzukizuna dugu».

Gasteizko Udalaren egoera ere hizpide izan zuten bileran, baina aurrerapausorik ez zen izan. Arraizek argi utzi zuen Javier Maroto alkatetzatik kentzeko EH Bilduren konpromisoa «irmoa eta erabatekoa» dela, eta Miren Larrion hautagaiari dagokiola prozesu horren gidaritza hartzea. Jeltzaleek oraindik ez dute ezer erabaki Gasteizko egoerari buruz, eta Arraizek jakinarazi zuen haien lehentasuna Arabako Aldundia dela orain.

Jeltzaleek «sintonia hobea» dute sozialistekin EH Bildurekin baino, Egibarrek bilera amaitzean adierazi zuenez. Egibarrek aitortu egin zuen EAJren eta EH Bilduren arteko harremanak «kili-kolo» daudela, eta hauteskunde giroak are eta kalte handiagoa egin diela: «Argi ikusi dugu hauteskunde kanpaina aurreko eta kanpainako giroak hobetu beharreko harreman politiko eta konfiantza giroa utzi digula».

EH Bilduk EAJren ereduaren aurkako hauteskunde kanpaina gogorra egin izana ez da izan jeltzaleen gustukoa, eta horrek hoztu du, neurri handi batean, bi alderdien harremana. Nolanahi ere, Egibarren esanetan, «erabat kontrajarriak» dira EAJren eta EH Bilduren eredu sozial eta ekonomikoak, eta horrek «zaildu» egiten du udaletan eta aldundietan koalizio akordioak lortzeko aukera. Hala ere, harremanak onbideratzeko modua aurkitzen saiatuko dira bi aldeak. Egibarrek jakinarazi duenez, etorkizunean elkar ulertzea nola hobetu dezaketen aztertzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek atzoko bileran.

PPrekin, herrialdeka

EH Bildurekin ez ezik, PPko ordezkaritza batekin ere batzartu zen EAJ Eusko Legebiltzarrean. Bilerarekin, jeltzaleek amaitutzat eman zuten udal eta foru hauteskundeen osteko abagune politikoa aztertze aldera egindako elkarrizketa saioa. EAEko PPren izenean, Arantza Quiroga, Nerea Llanos, Anton Danborenea, Borja Senper eta Javier de Andresek parte hartu zuten batzarrean. Luze jo zuen bilerak: bi ordu inguru batzartuta egon ziren bi alderdietako ordezkaritzak. Bileraren ostean, ordea, bi aldeek zehaztasun gutxi eman zituzten mahai gainean jarritako proposamenei buruz.

Negoziazioak lantzeko prozeduran ados jartzeko balio izan zuen topaketak, Egibarrek azaldu zuenez. Hala, hemendik aurrera alderdietako zuzendaritzen ordez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osatuko diren alderdi bakoitzaren batzordeen esku egongo dira udal eta foru hauteskundeen balizko akordioen gaineko harremanak. Gasteiz eta Arabako egoera bereziki zaila dela jakitun, bertan jarriko dituzte indar gehienak, Egibarren esanetan.

PPk ez zuen proposamen zehatzik eraman bilerara Gasteizko Udalari buruz. Hala ere, PPk helarazi zion EAJri beharrezkoak direla inbestidura saioetatik harago joan eta instituzioen «egonkortasuna» bermatuko duten akordioak. Llanosek bilera amaitzean azaldu zuenez, ekonomia sustatu eta enplegua lortzeko akordioak lortu beharko lirateke erakundeetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna