Gipuzkoa: laborategi bat alzheimerraren kontra

Aintzat hartzeko erakoak dira Gipuzkoan alzheimerra aztertzeko abian diren ikerketak. Zinetan deigarria da horietan parte hartzen ari diren boluntarioen kopurua. Gipuzkoa Alzheimer egitasmoan 408 pertsonak parte hartzen dute; Deban propio egingo den ikerlan baterako asteon 1.400 laguni egingo zaie dei.
Larunbat eguerdian Donostian, Kontxa hondartzaren parean, Alzheimerren gaixotasunaren inguruan ohartarazteko giza kate bat egin zuten.
Larunbat eguerdian Donostian, Kontxa hondartzaren parean, Alzheimerren gaixotasunaren inguruan ohartarazteko giza kate bat egin zuten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2015eko irailak 22

Kontatzen dugunean, jendea zur eta lur geratzen da: zeharo harrituta». CITA Alzheimer fundazioko neurologo Pablo Martinez-Lagek (Iruñea, 1964) adierazi duenez, usu sinesten zailak egiten dira Gipuzkoan eritasuna ikertzeko martxan dituzten ikerketetan parte hartzen duten boluntarioei buruzko datuak. Izan ere, argi du aintzakotzat hartzeko moduko kopuruak direla. Gipuzkoa Alzheimer egitasmoan —2011n abiatu zuten— 40 eta 80 urte arteko 408 pertsona ari dira parte hartzen egun. Orain propio Debako herrian abiatuko duten egitasmo baterako, berriz, aste honetan bidaliko dizkiote jendeari parte hartzeko eskatuz idatzitako eskutitzak: «60 urtetik gorako herritar guztiei bidaliko dizkiegu: 1.400 laguni». Munduan tamaina horretako ikerketak badirela esan du, baina oso gutxi: «Beste zortzi edo bederatzi izango dira».

Alzheimerren gaixotasunaren inguruko «biomarkatzaileen» gaineko ezagutza asko garatu da azken urteotan, eta hortxe dago, hain zuzen, egiten ari diren ikerketen giltzarria. «Izan ere, markatzaileek erakutsi digute eritasuna prozesu luze baten emaitza dela; burmuinean zenbait aldaketa izaten dira alzheimerra agertu aurretik, baina sintomarik ez diote eragiten oraindik gaixoari; 15-20 urte iraun dezake prozesu horrek», azaldu du Martinez-Lagek. Eta, hain justu, eritasunaren aurreko fase horri erreparatzeko asmoz abiatu zuten Gipuzkoa Alzheimer proiektua: «Gaixotasuna agertu aurreko 15-20 urte horietan nolakoa den jakin nahi dugu».

Egitasmoan parte hartzeko deiari 500 pertsonak —gero hautaketa egin eta 408 geratu ziren— erantzun ziotenez, informazio asko eskuratzen ari direla esan du neurologoak. Hiru urtean behin errepikatu beharreko prozesua dela azaldu zieten —orain burutu dute bigarren fasea—, eta hainbat azterketa egin beharko zituztela aldi bakoitzean: osasun azterketa sakona —baita familiako aurrekariena ere—, eta memoriarekin lotutako azterketa ugari, besteak beste. Proposamen erantsi bat ere egin zieten: lunbareetan ziztada bat egitekoa. Ez da proba samurra, eta jendearen erantzunaren beldur zirela onartu du Martinez-Lagek. Ez luzerako: «Ezustea izan zen erdiak baino gehiagok baiezkoa ematea: 240 boluntariok ziztada egitea erabaki zuten».

Irizpide etikoak

Eta, hain justu, interbentzio hori egiten dieten boluntarioen kasuan, probak eragin ditzakeen eragozpen fisikoez aparte, bada beste aldagai artegagarri bat; izan ere, boluntario horiek, azterketaren bidez jakin dezakete badituzten Alzheimerraren eritasunaren sintomak azaleratu aurretik agertu ohi diren «biomarkatzaileak». Alegia, badagoen jada beren gorputzean alzheimerraren abisu izaten den aldaketa isilen bat.

Sendabiderik gabeko eritasuna da oraindik alzheimerra, gogorra, eta eta auzi etiko zail batera daramatza horrek boluntarioak eta ikertzaileak. «Izan ere,badira pertsonak eritasunaren markatzaileak izan arren ez dutenak gaitzik garatzen. Biomarkatzaileak badituzu, gaitzaren biologia duzu; horrek ez du ziurtatzen, ehuneko ehunean, eritasunaren sintomak garatuko dituzunik». Hain justu, hor ikerketa lerro zinetan interesgarri bat dagoela uste du Martinez-Lagek: «Garrantzitsua da aztertzea zergatik zenbait pertsonak ez duten gaitza garatzen; gaitzaren biologia izan arren, zergatik ez dituzten sintomak izaten. Ikusi behar dugu zerk babesten dituen». Auzi etikoari erantzuten diote boluntarioen nahia aintzat hartuz. «Boluntarioen jakiteko eskubidea errespetatzen dugu; ez jakitekoa ere bai. Haiek erabakitzen dute».

Eta baietzaren aldekoak dira gehienak: «Baina ez denak. Badira jakin nahi ez dutenak». Etikarekin lotutako dema horrek amaierarik ez duela nabarmendu du Martinez-Lagek, beti izan behar dutela zuhurrak gaiarekin: izan ere, biomarkatzaile positiboak orain ez dituztenek, akaso izango dituzte etorkizunean. Arrisku hori ez da inoiz amaitzen. Adibide argigarri bat eman nahi izan du neurologoak: «Kolesterolaren modukoa da; substantzia kimiko horiek ere denok ditugu, eta muga jakin batetik aurrera ateratzen direnean hartzen dira aintzat». Orduan bihurtzen dira gaitzaren balizko abisua.

Kezka horien guztien berri badu Kontxi Baldak (Lezo, Gipuzkoa, 1937). Boluntarioetako bat da. Ikerketaren berri izan orduko, berehala animatu zela esan du. «Alzheimerraren kontra zerbait egin dezakedala baldin badakit, egitea naturala iruditzen zait», azaldu du. Ez doa bakarrik: «Senarra ere animatu zen; biak ari gara parte hartzen». Dioenez, beti izan da memoria kaxkarrekoa, baina bere burua ondo ikusten du: sasoiko. Gaitza baletorkio, lehenbailehen jakitea gustatuko litzaiokeela argi du: horren araberako erabakiak hartzeko.

Lehenengo ondorioak

Orain hiru urte ikusi zituzten aurrena boluntarioak. Orain berriro aztertu dituzte. «Eta ari gara ondorioak ateratzen», azaldu du Martinez-Lagek. «Ikusten ari gara, esaterako, hipertentsioa arrisku faktore bat izan daitekeela», adierazi du. «Ikusten ari gara, baita ere, zein aldagai babesgarri dauden gaitzaren aurrean: Ainara Estanga ikertzaileak laster aterako du artikulu bat zeinean erakusten den elebitasunak babestu egin dezakeela; ikusi du pertsona elebidunek, batez ere elebidun goiztiarrek, emaitza kognitibo hobeak ematen dituztela, eta biomarkatzaileen aldetik soslai hobeak ematen dituztela».

Familian alzheimerdunen kasuak izan dituzten boluntarioak badituzte Gipuzkoa Alzheimer ikerketan; erdiak edo. Mezu lasaigarria eman nahi die Martinez-Lagek: «Gure ikerketan, behintzat, ez daude biomarkatzaile gehiago dituzten pertsonak familian alzheimer kasuak izan dituztenen artean, izan ez dituztenen artean baino; familian alzheimer kasuak izateak pixka bat handi dezake gaixotasuna izateko arriskua, baina oso gutxi». Oraino badute zer ikertua: ikerketako boluntarioen adina 58 urtekoa da, eta proiektuak izango dituen ondorengo epeei erreparatuta gero eta informazio osoagoa espero dute. «Mundu zabaleko beste talde batzuen laginekin duen ezberdintasuna da gazteagoa dela gurea. Baina lagina oraindik nahiko gaztea bada ere, bada datu adierazgarri bat: %15ek gaixotasunaren markatzaileak dituzte».

Deba: Stop Alzheimer 2020

Orain berebiziko esperantza jarrita dute CITA Alzheimer fundazioko arduradunek Deban abiatuko duten Stop Alzheimer 2020 ikerketan. Udalerri hori aukeratzeko motiboetako bat izan da haren tamaina. «Debak 6.000 biztanle inguru ditu; 60 urtetik gorakoak 1.400 dira, eta ikerketan ondo kudeatzeko moduko zenbakia da hori», azaldu du Martinez-Lagek. «Bertan ikerketa epidemiologiko bat egingo dugu gaitzaren prebalentzia zein den jakiteko, baina biomarkatzaileak aintzat hartuta egingo dugu. Lehendik ere egin dira prebalentzia neurtzeko ikerketak, baina sintometan oinarrituta egin dira. Oraindik egiteko dago egitera goazena; biomarkatzaileak aintzat hartuko ditugulako, eta erresonantzia ere egingo diegulako parte hartzen duten boluntarioei». Debako 60 urtetik gorako guzti-guztiei egingo diete parte hartzeko proposamena. «Gaitzaren prebalentzia datuak emateaz gain, eritasunaren diagnostiko irizpideak zehazten lagunduko digu ikerketak; esaterako, lunbareetako ziztada noiz egin behar den erabakitzen lagun dezaketen irizpideak ematen lagunduko dugu».

Horretarako premia gorria ikusten du Martinez-Lagek; hainbat ikerketaren arabera, Batez beste hiru urte igarotzen dira gaitzaren lehen sintomak azaldu eta diagnostikoa egin arte. «Denbora garrantzitsua da hori». Tarte hori botikekin gaitza baretzeko ahaleginak egiteko erabil daitekeela esan du, eta prestatzeko: datorrenerako. «Familiei aukera ematen zaie prestatzen joateko; pazienteek ere aukera dute, oraindik ondo daudela, erabakiak hartzeko». Debako Udala, Mendaroko Ospitalea, Debako osasun zentroa eta Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen elkartea lagun dituzte. 40-50 profesional ariko dira lanean: «Alzheimerrari aurre egiten».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Ordizian, PCR probak egiten, iragan astean. Intzidentzi maila handienetakoa du Goierriko herriak. ©Gorka Rubio / Foku

Hiru egunen buruan, 110 ospitaleratu gehiago daude Hegoaldean

Berria

Hego Euskal Herrian, 814 daude ospitaleratuta, horietatik 124 larrialdietan. Positibo kopuruarekin gertatzen den bezala, Nafarroak ditu datu okerrenak. 396 ospitalean eta 50 ZIUko oheetan.

Bilbo, bart gauean: kaleak hutsik egon dira etxeratze aginduarekin./ ©Luis Tejido, EFE

Jaurlaritzaren dekretua indarrean da jada: gako nagusiak

Garikoitz Goikoetxea

Bart argitaratu dute dekretua EAEko aldizkari ofizialean, eta 06:00etan sartu da indarrean: ezin da udalerritik irten horretarako zehaztutako arrazoirik ezean; ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu; eta 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean egon. Dekretuaren neurri guztiak, hemen.

Eskoletako jangeletako langileen protesta, gaur goizean, Bilbon ©marisol ramirez / foku

Sindikatuen arabera, «erantzun handia» izan du eskola jangeletako grebak

Irati Urdalleta Lete

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bigarren greba eguna izan dute gaurkoa eskoletako jangeletako langileek. Etzi egingo dute hurrengoa.

Santos Indurain, abuztuan, Lizarrako Garcia Orkoien ospitalean, bisita egiten ©Iñigo Uriz / Foku

Indurainek ohartarazi du osasun sisteman bi aste «oso zail» datozela

Joxerra Senar

Nafarroako Osasun Departamentuak aurreratu duenez, atzo egindako 3.952 probetatik %14,4k eman dute positibo

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna