Albistea entzun

Neska-mutil binomioa, komunetik behera

Generoa arautzeko tokia da komuna, hainbat adituren ustez. Horregatik, komunetan bereizketarik ez egitea proposatu dute. Hala ere, komun mistoen alde egiten dutenek uste dute pixa egiteko modua ere berdindu beharko litzatekeela. Izan ere, pixa zutik egitea ere genero marka da.
BERRIA

Iker Tubia -

2015eko urtarrilak 13

Komuneko ateko marrazkiak argi esaten du: gizona edo emakumea, txapela edo zapia, pipa edo zapata. Komunak ere generoa eraikitzeko tokiak dira. Pixa eta kaka egiten da bertan, baina ez hori bakarrik. Hori salatu dute hainbat adituk. Hala ere, toki batzuetan gizon-emakume binarismo horrekin apurtzen ari dira. Lehendabiziko urratsa bereizketarik gabeko komunak sortzea da, baina bada beste urrats bat: berdintasuna eta askatasuna bermatzeko, denek eserita egin beharko lukete pixa. Hala diote gaia landu dutenek, behinik behin.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, adibidez, hartu dute erabakia: ez dago mutilen eta nesken komunik. Komunak dira, denenak. Maiatzetik aurrera, komunetako ateetan ez da bereizten gizonen eta emakumeen tokia. Xabier Fernandezek han ikasten du, eta, azaldu duenez, Lehen Hezkuntzako Heziketa Bereziko taldeko ikasleek egin zituzten lehenbiziko urratsak. Sexualitatearen gaia landu zuten, eta horren barruan, hezkidetza. Ikastaroa bukatu zenean komun mistoak eskatu zituzten. «Unibertsitateari esan nahi genion genero berdintasunaren aldeko apustua zela komun komunak jartzea».

Afera kontseilu errektorera eraman zuten, eta, eztabaidatu ondoren, azkenean onartu egin zuten. «Besteak beste, legezkoa ote zen begiratu zuten. Legeak dio bi komun behar direla, baina ez dio generoaren arabera bereizi behar direnik», azaldu du Fernandezek.

Orain, komun guzien atarian bi marrazki daude elkarrekin, pertsona gonadun bat eta gonarik gabeko beste bat irudikatzen dutenak. «Hori ere kendu nahi genuen, irudia, baina oraingoz ez dugu lortu». Izan ere, irudi horiek mezu argia dute: «Iruditxoak adierazten du mutilek eta neskek nolakoak izan behar duten».

Oraingoz ez dute baloraziorik egin, baina bada nahiko agerikoa den kontu bat: lehendik ikasten zutenek bereizi egiten dituzte nesken eta mutilen komunak, inkontzienteki. Lehenengo mailakoek, berriz, ez dakite zein zen mutilena eta zein neskena: ez dute bereizketarik egiten.

Etorkizunean hezitzaile izanen den aldetik, Fernandezek argi du garrantzitsua dela komunen bereizketa bukatzea: «Txikitatik behartzen gaituzte genero batekin edo bestearekin identifikatzera, eta bi eredu horietatik kanpo daudenak baztertuta daude erabat. Guk ez dugu nahi hori; ez ditugu haurrak edo pertsonak baldintzatu nahi estereotipo horien baitan». Esan duenez, jangela konpartitzen den bezala konparti liteke komuna. Lotsaren aitzakia ere ez du begi onez ikusten: «Kontrako argudio horrek ez digu balio, komunetan ateak daudelako».

Komun berezituen gaia hezkuntzara eraman du Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Argi du: «Binarismoa behin eta berriro ez markatzeko formulak bilatu behar ditugu. Hau beste elementu bat da; segur aski ez da inportanteena, baina beste elementu bat da».

Barquinek uste du binarismoa ez dela onuragarria hezkuntzaren alorrean: «Oso mugatzailea da, eta jende asko ez da eroso sentitzen». Komunak bereizita, hara doazenek etengabe sailkatu behar dute beren burua. Hau da, komunetan ere generoa eraiki egiten da. Hala da komun publikoetan, behinik behin. Izan ere, etxeko komunetan gizon zein emakumeek erabiltzen dute toki bera. «Horren desberdinak dira gorputzak, ezen tresnek desberdinak izan behar duten?», galdetu du, erretorikoki. Eskoletako komunek publikoen antz handiagoa dute. Haurrak egunean hainbat aldiz sailkatu behar du bere burua neska-mutil binarismoaren arabera.

Barquinek uste du komunak generoa eraikitzeko espazioak direla, «beste espazio guziak bezala». Gai hori Beatriz Preciado filosofoak landu du, eta Generoa eta zaborra. Pixa egin/ kaka egin. Maskulinoa/Femeninoa artikuluan azaltzen da bere gogoeta. Oinarrizko behar naturalen arabera egindako arkitektura behar zuen, baina ez da hala: «Genero teknologiarik zuhur eta eraginkorrenen moduan eragiten dute, isilka, begirada eta sarrera arautuz». XIX. mendetik aurrera komun publikoak generoa zaintzeko gune bihurtu ziren. Preciadoren esanetan, orduko burgesiak generoaren espazioak berriz finkatu zituen, bikotekide arteko eta etxeko kode berriak inposatuz.

Beharra bainoago, kultura

Horrek jarraipena izan zuen hurrengo mendean: «XX. mendean, komunak benetako zelula publiko ikuskatzaileak bihurtu dira, non gorputz bakoitza indarrean dauden maskulinitate —eta feminitate— kodeetara egokitzea balioztatzen den». Horregatik, Preciadoren aburuz, komunetako sarreretan dauden irudiek asmo argia dute: «Ez zaigu galdetzen pixa egitera edo hesteak hustera goazen. Axola duen bakarra generoa da».

Barquinek gogora ekarri du hiri erromatarren adibidea. Ostia Antica arkeologia eremuan, adibidez, soilik esertzeko komunak zeuden, denak elkarrekin, gainera. «Nahiz eta hala iruditu, komunak ez dira espazio naturalak. Hori guztia kulturala da, eta aldakorra izan daiteke».

Pixa eta kaka egiteko tresnak ez dira ezberdinak diren bakarrak, komunen arkitekturari dagokionez. Emakumeen kasuan, itxitako kabinak izaten dira. «Izan ere, begirada publikoari funtzio fisiologiko guztiak ezkutatzean sortzen da feminitatea», dio Preciadok. Ondoren, ispilua zain du komunera joan den emakumeak: «Ispiluak, begi publikoaren distirak, feminitatearen irudia apaintzera gonbidatzen du beste emakume batzuen begirada erregulatzailearen pean».

Gizonek, berriz, pixa zutik egiten dute, gainontzekoen begiradapean. «Publikoki eta zutik pixa egitea maskulinitate heterosexual modernoaren performancearen osagaietako bat da», uste du Preciadok. Uzkitik ateratzen dena baizik ez du ezkutatu behar mutila denak. Azken horrek antsietate heterosexualaren antzeztoki gisa izan dezakeen funtzioa azaleratzen duela dio artikuluan.

Barquinek komunetako ateetako hirugarren irudia izan du gogoan: gurpil aulkia duena, alegia. Kasu horretan ez dago genero bereizketarik: komun bera da elbarri guzientzat. «Ideia inplizitu bat dago, eta ez ditugu gizaki sexualdun gisa ikusten. Orduan, haientzat ez dago eraikuntzarik komunean», esan du.

Denek eserita

Preciadoren azterketaren arabera, pentsatu ohi da arkitekturak emakume eta gizonen berezko funtzio ezberdintasunari erantzuten diola, «naturalak diren oztopoak eraikiz». Bestela ikusten du hark: arkitektura horrek «genero protesi» modura funtzionatzen du; berak sortzen ditu funtzio biologikoen arteko aldeak. Beraz, horiek apurtzea beharrezkotzat jotzen du. «Komun publikoetako genero erregimenari ihes egitea pixatokien arkitektura modernoak orain dela bi mendetik inposatzen digun sexu bereizketari aurre egitea da».

Bide horretan, eta gaia hezkuntzara eramanda, eskoletan bereizketarik gabeko komunak sortzea proposatu du Barquinek. Baina erabaki horrek baditu kontuan hartu beharreko hainbat faktore. «Mutilek zutik egiten badute lehengo nesken komunetan, ez dugu ezer irabazi. Eseri baino lehen garbitzera behartuta egongo ginateke. Ez da bakarrik espazio komunak lortzea; erabilera eta errespetua ere bada».

MUko irakaslearen arabera, mutilek pixa zutik egitea maskulinitate tradizionalarekin lotuta dago. «Ezezko batzuetan oinarritzen da, eta haietako nagusia emakumea ez izatea da». Mutil batek pixa eserita egiten badu eta besteek ikusten badute, bere gizontasuna zalantzan jartzeko arriskua dago, eta normalean irri eginen diote. Ez soilik gizonek. Eskoletan, adibidez, guraso batzuek ez dute onartzen semeak pixa eserita egitea.

Gai horri lotua da, besteak beste, Arantxa Iturberen liburu bat: Nik eserita egiten dut. Eta zer? Liburu horretan mutiko bat da protagonista, eta lagunek irri egiten diote pixa eserita egiten duelako. Berak ez du ulertzen zergatik aitak zutik egiten duen, beti dena zikin-zikin uzten duelako. Iturbek esan duenez, liburua idatzi zuenean haur txikia zuen, eta gauza horiek kezkatu egiten zuten. «Gai polita iruditu zitzaidan liburua idazteko; momentu horretan gai garrantzitsua iruditzen zitzaidan». Dena dela, onartu du ez zuela inolako eztabaidarik piztu nahi izan. «Ez zait literatura horrela egitea gustatzen. Seguru aski gure etxeko komunak dira horretarako toki aproposagoak».

Hark ere begi onez ikusi du komunetan bereizketarik ez egiteko ideia, baina, betiere, garbi baldin badaude. Alemanian ikusitako egoera bat ekarri du gogora: «Alemaniako etxe askotan ohar bat jartzen dute: 'Komun honetan eserita egiten da'. Azkarrak direla iruditu zitzaidan; ez dute aukerarik ematen».

Liburuaren bukaeran, baina, mutilak hau erabakiko du: etxean eserita eginen du, eta kanpoan, zutik. Iturbek onartu du politikoki zuzena izateko idatzi zuela horrela, baina gerora ikusi du bestela jokatu behar zuela. «Barquinek arrazoi osoa zuen kritika egin zidanean. Beste edizio bat egingo banu, mutilak eserita bakarrik egingo luke».

MUko irakasleak proposamen bat egin du: Haur Hezkuntzan ikasleek pixa eserita egiten ikastea eta hori gurasoekin hitz egitea. Komunak ez lirateke bereizi beharko, baina zutik egin nahi duenak aukera izanen luke —betiere, eserita egiteko komuna ez zikintzeko hartuko litzateke neurri hori—.

Eskola batzuetan gaia aztertu da, baina gehienetan ez. Ailegatu da eskubide eta aukeren berdintasunaren diskurtsoa, baina binarismoarekin lotutakoa falta dela uste du Barquinek. Soilik bi motatako pertsonak onartzen dira: neskak eta mutilak. Haurrei askatasun handiagoa emateko, binarismoa komunetik behera botatzea da alternatiba.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan, behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

Bizikleta zuri bat jarri dute istripua gertatu zen toki berean. ©URTZI URKIZU

Behar ez zuen ezbeharra

Urtzi Urkizu

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<em>Sin huellas</em> telesailaren grabaketak. Hori izango da euskarara bikoiztu edo azpidatziko duten lanetako bat. ©AMAZON PRIME

Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu

Urtzi Urkizu

Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.