Albistea entzun

Izarne Lizaso. Psikologoa

«Denbora betetzeak zerikusia du bizitzari zentzua ematearekin»

JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Ihintza Elustondo -

2016ko martxoak 5

Izarne Lizaso EHUko Psikologia Fakultatean irakaslea da (Errenteria, Gipuzkoa, 1973), eta tesia egina du erretiratuen profil berrien inguruan. Haren arabera, «erretiroa aurreko urteen jarraipen bat da», eta «oker larria» da denek behar berberak dituztela pentsatzea. «Pertsonalizatu egin behar dira egoerak».

Adineko askok erretiratutakoan ez dute jakiten zer egin denbora librearekin. Zergatik?

Ez delako egon aukerarik ordura arte gelditzeko eta pentsatzeko: «Nik zer nahi dut? Zer gustatzen zait?». Beharretan oinarritu da pertsona. Eguneko ordutegia antolatuta egon da, eta, orain, agian, lehenengo aldiz ez dauka lotura hori. Denontzat daude aukerak gaur egun. Gizarte zerbitzuek edo elkarteek ekintza asko eskaintzen dituzte; ikusi behar dena da zein diren bakoitzaren ibilbide horrekin zentzua dutenak.

Belaunaldien artean aldaketa bat nabari da...

75 edo 80 urte dituztenek ez dute zerikusirik orain erretiratzen direnekin. Soslai berria da: botere ekonomiko altuxeagoa dute, ikasketa maila handiagoa, bidaiatzeko aukera izan dute, teknologia berriekin ere ohituta daude... Hor badago aldaketa kualitatibo garrantzitsu bat. Belaunaldi honek gehiago exijitzen du; aurrekoa pasiboagoa izan da.

Gizakiak, oro har, denbora librea betetzeko behar bat du. Nondik dator behar hori?

Denbora betetzeak zerikusia dauka bizitzari zentzua ematearekin. Bati gauza bat gustatuko zaio, eta beste bati, beste bat; baina, azkenean, beti bilatze prozesu batean dago gizakia.

Zer gertatzen da ez badago ezer egiteko?

Gerta daiteke besteen beharren arabera bizitzea. Hor badago pelikula bat: Gianni e le donne. Protagonista erretiratu bat da, eta emazteari gosaria prestatzen dio, bizilagunaren txakurra paseatzen du, ama ere zaintzen du... Haren bizitzaren ardatza besteak dira, eta haren bizitzak ez du inolako protagonismorik. Erretiratuaren irudi hori hor dago: rolik gabe gelditzen da lana bukatu duelako. Baina ez da hori erretiratu guztien egoera. Horregatik desberdindu behar da; adinekoen artean desberdintasun handiak daude.

Lana utzitakoan, autoestimu arazoak ohikoak dira?

Ikusi behar da bakoitzarentzat lanak zenbaterainoko garrantzia izan duen, eta zer esanahi izan duen bere bizitzan. Langile garen bitartean, identitatea ogibidearekin erlazionatuta dago, eta, erretiratzean, guztiak erretiratuak izendatzen dira. Batzuentzat, egoera hori galera inportante bat da; beste batzuk desiratzen daude erretiratzeko. Bakoitzaren momentu horretako sare familiarra, soziala, baliabide ekonomikoak, osasuna, itxaropenak... izan behar dira kontuan.

Gero eta ohikoagoak dira adinekoentzat aisialdi ekintzak. Lagungarri dira erretiratuentzat?

Erabat. Azken urteetan, aurrerapen handiak izaten ari dira. Lehenago bazen balorazio indibidual bat: erretiratzen den pertsona horren kasua berea da. Orain ikuspegia kolektiboagoa da.

Arazo bat baino gehiago izan ohi dituzte adinekoek. Besteak beste, alargun gelditzea.

Alargun gelditzen dena batez ere emakumea da. Emakumeen kasuan, oro har, joera gehiago dago harreman sozialak izateko. Baina, gizonezkoen kasuan, askotan, bikotekidea hiltzean bakardade sentsazioa inportantea izaten da. Aukera baldin badauka, pertsona horrek gustuko ekintza baten bidez beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko, kirola egiteko, paseo bat emateko... Aitzakiak dira, zeharka, beste helburu batzuk lantzeko.

Hain nabarmena da jarrera ezberdin hori?

Adineko hauek, normalean, bizitza osoa egin dute elkarrekin. Hori ere desagertuko da. Gizonezkoa lanean erretiratu da, baina emakumeak etxean lotura handiagoa izan du. Etxeak esan nahi du seme-alabak, familia, bizilagunak, auzoa... Lotura hori sendoagoa dute emakumeek, eta gizonezkoek ez hainbeste. Baina bakoitzaren ibilbideagatik, ez besterik. Eta emakumea alargun gelditzen denean, autonomoa da, ez du gizonezkoaren beharrik funtzionalki aurrera jarraitzeko. Baina gizonezkoaren kasuan, ez da bikotekidea galtzen duela eta ez dakiela etxean janaria prestatzen; badu gabezia bat, bere emaztearekin konparatuta, sare sozial hori ez duelako hainbeste landu. Eta bakardadea horregatik diot inportanteagoa dela.

Batzuei adinekoen ekintzak umekeriak iruditzen zaizkie.

Bakoitzaren araberakoa da hori. Orain irekia dagoen pertsona batek, ekintza ezberdinak probatzen dituenak, beti izan du izaera hori. Baina pertsona bat izan baldin bada etxekoiagoa, ez hain trebea sozialki harremanetan eta nahiago izan badu bakartasunean egon, agian ez du beharrik sentitzen horrelako ekintzetan parte hartzeko. Ibilbide horiek errespetatu egin behar dira; ez da bat hobea bestea baino.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.