Albistea entzun

Emakumeen Nazioarteko Eguna

MUNDU OSO BAT ERALDATZEKO

Onesten du mugimendu feministak gizon-andreen arteko berdintasuna lortze aldera iragan hamarraldietan egin den ibilbide irmoa, baina ohar eginda: eredu heteropratiarkalak —agerian zenbaitetan, uste usteletan kukututa usu— nagusi segitzen du. Hori gogoan du Bilgune Feministak atera berri duen azterketan.
NARENDRA SHRESTHA / EFE

Arantxa Iraola -

2015eko martxoak 8

Mekanismo berriak dauzka orain. Itxuraz aldatzen da, baina hortxe jarraitzen du». Bilgune Feministako ordezkari Saioa Iraola mintzo da, gizartean tinko errotutako bizi-ikuskeraz, gizon eta emakume askoren jardueren antolaketaren muinaz: eredu heteropatriarkalaz eta horrek dakarren sexu-genero zapalkuntzaz. Horren gaineko azken gogoeta zabala iragan abenduan aurkeztu zuten, Ondarroan (Bizkaian), Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministan: Euskal feminismoaren erronkak XXI. mendean. Sexu generoaren ikuspegitik eman diren aldaketa prozesuen argazkirako gakoak. Diagnostiko horren egileetako bat da Iraola bera, eta, hona hemen, haren solasekin, atalez atal, aztergai nagusiak:

EREMU SOZIOEKONOMIKOA

Krisia. Diagnostikoan saihestu ezin izan duten hitza da. Azken urteak haren itzalean egin dira, eta, beste alor askotan bezalaxe, eragina izan du horrek berdintasunerako urratsetan ere. «Sexu- generoaren ikuspegitik, azken urteotan okertu egin dira bizi-baldintzak», ohartarazi du Iraolak. Diagnostikoan nabarmendu dute «dominazioan eta hierarkian» oinarritutako gizarte ereduarentzat hauspo izan dela giro nahasi hori guztia, eta indarkeria sexista —«mila aurpegi, mila ahots»— horregatik dela oraindik ere «lehen mailako arazo»: arriskutsuki. Izan ere, eremurik estalienetan dago, bereziki, hanpa-hanpa eginda: sendo. «Lagun taldeetan, harreman sozialetan, etxeetako sukaldeetan eta abar».

Ohartarazi dute emakumezkoek —«merkatuen interesei erantzunez»— enplegurako sarbidea izan dutela, baina ez dela egoki jokatu lana eta familia bateratzeko urratsetan. «Egungo neurriak zerbitzu publikoen kontrako tranpa bat direla uste dugu, emakumeek zaintza eta etxeko lanak beren gain betikotzeko estrategia bat, hain zuzen ere». Horrekin guztiarekin lotuta gailendu diren balioei ere erreparatu behar zaiela uste du Iraolak: hausteko. «Izan ere, gero eta gizarte indibidualistago baterako urratsak egin dira, eta, kontrara, komunitatearen ideian galtzera egin da».

Horrekin batera, gogor gaitzetsi dituzte urteotan instituzioek egin dituzten murrizketak. «Egiturazko neurri murriztaile guztiek familia patriarkala indartzea eta merkatua ez egonkortzea dute helburu», ohartarazi dute, eta, horretan galtzaile, batez ere, andreak direla gogorarazi dute: «Emakumeon lan merkaturatzea modu eskasean egina baita, lanaldi okerrenak, soldata txikienak guk izanik». Pobreziaren inguruko datuek errealitate ilun bat biluztu dutela gogorarazi dute, eta sarri askotan andrazkoek nozitzen dutela egoerarik txarrena.

Biziki kezkatzen ditu usu hori ezkutatzeko egiten den ahaleginak. «Badago emakume multzo txiki bat kualifikazio handiko lanpostuetan, baina, haietara iritsita, eredu berri bat bultzatu beharrean, egungo egitura ekonomikoari iraunarazten diote», gaitzetsi dute. «Emakumeen parte hartzea handitu egin da, horretan ez da dudarik», onartu du Iraolak. «Baina horrek ez du ekarri beste eredu bat sustatzea». Eta diagnostikoan deitoratu dutenez, hainbat egoera bidegabek betikotutako arazo dirudite eredu aldaketa horren faltan: egiturazkoak.

Errotiko aldaketa gauzatze aldera, zaintza lanak aintzat hartzea garrantzitsua iruditzen zaie, gizarte osoaren ardura argi uzteko. Gainerakoan lan horien inguruko «kate transnazionalak» egoeraren jabe egiten ari direla salatu dute, eta horiekin emakumeen lan baldintzak kaskartu baino ez direla egiten. «Lan horietan jarduten duten emakume asko etorkinak dira, inolako babes juridikorik gabeak askotan». Oso baldintza eskasetan aritzen direla salatu dute, eta deserrotu egin behar izaten dutela, usu, hemen lanean aritzeko: jaioterrian uzten baitituzte maiz seme-alabak, beste andreren baten ardurapean gehienetan.

EREMU POLITIKO-INSTITUZIONALA

Formala. Adjektibo hori darabilte sarri alor politikoetan eta instituzioetan erdietsi den berdintasuna nola ikusten duten erakusteko. Izan ere, onartzen dute mugimendu feministaren aldarriak heldu direla instituzioetara, eta «emaitza» agerikoa utzi duela horrek. Baina argitu gabeko galdera ugari dituzte, garbi baitute arriskua dagoela instituzioek mugimendu feminista «xurgatzeko». Horregatik, beren lanari lotuta segitzeko deia, erakundeen esku laga gabe: «Instituzioek mugimendu feminista aintzat hartzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta, bestetik, mugimendu feministak bere jardunari, bideari eustea». Harago egiteko giltzen bila, helburu asko baitaude oraino konkistatzeko: «Instituzioek zergatik ez dute mugimendu feminista mintzaide politiko gisa aintzatetsi? Zer egin behar dugu intzidentzia politikoa areagotzeko?».

Berdintasunaren inguruko uste ustelei erreparatu nahi diete, atzean zer dagoen argi uzteko. «Gehiengoak ez du zilegitzat hartzen sexuen araberako bereizkeriarik. Bilakaera hori aurrerapen gisa har daitekeen arren, arazo berriak erakartzen ditu, inor gutxik onartuko baitu diskriminazio edo indarkeria egoerak bizi edo ezagutzen dituenik». Berdintasunaren aldeko urratsak egin badira ere, instituzioak «feminista egiteko» neurriko aldaketarik ez da egin, Iraolak adierazi duenez, eta erantsi du horrelako aldaketa sakonik egin ezean herrenak izango direla gainerako guztiak. Urteotan krisiaren harira gailendu diren politika berriek, gainera, ez dutela batere laguntzen esan du: «Erabakiak gero eta urrunagoko instituzioetan hartzen dira: Europako Batasunean, eta erakunde transnazionaletan». Mugimendu sozialak gutxiestera eta ahultzera egin dela: «Are gehiago: kriminalizatzera». Ingurumari horretan, hainbat andre bereziki egoera zaurgarrietan daudela salatu du: paperik gabeko etorkinak hartu ditu gogoan, eta emakumezko presoak.

Nabarmendu dute, halaber, oso garrantzitsuak direla zubiak: ate berriak. «Hain zuzen ere, ez baita inongo harreman zubirik eraikitzen jabekuntza politika batzuen eta mugimendu feministaren artean, eta horrek elkar ez ezagutzea eragiten du, elkar ez topatzea. Beharrezkoa da mugimendu feministan eta instituzioetan lanean dabiltzan teknikari feministen arteko harreman zubiak egitea, lidergo feminista eskuratzeko beharrezkoa den urratsa baita». Indartu egin nahi du Iraolak mezua, helburua argi uzteko: «Aldaketarako subjektu politiko izan behar dugu». Boteredunak. Hain justu, Euskal Herrian abian den subiranotasun estrategian xede hori lehen lerrora eramateko dagoela ohartarazi dute azterketan: «Kezkagarria iruditzen zaigu Euskal Herriko prozesu demokratikoan emakumeen parte hartzerako neurriak alde batera zokoratuta egotea, baita bide horretan oraindik behintzat ikuspegi feminista ziklo politiko berrian txertatu ez izana ere». Argi dute hori egiten ez den bitartean prozesua ez dela «benetan» demokratikoa izango .

EREMU IDEOLOGIKO-KULTURALA

Gudu zelaia. Andreen gorputza, oraindik ere, boterea eta nagusitasuna erakusteko eremu dela argi du Iraolak. «Hortxe dago Espainian abortuaren inguruan egin nahi zuten erreforma». Hortxe, iraganetik datorren lasta. «Apaizek, epaileek, jakintsuen biltzarrek, jaungoikoek, legeek, medikuek, ohiturek, estatuek eta beste makina batek egunero zanpatzen digute emakumeoi gure gorputzen gainean erabakitzeko dugun eskubidea», ohartarazi dute diagnostikoan. Eta arbuiatu dute, bereziki, andreei haur direnetik egozten zaizkien estereotipoen zama. «Emakumeak ipuinetako jokoetako pertsonaiak gara askotan; fantasiazko munduko objektuak». Onak: «Amak». Eta gaiztoak: «Putak». Eta estereotipoen erreten estu horretatik lekora irten nahi dutela aldarrikatu dute: libre eta hezur-haragizko. «Emakumezko asko gara inposatzen zaigun irudi estetikoaren barnean kokatzen ez garenak».

Bide horretan, maitasun erromantikoaren mitoaren atzean kukututa dagoen ideologiari ere erreparatu diote, mendekotasunean oinarritutako bikote harremanak dakartzala argudiatuz. «Erlazio ez-osasuntsuak dira», gogorarazi du Iraolak. «Bakoitzaren proiektuak eta nahiak alboratzen dira askotan, eta bestearen bizimodura etengabe eta erabat moldatzen, norbere burua alboratzeraino, edo nor zaren ahazteraino». Ohartarazi dute, gainera, usu «askatasunaren ideologiaren» itzalpean aurkezten direla erlazio horiek, baina muinean dituzten botere harremanak gainditu ezinik eraikitzen direla oraino sarritan: lehengoari lotuta.

Aldaketak igarri dituzte familia eredu berriak sortzeko orduan. Nabarmenak: «Gero eta gehiago gara ama bakarrak, lesbianak, harreman monogamoetan sinesten ez dugunak, amatasuna bizitzeko era berriak hautatzen ditugunak edo ama izan nahi ez dugunak». Adierazi dute gogoeta egin behar dela eredu berri horien inguruan, eta ateak zabaltzen jarraitu behar dela gizarte bidezkoago baterako bide izan daitezen. Bai familiak, bai eta gainerako kultur eta gizarte adierazpen guztiak ere. Mundu oso bat baitago eraldatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezko borobila eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...