Albistea entzun

Euskara Nafarroan. ETBren emisioa

ETB Nafarroan berriz emititzeko eskatu dute EH Bilduk eta EAJk

Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bateratua egin dute. EITBko langileek protesta egin dute Bilboko egoitzan
EITBko langileek protesta egin zuten atzo Bilboko egoitzaren atarian.
EITBko langileek protesta egin zuten atzo Bilboko egoitzaren atarian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Belarra -

2016ko maiatzak 7 - Iruñea

EH Bilduk eta EAJk legez besteko proposamen bateratua aurkeztu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, ETBren emisioa etetearekin «nafarren eskubidea urratu» egin dela iritzita; seinalea «berehala» berreskuratzeko eta ofizial bilakatzeko eskatu zuten. Bi urratsetan: «Hasiera batean behin-behinekotasunez, Nafarroako Gobernuaren irrati espektroaren bitartez, eta denborarik galdu gabe dagokion lege babesean ofiziali- zatzea». Azaldu dutenez, «Espainiako Gobernuaren erabakiak agerian uzten du, beste behin ere, UPNk eta PPk euskararekin eta Euskal Herriarekin zerikusia duten ororekin duten obsesioa».

ETBk Nafarroan emisioa etengo zuela iragarri bezain laster heldu ziren erreakzioak. Change.org webgunean sinadura bilketa egiteaz gain, ostegun iluntzean, ehunka nafarrek protesta egin zuten UPNren egoitzaren aurrean, Espainiako Gobernuko Industria Ministerioaren erabakia gaitzesteko —alderdi horrek gobernuan zela jarritako salaketa baten haritik etenarazi du seinalea Espainiak—. UPNko presidente Javier Esparzak haien aurkako «jazarpen kanpaina» salatu du, eta Nafarroako Gobernuari egotzi dio elkarretaratzea «bultzatu eta zuzendu» izana. «Guk ez dugu eragozpenik ETB Nafarroan ikus dadin. UPNk ez du ezer debekatu; legea betetzeko soilik eskatzen dugu».

UPNk ez du amore emango

Nafarroan «amorrua» hedatzen saiatzea leporatu dio Esparzak foru gobernuari: «Nafarroako gizartea puskatzeko jolasetan sartzen ari dira, jendearengan amorrua sortzeko. Ez dago horretarako beharrik». UPNko presidenteak nabarmendu du «presioen aurrean» ez dutela amore emango. «Are gutxiago, demokraziaren legeekiko errespeturik erakutsi ez dutenen aldetik baldin badator jazarpen hori».

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak Esparzaren hitzak ukatu ditu: «Ez genuen osteguneko elkarretaratzea zuzendu, ezta jendeari joateko eskatu ere; herritarren haserrearen erakusleiho izan zen, eta, nik dakidanez, errespetu osoz egin zen». Presidenteak UPNri eskatu dio orain arteko prozesu osoaren hausnarketa egiteko, «instituzioen aurka jo beharrean».

ETB Nafarroan ikus dadin «konpromiso politikoa» adierazi du Barkosek, «gizartearen eta parlamentuaren gehiengoak hala eskatzen duelako». Horretarako, giltzarri izan daiteke asteartean Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatuko duten lankidetza hitzarmena.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzako zuzendari Iñaki Dorronsorok nabarmendu du euskal kulturaren balioak hedatzen EITBk ikus-entzunezko arloan egindako lana. Hori aintzat hartuta, Nafarroan ETBren emisioa eten izana «tamalgarritzat» jo du: «Gure euskaldun izateari uko egiten diotelako, eta dauzkan ondorioak neurtu ezinezkoak direlako».

Dorronsororen arabera, nafarrek «berea» duten hizkuntza eta kultura «duintasunez» tratatzea legezkoa da, eta dagozkien erakundeei exijitu die seinalea digitalizatzeko behin betiko irtenbideak bilatzeko.

EITBko langileak, haserre

EITBko langileak ere kalera atera ziren atzo, telebista publiko bat Euskal Herriko herrialde batean debekatzea «zentzugabekeria» dela salatzeko asmoz. EITBren Bilboko egoitza atarian egin zuten elkarretaratzea, Euskal Telebista Euskal Herri osoan lelopean. Andoni Basabe EITBren zentro arteko presidenteak galdegin zuen «ahalik eta azkarren» ematea erantzun bat Espainiako Gobernuak hartutako erabakiari: «Nafarroako eskuinaren kasketaldi hau, zentzurik ez duen erabaki hau lehenbailehen moldatzeko eskatzen dugu, ETB Euskal Herri osoan ikusi ahal izateko, horretarako sortu baitzen».

«Gai politikoa» izanik, politikariek moldatu behar dutela ohartarazi zuen Basabek, eta horretarako bideak egon badaudela jakinarazi zuen. Nafarroako Gobernuko arduradunek eta Eusko Jaurlaritzakoek gai horretan bat egiten dutela. «Noski, sintonia dute, eta lortuko dute akordioa. Nafarroa osoan ikusi ahal izango da ETB, Errioxan eta beste autonomia erkidego batzuetan ikusten den bezalaxe».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

 ©JAZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman

'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste, Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoak.

 ©JON URBE / FOKU

«Jar ditzagun aditz errazak, jende guztiak erabiliko dituenak»

Arantxa Iraola

'Euskara orain. Eraginkortasuna helburu' lana atondu du Mendizabalek, euskararen egoera ikuspegi «ezohiko» batetik aztertze aldera. Aurrez ere ozen egina zuen euskara «sinplifikatzeko» eskea: berritu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...