Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Nola neurtu kearen beltza

Publizitatea

Gizartea

Nola neurtu kearen beltza

Gas isuriak neurtzeko irizpideak ezartzen dizkie IPCCk estatuei, gida baten bidez. Jarraibide horiek nola osatu eztabaidatzeko, batzartuta egon da taldea Euskal Herrian.
Kutsadurari buruzko kezka areagotzen ari da hainbat hiri handitan; irudian, Madril estaltzen duen ke hodeia.
Argazkia: JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

2017-06-18 / Maite Asensio Lozano

Ganaduak eragiten dituen metano isuriez kezkatuta, abereen elikadurari erreparatu diote zientzialariek azken urteotan: batik bat behien dieta moldatuz —azukre gehiago duten jaki batzuk emanez—, gas igorpenak txikitu daitezkeela ondorioztatu dute, urdailean jakiak metano bihurtzeko prozesua aldatzen delako. Halako teknika berriak hedatzen ari dira, baina horien ondorioz atmosferara isurtzen diren gasak neurtzeko modurik ez dago adostuta nazioartean. Hain justu, horretan jardun da IPCC Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Taldea azken bi asteetan, EHUren Leioako campusean (Bizkaia) egindako bileran. Gasen isurketa neurtzeko gida metodologikoa «zorrozten eta hobetzen» aritu dira 190 aditu, BC3 ikerketa zentroak gonbidatuta. 2019an izango dute prest gida berria.

Klima aldaketaren esparruan, munduko eragile zientifiko esanguratsuenetako bat da IPCC. Erakundearen adarretako bat izan da egunotan Euskal Herrian: TFI Inbentarioetarako Talde Berezia, Eduardo Calvo Buendia eta Kiyoto Tanabe buru. Berraztertu duten gidaren bidez, Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketarako Hitzarmeneko kide diren estatuei gas igorpenak neurtzeko irizpideak ematen dizkiete; horiei jarraiki, herrialdeek isuriei buruzko txosten bat landu behar dute urtero edo bi urtean behin.

1990eko hamarkadan hasi zen IPCC berotegi efektua eragiten duten gas isuriak neurtzeko gidak prestatzen, Kiyoto Tanabek azaldu duenez: «2006an sortu genuen osoena, aurreko metodologiak bateratuz, eta ordutik ez da eguneratu. Horretan hasi gara bilera honetan». Irizpideak osatzea «prozesu dinamikoa» dela azaldu du Maria Jose Sanzek, BC3ko zuzendari zientifiko eta gidaren egileetako batek: «2006tik hona, teknologia batzuk hobetu egin dira, eta prozesu berriak agertu dira industrian, energiaren sektorean, hondakinen kudeaketan... Horien guztien gas isuriak neurtzeko metodologia berriak erabili behar dira; horiek txertatu behar ditugu gidan».

Azken urteotan sortutako prozesu horietako bat dira ganaduaren metano isuriak gutxitzeko jakiak, baina badira beste hainbat: hidrogenoa edo azido nitrikoa ekoizteko teknologiak, nekazaritzarako ongarri berriak, edo ikatz meategiak; «2006an, ia erabat geldituta zeuden; egun, berriro jarri dituzte martxan meategiak, batik bat Txinan». Baina, akaso, adibiderik argiena da fracking-a. Tanabe: «Duela hamar urte, teknika hori ez zegoen hedatuta. Egun, gas asko ustiatzen da haustura hidrauliko bidez, baina teknologia hori ez zenez existitzen 2006an, ez da orduko gidan ageri, eta ez dago isuri horiek neurtzeko irizpide bateraturik».

Aldiz, oraingoan ere ez dute gidan txertatuko nazioarteko garraioari buruzko jarraibiderik. Ekologistek 2006ko irizpideei egindako kritika esanguratsuena izan da: azken hogei urteetan ia %400 areagotu den arren, itsaso eta aire bidezko garraioak eragindako emisioak ez zaizkio inori egozten. Eta, ondorioz, inork ez du bere gain hartzen isuri horiek murrizteko ardura. Gai konplexua dela aitortu du Eduardo Calvo Buendiak: «Norena da nazioarteko hegaldi bat? Aireratu den herrialdearena, ala lurreratu denarena? Aire konpainiaren herrialdearena, ala bidaiarienarena? Nori dagozkio Qatar Airwaysek Brasildik Argentinara duen hegaldiaren isuriak?».

Argitu du, dena den, gidaren helburua beste bat dela: «Estatuentzat da, inbentario nazionalak egin ditzaten. Nazioarteko merkataritza hortik kanpo geratzen da, ez baitago adostasunik emisio horiek banatzeko moduez». Sanzek erantsi du metodologia bera erabiliko litzatekeela, adibidez, hegaldi nazional baten eta nazioarteko baten igorpenak neurtzeko. «Baina guk ez dugu erabakitzen zeri aplikatu behar zaion metodologia hori. Ez da gure eskumena».

Efizientziaren ondorioak

Funtsean, herrialde bakoitzak bere mugen barruan egiten diren gas isuriak neurtzen ditu. Hala, Txina da gehien kutsatzen duen herria, neurri batean, munduaren fabrika delako: han ekoizten dira beste hainbat herrialdetan kontsumitzen diren produktu asko. Halere, IPCCko adituak baikor agertu dira, Txinak 2015ean Parisko biltzarrean hartutako konpromisoei begira. «Gas isurtzaile handia da, baina energia sistema moldatzen ari da, berriztagarrien erabilera areagotuz, eta oso azkar, gainera», azaldu du Calvok. Eragina mundu osoan sumatuko dela erantsi du: «2016 arteko datuek adierazten dute emisio globalak bere gorenera iritsi direla, ez direla hazten ari. Eta arrazoietako bat izan daiteke Txinaren eraldaketa hori».

Antzeko joera bat antzeman du Sanzek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei begira: «Produkzioa igo egin da, baina isuriak jaitsi egin dira. Efizientziari zor zaio: 1990. urtean 100 unitate ekoiztean isurtzen genuena baino gutxiago isurtzen dugu egun 200 unitate ekoiztean». Bat etorri da Tanabe: «Teknologia efizienteak erabiliz, isurketak murrizteko aukera handia dago».

Publizitatea

Sortu kontua
Maite Asensio Lozano Maite Asensio Lozano

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak