Hiru dimentsioko itxaropena

Gipuzkoako ikasle talde batek 3D inprimagailu bat erabili du protesi bat egiteko.

9 urteko ume batentzat egin dute.

Teknologia horren bidez aukera berri asko sor daitezke oraindik
Unai Blanco protesi berriarekin, botila bat eskuan hartzen.
Unai Blanco protesi berriarekin, botila bat eskuan hartzen. XABIER IZQUIERDO / DON BOSCO IKASTETXEA

Juanma Gallego -

2016ko otsailak 14
Ezkerreko besoaren protesia jaso zuen astelehenean Unai Blanco 9 urteko umeak, Errenteriako (Gipuzkoa) Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxeko ikasle eta irakasleek egindako lanari esker. Hiru dimentsioko inprimagailu bat erabili dute beharrezkoak diren pieza gehienak sortzeko. Xabi Carballo, Sergio Hurtado, Iñaki Peña eta Juan Miguez Elektronikako ikasleek osatu dute Unairentzako beso berria, Karlos Lizarbe irakaslearen laguntzaz.

Arteixon (Coruña, Galizia) bizi da Unai, eta ezkerreko besoa falta zaio jaiotzetik. Haren senideek 3D inprimagailuen aukera ikusi zuten Interneten eta iazko abenduan Bilbon egin zen Maker Faire azokan kontaktuan jarri ziren Don Boscoko taldearekin.

Hiru dimentsioetan inprimatzeko gai diren tresna horiek gero eta aplikazio gehiago dauzkate eremu zabal batean. Besteak beste, protesiak modu merkean fabrikatzeko aukera ematen dute. «Enpresetan gero eta gehiago eskatuko dute, eta horregatik 3D arloan konpetentzia bultzatu nahi genuen ikasleen artean», esan du Karlos Lizarbek .

Enabling the futureetorkizunari bidea emanez») izeneko egitasmoan parte hartzen dute Don Bosco ikastetxean. 3D inprimagailuekin kostu gutxiko protesiak lortzeko nazioarteko proiektua da. Hiru talde daude bertan: protesiak diseinatzen eta hobetzen dituzten ingeniariak, protesi horiek inprimatzeko aukera eskaintzen dutenak eta, azkenik, protesiak behar dituztenak. Web orri baten bitartez elkarrekin kontaktuan jartzen dira.

Unairena ez da taldean egin duten lehen protesia. Iaz Mexikoko bikote batentzat protesi bana egin zuten. Aurten Zaragozatik (Espainia) beste eskari bat jaso zuten, 3 urteko ume batentzako. Kasu horietan eskuak inprimatu zituzten, baina Galiziako eskaria ezberdina izan zen, Unaik beso baten beharra zuelako. «Bere gurasoei besoaren eskaner bat egitea proposatu genien. Emaitza Coruñatik bidali ziguten, eta behin fitxategi hori esku artean izanda, protesia neurri egokian inprimatu ahal izan genuen», azaldu du irakasleak.

Borondatezko lana

Domotek enpresako Lizar Azkune ingeniari diseinatzaileak lagundu zien moldaketa egiten. «Enpresako gerentea Koldo Artola da, gure ikasle ohia, eta Enabling the future egitasmoaren boluntarioa». Protesia eraikitzeko plastikoa Hondabirriko Kabitan enpresak eman zien.

Ikasleek arratsaldeetan muntatu zuten protesia. «Oso gustura egon dira, eta oso harro, gainera, egin duten lanarekin», nabarmendu du Lizarbek. Lan boluntarioa izan da beraiena, proiektuan egiten den lan guztia bezalakoa. Protesiak sortzeko beharrezkoak diren diseinuak ere libreak dira, eta software librearekin gertatzen den antzera, nahi duenak erabili ditzake.

Hatz-koskorretan gomazko pieza malguak ditu protesiak eta atzamarretan tentsioa ez dagoenean pieza horiek eskua zabaltzen dute. «Arrantzan erabiltzen den pitaren antzeko hari batzuk daude atzamarren parean, eta gure tendoiek egiten duten antzeko funtzioa betetzen dute, atzamarrak ixteko». Hari horiek ukondoan lotzen dira, eta ukondoa mugituta lortzen da atzamarrak irekitzea eta ixtea. «Bi mugimenduekin lortzen da protesia erabiltzea. Bateria eta elektronikarik ez izanda, busti daiteke eta ez du mantentze-lanik behar», azaldu du.

Unaik bazuen aspalditik beste protesi profesional bat, mugimendurik gabekoa eta estetikoa baino ez zena. Bi egunetan baino ez zuen eraman, pisutsuegia zelako eta umeak batere gustuko ez zuelako. «Berak marraztu zigun zein kolorerekin nahi zuen besoa, eta gu saiatu gara bere nahia betetzen». Unairen ama, Monica Martinez, pozik azaldu da protesiaren funtzionamenduarekin. «Oso ume tematia da Unai, eta beti nahi du aurrera joan. Hori ona da», esan du telefonoz Arteixotik. «Egun gutxi barru herrira joango gara, bertan bizikletan ibiltzeko gogoa duelako Unaik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna