Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Argi gutxi eta itzal asko Espainiak gazteentzat iragarritako osagarrian

Publizitatea

Ekonomia

Argi gutxi eta itzal asko Espainiak gazteentzat iragarritako osagarrian

Formakuntza kontratu bat lortzen duten gazteen soldata 430 eurorekin osatzea proposatu du Fatima Bañez ministroak. Europako dirua erabiliko litzateke, eta enpresentzako hobariak ere aurreikusten ditu
Argazkia: CATI CLADERA / EFE

2017-06-18 / Irune Lasa

Lau zenbaki ematea nahikoa izan du Fatima Bañezek albistegi eta egunkarietan albiste positibo batekin agertzeko. Espainiako Enplegu ministroa Luxenburgon zegoen ostegunean, eta hantxe iragarri zuen «ez ikasi eta ez lanik egiten ez duten gazteentzako neurria». Bañezen arabera, langabezian dauden 30 urtez azpiko gazteei, trebakuntza kontratu bat lortzerakoan, hilabeteko soldata 430 eurorekin osatuko die gobernuak, gehienez 18 hilabetez.

Ministroak nabarmendu zuen neurri «oso ahaltsua» zela soldata osagarriarena, «formakuntzaren bitartez gazteak lan merkatuan sartzea erraztuko duelako. Gazte horiei aukerak ematen jarraitu ahal izatea lortuko dugu».

Bi lirateke soldata osagarria jasotzeko gazteek bete beharreko baldintzak: formakuntza kontratua lortu aurretik langabezian egotea eta Espainiako Gazteentzako Berme Sisteman izena emanda egotea. Bañezek azaldu zuenez, gaur egun 608.000 gaztek dute izena emana Gazteentzako Berme Sistema horretan —horietatik 402.000, lanik gabe—, eta ministroak espero du soldata osagarriaren neurriak izen emate gehiago ekarriko dituela. Maiatzaren 31ko datuei begira, berme sistema horretan izena emanda zeuden euskal herritarrak 17.570 ziren.

Beste zenbaki bat ere eman zuen ministroak. Esan zuen 2017ko aurrekontuetan badaudela 500 milioi euro soldata osagarria finantzatzeko. Beraz, dirua egonda, «lehenbailehen» jarri nahiko luke abian neurria. Horregatik, azaldu zuenez, datorren asteartean proposamena aurkeztuko die sindikatuei eta patronalari. Erkidegoekin ere hitz egin behar duela gaineratu zuen.

Zenbakiak falta

Beharbada orduan emango ditu enplegu ministroak orain arte eman gabeko zenbait zenbaki, argigarriak izan daitezkeenak aste honetan iragarritako neurri «ahaltsuaren» egiazko ahalmena ikusteko.

Adibidez, argitu beharko lieke ea baduen Europako Batasunaren baimena handik Gazteen Berme Sistemara datozen 500 milioi euroak erabili ahal izateko soldata osagarriak ordaintzeko. Sistemaren helburua, berez, ikasketak bukatu eta langabezian dauden gazteei etengabeko prestakuntza, praktikak edota zuzenean lanerako eskaintza bat bermatzea da.

Bañezek argitu beharko luke, era berean, ea bere kalkuluen arabera zenbat izango diren hilero 430 euro horiek jasoko dituzten gazteak. Kontuan izanda gazte batek 18 hilabetean 7.740 euro jasoko lituzkeela orotara, 500 milioi euroekin soilik 65.000 gazte ingururentzat iritsiko litzateke.

Trebakuntza kontratu horiek finko bihurtzen dituzten enpresentzako gizarte segurantzako hobariak ere aipatu zituen ministroak Luxenburgon, baina urtebete eta hiru urteko laguntzak izan daitezkeela esateaz gain, ez zuen beste xehetasunik eman.

Edonola ere, Ciudadanosek bere lorpentzat aurkeztu du 430 euroko txekea. Soldata txikiak gobernuak osatzearen aldekoa da Albert Riveraren alderdia, eta horren ingurukoak jasota daude PPrekin hitzartutako inbestidura akordioan.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak