martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hollande

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Indartsu hasi zen Hollande, Frantziako lehendakaria. Alemaniak Europako beste herriei ezartzen zien, eta dien, austerizidioaren aurka egiteko promesekin osatu zuen kanpaina; bat egin zuen Portugal, Espainia, Italia eta Greziako gobernuen jarrera kritikoarekin, eta kontraboterea bultzatu zuen Merkel ahaltsuaren aurka.

Proposamen horrek ilusio handia sortu zuen. Behingoz, ekinbide lerro berri bat osatu zen Europan, Merkel bere lekuan jarriko zuena («ni beti nire lekuan nago», erantzungo lidake lerro hauek irakurriko balitu) eta krisi ekonomikoa beste era gizatiarrago batean kudea litekeela erakutsiko zuena.

Ez zion asko iraun indar alternatiboak aurki Eliseoa utzi beharko duen Hollanderi, emaitzen aurreikuspen txarrak ikusita berriro ez aurkeztea erabakitzearen ondorioz. Aurre egin behar zion Berlini, eta azkenean Berlinen aginduak betetzea erabaki zuen, ezarritako lan erreformak aplikatuz.

Eta Euskal Herriko ikuspegitik zer esan dezakegu? Badirudi bukatu aurretik ETAren armagabetzea ahalbidetu nahi izan duela; aurreko batean esan nizun bezala, Vicent, zaila zeukalako mahai gainean jarri zioten armagabetze ereduari ezezkoa ematea. Bi puntu baikor bururatzen zaizkit Hollandek Euskal Herrian eduki duen jardunaz. Frantzia osoan martxan jarritako egituraketa administratibo berriaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeek erakunde instituzional bakar batean bildu ahal izan dute, Elkargoan. Aurreneko aldiz hiru herrialdeak daude, eta hirurak bakarrik, erakunde berean. Oso hastapenetan dago erakunde hori, duela hilabete batzuk sortua da, eta eskumen exekutibo handirik ez dauka; baina markoa ezarrita dago. Bigarren puntua, aipatutako armagabetzea. Punturik ilunena? Ez duela nortasunik eduki urteotan Madrilek ezarritako bidetik atera eta gatazkaren konponbidean urrats propioak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.