Albistea entzun

«Oihartzunez betea dago '50'; nire irakurketen sintesi bat da»

Mintxo Cemillanen ilustrazioak eta 'Baso bat opari' diskoa, hainbat musikarik grabatutakoa, ditu osagarri Patxi Zubizarretaren nobelak
Mintxo Cemillan, Antton Valverde, Patxi Zubizarreta, Joserra Senperena eta Rafael Berrio.
Mintxo Cemillan, Antton Valverde, Patxi Zubizarreta, Joserra Senperena eta Rafael Berrio. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Juan Luis Zabala -

2014ko urriak 3 - Donostia

«Hiru artista patetiko, peripatetiko eta apatiko» ditu protagonista Patxi Zubizarretaren 50 nobelak (Txalaparta), «oso erridikuluak» hirurak: Nikolas idazlea, Joseba pianista eta Rafael pintore eta eskultorea. Hirurek Euskal Herritik Panticosara (Espainia) egiten duten bidaia eta han eskaintzen duten errezitala dira kontaketaren ardatza. Mintxo Cemillanen ilustrazioak eta Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Rafael Berriok eta Oihane Igerabidek grabatutako diskoa ditu liburuak osagarri. Baso bat opari du izenburu diskoak, nobelako pertsonaiek Panticosan eskaintzen duten errezitalak bezala. Senperenarekin eta Cemillanekin harreman estua izan du gainera idazleak liburuko testua idaztean; haiekin konpartitu du sormen prozesua, eta bataren musika eta bestearen irudiak lagungarri izan ditu idazten aurrera egiteko. Adore emaile izan ditu diskoan parte hartu duten gainerako musikarien ekarpenak ere.

«Adin ertainean daude liburuko protagonistak», Zubizarretak azaldu duenez, «eta ez da kasualitatea nobela udazkenean kokatuta egotea». 2009eko udazkenean zehazki. «Garai latzak ziren, gatazka pil-pilean zegoen, eta gatazka hori ere agertzen da». Joseba pianistak, halabeharrez, lan horretarako kontratatua duen beilatokin baino ez du jotzen pianoa, eta Nikolas idazleak eta Rafael pintore eta eskultoreak Panticosako errezitala egiteko aukera lortu dute, elkarrekin berriro biltzeko eta bereziki Josebari beilatokitik at ere jendaurrean pianoa jotzeko aukera emateko, bidez batez Josebaren 50. urtebetetzea ospatuz. Beste bi artisten egoera Josebarenaren antzekoa da: Rafael pintore eta eskultoreak ez du artelan askorik saltzen, eta egurrezko guardasol sendoak egiten ditu dirua irabaziko badu; Nikolas, gogoz kontra, autolaguntza liburuak eta gidak idaztera behartuta dago. Bere burua hil zuen artista batek ere, Gilen izenekoak, nahiz eta bidaian ez izan, presentzia handia du. «Haren arima ere hor dabil, etengabe».

«Oihartzunez beteta» dago Zubizarretaren eleberria. Egilearen gustuko erreferentzia literario, artistiko eta musikal asko daude txertatuta kontaketan. «Nire irakurketen sintesi bat dago liburuan. Nire gustuko testuak, aipuak, itxaropenak, obsesioak, frustrazioak… hor doaz, modu batean edo bestean».

«Nobela idaztean, isiltasunean barrura begiratzeko ahalegina egin dut», adierazi du Zubizarretak, «ispilu bat jartzeko neure buruari, eta ispilu hori eskaintzeko irakurleari, ikusleari, entzuleari; identifikatu dadin, edo ez». Horrekin batera, «farandularen mundua» ere agertzen da nobelan, «eszenategiaren atzealdeko mundu hori».

Diziplinen arteko elkarlana

Sormen diziplinen arteko elkarlanarena ez da joera berria Zubizarretaren ibilbidean. «Pintoreengana eta musikariengana hurbildu nahi izan dut, haiekin aberastu. Ikusle eta entzule moduan lehenik, eta gero egile moduan». Sormen lanek «esanahi maila ezberdinak» hartzen dituzte, idazlearen ustez, elkarketaren ondorioz. «Nik idatzitakoari Joserrak musika jarri eta nik Joserraren musikarekin idazten jarraitzen nuen, eta gero Mintxok musika horrekin sortu… Esanahi mailak gorpuztuz joan dira horrela, zentzumenak, emozioak, gogoetak... Pio Barojaren esana gero eta gaurkotuagoa iruditzen zait: nobela zaku bat da non dena kabitzen den. Gaur egun are gehiago. Aukera dago dena sartzeko, teknologikoki behintzat». Nolanahi ere, idaztean «egoista» izan dela dio Zubizarretak, eta bere buruarentzat idatzi duela.

Liburuan ageri den errezitala, Baso bat opari, Avilan eta Salamancan (Espainia) eskaini zuten lehenik Zubizarretak, Senperenak eta Cemillanek, gaztelaniaz, eta Gasteizko Salburua auzoan eskaini berri dute oraindik orain, aurrenekoz euskaraz. Leku gehiagotan ere eskaini nahiko lukete aurrerantzean.

Zubizarretak nobelari buruz komentatzen zionetik eta Senperenak grabatutako piezetatik abiatuta osatu ditu Cemillanek liburuko ilustrazioak. «Makularik gabeko marrazkia» egin behar zuela pentsatu, eta «aztarnak» marrazten hasi zen, tintarik gabe, azaldu duenez. Gero, lanak aurrera egin ahala, marrazkiek «eboluzionatu» egin zuten. «Lan zaila izan da, konplexua, baina uste dut ondo geratu dela».

Liburuaren osagarri den diskoak 11 pieza batzen ditu guztira. Batetik, Senperenak sortu eta pianoz jotako sei pieza intsrumental daude; fikzioan, Joseba pianistarenak dira pieza horiek, eta errezitalean jotzen ditu. Bestetik, Zubizarretak idatzitako edo hautatutako testuak musikatuz osatutako beste bost kanta daude, bakoitza musikari batek grabatua: Joserra Senperena, Maddi Oihenart, Antton Valverde, Rafael Berrio eta Oihane Igerabide. Diskoaren grabazioa uztailean egin zuten, Donostian, Senperenaren etxean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. ©Gastibeltza Filmak / Al Borde Films

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Andoni Imaz

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.