Albistea entzun

Olaizola II.a-Untoria 18 Bengoetxea-Larunbe 22

Labriten izan du epizentroa

12-3 galtzen hasi arren, partidari buelta eman, eta Bengoetxea eta Larunbek finalerdietako lehen puntua lortu dute. Galdakaoko atzelariak behetik gora egin, eta hark aldatu du jokoa
Mikel Larunbe pilota astintzen, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxearen begiradapean, atzo Iruñean jokaturiko partidan.
Mikel Larunbe pilota astintzen, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxearen begiradapean, atzo Iruñean jokaturiko partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko martxoak 12

Iraupena. 59.11.

Pilotakadak. 467.

Saketik. Olaizola II.ak hiru; eta Bengoetxea VI.ak hiru. Olaizolak falta bat egin du saketik.

Markagailua. 6-0, 6-3, 12-3, 12-5, 13-5, 13-12, 15-12, 15-15, 15-18, 16-18, 16-20, 17-20, 17-21, 18-21 eta 18-22.

BesteLakoak. Labrit Iruñeko pilotalekua goraino bete zen (1.100 ikusle). Apustuak doblean irten ziren gorrien alde.

Nafarroako sismografoek dardara handia egin zuten herenegun, eta atzo ere beste astindu handi bat erregistratu zuten. Epizentroa hiriburuan bertan egon zen, Labriten, eta hankaz gora utzi zuen binakako txapelketako partida. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe 12-3 galtzen hasi ziren, eta astindua jasoko zutela zirudienean partidari buelta eman zioten. Larunbek hasierako kirioak aldendu, eta piloteoan agintzen hasi zen. Bengoetxeak bikain baliatu zuen aldeko haizea, eta erakustaldia eman zuen errematean. Horri esker, irabazleek lehen puntua lortu dute finalerdietako ligaxkan.

Olaizola II.ak eta Untoriak, aldiz, kontrako bidea egin zuten. Bikain hasi, eta hondoratuz joan ziren, atzelaria bereziki. Goizuetako aurrelariak inspirazioz ekin zion partidari, eta errematean asmatu zuen: hamar tanto egin zituen. Pilota bizi antzeko bat aurkitu, eta Larunberi mina egin zion sakearekin. Galdakaoko atzelaria oso deseroso zegoen, eta hutsak egiten ari zela ikusteak ez zion lagundu. Pilotakada onak jo zituen, baina Untoriak ondo eutsi zion. Emaitzak dena zioen: 12-3.

Partidako lehen atseden luzea hartu zuten orduan, eta Larunbe aldatu egin zen. Bengoetxeak hura lasaitzen asmatu, eta arriskatuz partida orekatu zuen (13-7). Emaitza atondu ahala, Larunberen aurpegia kolorea hartuz joan zen, eta bizkarra erakutsi zion Untoriari piloteoan. Errioxarrak aurkariaren elastikoko izena irakurtzen pasatu zituen partidako azken berrogei minutuak. Larunbek pilotakada handiak jo zituen, eta bi tanto egin zituen errebotean.

Galdakaokoaren aginteak errematerako aukera asko eman zizkion Bengoetxeari, eta hark ondo baliatu zituen (13-10, 15-15, 15-18). «Oinatzek beti jokatzen du ondo; beraz, nik nire maila ematen badut, edozeini irabaz diezaiekegu», esan zuen amaieran atzelariak. Leitzakoak 11 tanto egin zituen jokoan eta huts bakarra. Olaizola partidaren norabidea aldatzen saiatu zen, baina ez zen erraza. Urrutitik sartu behar izan zen, baita sakeetara ere, eta hutsak egin zituen. Azken tantoa ere bere hutsa izan zen, saketik eginikoa. Luzeegi atera zuen.

Irribarria-Rezusta faborito

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko bigarren partida gaur jokatuko da, Eibarren (17:00). Iker Irribarria eta Beñat Rezusta dira faborito Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Elezkanoren ezkerreko eskua hobeto dago, eta, proba bat egin ondoren, jokatzea erabaki du. Ligaxkan elkarren aurka jokaturiko bi partidak Irribarria-Rezustak irabazi zituzten (22-17 eta 22-18).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. ©JON URBE / FOKU

Realak zigilua jarri nahi du

Jon Ander De la Hoz

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela
Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Inoizko Euroligarik gogorrena

Beñat Mujika Telleria

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.
 ©Athletic

20 urte Athleticek lehen partida jokatu zuela

Ainara Arratibel Gascon

Bihar beteko dira 20 urte talde zuri-gorriaren emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. 7-1 irabazi zion Torrejoni. 5 liga titulu ditu irabaziak. Baina hortik harago, emakumezkoen futbolean aitzindarietako bat izan zen, baita ondoren izan den profesionalizazioan ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.