Albistea entzun

Alicia Alonso. Kubako Ballet Nazionaleko fundatzaile eta koreografoa

«Balleta arte herrikoia da Kuban, sektore guztietara iristen dena»

Superlatibo guztiak ez dira nahiko Alonsoren ibilbidea azaltzeko. Historiako ballet dantzaririk onenetakotzat dute aditu gehienek. Bihar izango da Donostian, berak sortutako taldearekin.
KUBAKO BALLET NAZIONALA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez -

2015eko azaroak 6

Urtea amaitu aurretik beteko ditu 95 urte Alicia Alonsok (La Habana, Kuba, 1920), baina, gaur-gaurkoz, ez du Kubako Ballet Nacionaleko dantzariekin batera bidaiatzeko aukerarik galtzen. Bizi osoa eskaini dio dantzari; 19 urterekin erdi itsu geratzeak ere ez zuen bere pasiotik aldendu. Historiako dantzaririk onenetarikoa da adituentzat, baina berak ez du bere burua mito biziduntzat. Bihar izango da Donostiako Kursaalean Kubako konpainia, Alonsok moldatutako Beltzargen aintzira antzezten.

Bizi osoa eskaini diozu dantzari, Kendu dizun baino gehiago eman al dizu?

Argi eta garbi, bai, askoz gehiago eman dit. Dantzak ez dit damutuko zaidan ezer kendu.

Ikusmen arazoek ere ez zizuten pasioa galarazi. Nola egin zenion aurre horri?

Zailtasunei aurre egin nien, sinetsi nuelako munduan ezerk ez zidala dantzatzea galaraziko. Nire bizitza zen balleta; neurri handi batean, hala da oraindik ere.

Urte asko dira dantzan egiten ez duzula. Haren falta sumatzen duzu?

Bai. Nire ballet kuttunenen musika entzuten dudanean, dantzak hartzen nau. Baina, nolabait, dantzan jarraitzen dut nire koreografietan, baita artistikoki aurrera egiten lagundu diedan gazteen lorpenetan ere.

Dantzaren ia mende beteko historiaren lekuko zara. Zein izan da eboluzioa?

Teknika akademikoa findu egin da, eta gero eta gehiago dira dantzari birtuosoak. Baina ez da justua, ezta zehatza ere, esatea gaur egun lehen baino hobeto egiten dela dantza. Garai bakoitzak baditu bere exijentziak eta bere ezaugarriak. Lehen, adibidez, gehiago ziren estilistak, baita pertsonaiak sortzeko antzerki gaitasuna zuten dantzariak ere.

Kubako historia hurbileko gertakari garrantzitsuenak ere bizi izan dituzu. Zein da zure iritzia, bilakaera horren inguruan?

Uste dut Kubak aurrera egin duela mende erdi baino gehiagoz estutu duen herrialdearekiko harremanetan. Baina oraindik asko dago hobetzeko, ekonomia eta merkataritza blokeoak bere hartan dirauelako. Bitartean, Kubak bere duintasunari eutsi dio.

Zer esan nahi du balletak Kubako gizartean?

Arte herrikoia da balleta Kuban, gizartearen sektore guztietara iristen dena. Ez da soilik konpainia handia eta eskola garrantzitsua dugula; ikaragarrizko publikoa ere badaukagu.

Bazen Kuban balletik Alicia Alonso agertu aurretik?

Uste dut nire artearekin bidea ireki niola balletari Kuban. Baziren aurreko batzuk, baina ohorez esan dezaket Kubako herriak ni dantzan ikusita ikasi zuela balletaren artea estimatzen; behintzat, neurri handi batean. Baita nik, beste hainbatekin batera, sortu nuen konpainiari esker ere.

Zein da Kubako Ballet Nazionalaren arrakastaren sekretua?

Eskola zorrotza da, irakaskuntza doakoa eskaintzen duena, lan handia egiten duena, eta eraginkorra izan ohi dena ikasleen aukeraketan. Gainera, esaera herrikoiak dioen bezala, «Kubako herria herri dantzaria da».

Luzaroan ibili zara dantzari gazteekin lanean. Zergatik?

Beti sentitu izan dut nire jakinduria beste batzuei transmititzeko bokazioa. Nire karreraren hastapenetik saiatu izan naiz beste dantzariei laguntzen. Balleta nire herrira eramateko ahaleginari eutsi nion, dantzari modura ibilbide profesionala egin nahi zuten gazteek ez zezaten izan atzerrira joan beharrik. Uste dut irakasterakoan ikasi ere egiten dela. Esperientzia ederra da.

Mito biziduntzat zaitu askok. Zer sentitzen duzu, hori entzundakoan?

Ez dut neure burua horrela ikusten. Bere artea beti maitatu izan duen artistatzat daukat neure burua, arteari arduraz eta errespetuz ekin diona. Baina egia da askok ikusten nauela mito moduan, eta eskertzen dut hori.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hondakinen gainetik, liburuak

Andoni Imaz

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.