Albistea entzun

Arrauna. Kontxako Bandera

Bermeora bidean da bandera

Urdaibaik esku-eskura dauka Kontxako Bandera irabaztea, gaur zortzi atera zituen aldeak erabakigarriak izateko bidean direlako.

Goizerako eguraldi eta itsaso oso ona iragarri dute
Urdaibairen trainerua, joan den igandean, barrurako luzean, Kaikurena atzean duela; azkenerako, alde handiak lortu zituzten bermeotarrek
Urdaibairen trainerua, joan den igandean, barrurako luzean, Kaikurena atzean duela; azkenerako, alde handiak lortu zituzten bermeotarrek J. CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2014ko irailak 14

Osagai asko izaten ditu estropada batek. Batzuk arraunlarien eta entrenatzaileen kontrolpean egoten dira; beste zenbait, ez: eguraldia eta itsasoaren egoera, kasurako. Kontxako Banderaren bigarren eguneko estropadan ere (12:00) hainbat osagai daude lapikoan sartuta, eta, oker handirik ezean, estropada ondorengo jakiak Urdaibaiko zaporea izango du. Osagai guztiak edo ia guztiak alde dauzkalako.

Hasteko, joan zen igandean lortutako errenta. Sekulako erakustaldia eman zuen Jon Salsamendiren taldeak, eta alde handiak dauzka jada. Kaiku hamar segundo eta 54 ehunenera dauka; Hondarribiari 11,54 segundo ateratzen dizkio; eta Oriori, 19,74 segundo. Hiru horiek izango ditu alboan ohorezko txandan.

Eguraldiaren eta itsasoaren osagaia ere aldeko du Urdaibaik. Ona baino hobea dago emanda: haizerik apenas, eta dagoena hego puntukoa; olatuak ere, hutsaren hurrengo. Kezkatzeko batere motiborik ez die ematen eguraldiak eta itsasoak Urdaibairi, eta asko esan nahi du horrek. Kezka handi bat gutxiago. Dauzkan aldeak edukita, kontrarioek itsaso txarra nahiko zuten Urdaibai menderatzeko aukera izateko, baina gaur ez zaie halakorik egokituko.

Urdaibairen beraren sasoi puntua da oso alde duen beste osagaietako bat. Nahiz eta uda osoan jo eta su ibili beharra izan San Miguel ligan jaitsierako kanporaketari ihes egiteko, Salsamendiren arraunlariak sasoi betean heldu dira Donostiako estropadetara. Izango dute horretan eraginik entrenatzaileak estropada batetik bestera egin izan dituen aldaketek. Eta, jakina, osagairik sendoena, indartsuena eta konfiantza gehien ematen duena falta da: Urdaibaik duen talde puska. Hain zuzen, talde ona izatea nabarmendu da estropadatik estropadara aldaketak egin eta emaitza onak lortze horretan. Sekulakoa da arraunlari multzoa, handik eta hemendik hartutakoak, bana-banakoak kasi.

Urdaibaik alde duen beste osagaia iragana da. Iaz gertatua gaurko leku berean. Uretan bandera irabazi, eta uretatik kanpo epaileek kendu. Ezinbestean eragin behar du horrek min handia, eta antzeman zaie estropada bakoitzean, irabazteko gose eta grina izugarria erakutsi dutelako Gorka Aranberri patroi handiaren agindupean. «Bandera, bandera!», zenbat bider ez ote zaio entzun patroiari, arraunlarien akuilu bezala.

Osagaien zerrendarekin amaitzeko, beste bat ere oso kontuan hartzekoa izango da, eta hori ere, nola ez, Urdaibairen aldekoa da: denboraldiko azkeneko estropada du taldeak; gaur bertan amaituko zaie lehiaketa. Hurrengo asteburuan ez dira ariko San Miguel ligako azken bi jardunaldietan, lehen zortzietan ez direlako sailkatu. Jarri arraunlarien buruan, eta hasi pentsatzen zer sentitu behar duten gaur, jakinik azkena dela. Indarrak erabat husteko aukera dute, motibazioa eta bizipoza uztartuz.

Osagai horiek guztiak aipatu eta gero, ez da duda askorik: gaur ere besteen aurretik ibiltzeko hautagai sendoa da Urdaibai. Ikusi egin beharko da estropadaren bilakaera zein den, baina aurrea hartzen badu hasieratik edo uneren batean, ez du ematen besteei aukera laurdenik ere emango dienik. Bermeon dira banderaren hiru laurdenak, eta falta zaion beste laurdena azkar eramatera aterako da gaur talde bikain hori.

Aurkarien arteko lehiak

Batek daki zer izango den Urdaibairen aurkarien buruan, baina zaila dutela barneratuta egongo dira. Hori hala izanik ere, dena eman beharrean dira, eta emango dute. Gainera, lehen lekuaz gain, badira beste lehia batzuk ere. Esaterako, Kaikuren eta Hondarribiaren artean 96 ehunen bakarrik daude. Orio ez dute urruti, eta nahiko dute oriotarrek zerbait erakutsi. Txanda bera irabaztea ere polita litzateke hiru horientzat.

Aurreneko txandan ere badute zer jokatu. Portugalete, San Juan eta Cabo da Cruz zortzi segundoan daude, eta horientzat lorpen polita litzateke bosgarren geratzea. Eta Portugaletek ez du urruti Orio, laugarren sailkatua, zortzi segundo eskasera. Lehia handia edo lehia txikiak, polita dator Kontxako bigarren eguna, beti bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute
 ©JON URBE / FOKU

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Ainara Arratibel Gascon

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eraoso aritu da, eta nahi baina ezin Garitanorena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...