Iruindarra, jalgi hadi dantzara!

Iruñerriko dantza taldeek hasiera polita eman diete sanferminei Foruen plazan. Ekitaldiaren amaieran, larrain dantzaren doinuan, plazara ateratzeko gonbita egin diete gerturatutakoei.
Euskal dantzek kolorez apaindu dute Iruñeko Foruen plaza.
Euskal dantzek kolorez apaindu dute Iruñeko Foruen plaza. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Imanol Oteiza -

2016ko uztailak 7

Ikusleak goiz hasi dira plazara biltzen; lehenengo iritsi direnek gerizpean topatu dute tokia; berantiarrenek eguzkitan eseri behar izan dute. Halere, gogotsu erreparatu diete musikarien doinuei eta dantzarien urratsei.

Orotara, hamabi dantza talde bildu dira Foruen plazan: Duguna, Harizti, Iruña taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar, Txori Zuri, Amaiur, Ardantzeta eta Basakaitz. Aurten, Duguna dantza taldekoei egokitu zaie ikurrina eramatea, eta, beraz, plazara irteten lehenak izan dira. Txalo zaparrada beroarekin egin diete harrera ikusleek plaza kolorez jantzi duten dantzariei.

Dantzariek Eltziegoko dantza (Araba), Nafarroa Behereko dantzak, agintariena, jauzi bat, eta larrain dantza dantzatu dituzte; azken horrekin amaitu da saioa, eta ikusleak ere lagun izan dituzte dantzariek plazan, gogo betez aritu baitira saltoka.

Gernikako kuadrilla bat txosnan bildu da, dantzak noiz hasiko zain. Irati, Alejandra, Iban eta Saraitz urtero etortzen dira sanferminetara, baina estreinakoz gerturatu dira dantzak ikustera. Umetan dantzari ibilitakoak dira, eta Gernikako jaietan gustura aritzen dira dantzan; larrain dantzaren doinuak ekarri ditu plazara.

Mendillorri auzoko gazte talde bat ere bertaratu da, kuadrillako dantzaria ikustera; aurten, ordea, mutxikoen pausoak abesten ariko da. Leyre Lopezek giroa azpimarratu du: «Giro polita dago; espero dut plaza jendez beteko dela, aurki». Euskal dantzak sustatzeko beharra ikusten du iruindarrak. Jaengo (Espainia) mutil bat dago haien artean, euskal dantzak lehen aldiz ikusteko irrikan: «Dantzatzeko gonbita eginez gero, plazara aterako naiz, zalantzarik gabe». Olaia Galan 19 urteko iruindarra estreinakoz hurbildu da, kuadrillako dantzaria ikustera, beste hiru lagunekin batera. Umetan Mendillorriko dantza taldean aritutakoa da, eta, ekitaldiaren bukaeran, dantzatzera ateratzeko asmoa zuen. Mertxe Zarrantz eta Ana Irigoien ez dira ekitaldi osoan lehen lerrotik mugitu, alabak baitituzte dantzan. Zarrantzek esan duenez: «Bero sapa hau dela-eta, ez naiz dantzatzera aterako. Uste dut dantzek hasiera polita ematen dietela festei, oilo ipurdia jartzen zait alaba dantzan ikustean». Zarrantz hainbat urtez etorri da plazara; Irigoienentzat, berriz, lehen aldia da.

Ardantzeta dantza taldeko Jone Oteizak eta Jaione Oiarzunek azaldu dutenez, uztailaren 6a «egun aparta» da dantzarientzat. Izan ere, Iruñerriko dantzariekin elkartzeko parada dute. Halaber, jendeak egiten dien harrera beroa eskertzekoa dela dio Oteizak. Harizti dantza taldeko Ainararen arabera: «uztailaren 6a egun berezia da. Gosaria egiten dugu, dantza talde guztiak elkartzen gara, eta gero bazkaltzera joaten gara. Jendeak ere oso harrera ona egiten digu; plaza beteta egoten da beti».

Basakaitz dantza taldeko Mateo 64 urterekin hasi zen dantzan, egun 70 ditu: «Dantzan, gustura ematen diegu hasiera festei; horretan iaioak baikara!». Gazteluko plazan igarotzen ditu sanferminak, dantza eta dantza. 22 urteko Aitor Razkin iruindarra Duguna dantza taldeko kide da. Urtero gerturatzen da plazara; dela dantzara, dela argazkiak ateratzera. Halere, esperientzia polita izan du Razkinek, mutxikoak kantatzen aritu baita.

Plazak gainezka egin du larrain dantzaren doinuan; dantzariek etxekoak eraman dituzte plazara. Hainbat koloretako zapiek estali dute zeru urdina, jendea saltoka ibili da plazan, biraka, elkarri besarkatuta. Oro har, Foruen plaza kolorez, energiaz eta alaitasunez jantzi dute iruindarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Arduraz komunika dezagun

Antxeta irratiak ‘Arduraz komunika dezagun’ dokumentala egin du

Urtzi Urkizu

Hedabideen hizkuntzaren erabilera aztertu dute Euskal Herrian herri ekimenez sortutako hedabide batzuetako zenbait emakumezko kazetarik, berdintasunaren ikuspegitik. Dokumentala ikusgai, albistearen barruan.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Neure buruarekin hobeto sentitzen naiz gitarra jotzen dudanean»

Jone Arruabarrena

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako 'Egin leku' gazteentzako musika deialdiaren irabazleetako bat da Zulaika. Azalera taldea atzean utzita, bakarlari dabil orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna