Elkarrekin bizitzeko, musika

Mursegoren zortzi kantuz osatutako '%100 Oion' diskoa aurkeztuko dute gaur. Kulturen arteko elkarbizitza hobetzeko proiektu baten emaitza da lana
Maite Arroitajauregi <em>Mursego</em> eta Oiongo haur talde bat, diskoan jasotako kantuetako baten proba saio batean.
Maite Arroitajauregi Mursego eta Oiongo haur talde bat, diskoan jasotako kantuetako baten proba saio batean. BERRIA

Naiara Elola -

2017ko ekainak 11
«Guri lana kentzera datoz, eta laguntzen kontura bizitzera». «Marokoarrek moteldu egiten dute gure seme-alaben ikaskuntza, eta eskolan ez dute guk nahiko genukeen mailako prestakuntzarik ematen». Etorkinekin lotutako estereotipo eta zurrumurru faltsu andanaren artean, bi dira horiek. Euskal Herriko edozein txokotan entzun litezke. Oionen (Araba) herritarren arteko errezeloak zirela eta, artearen bidez, jatorri ezberdinetako lagunen arteko elkarbizitza hobetzeko proiektu bat aurkeztu zuen Bitartean Jolasean elkarteak Euskadiko Komanditario Berriak programaren barruan. Bi urtean egindako lanaren emaitza %100 Oion diskoa da, eta gaur aurkeztuko dute Oionen.

Arte sorkuntzaren bidez helburu sozial bat betetzea da Komanditario Berriak programa kudeatzen duen Artehazia elkartearen xedeetako bat. Horregatik aukeratu zuten Oiongo Bitartean Jolasean elkartearen proiektua. Herri berezia da Oion. 3.200 biztanle inguru bizi dira; horietatik %15,81 etorkinak dira, Marokokoak eta Pakistangoak, batez ere. Langabezia ere handia da: %25.

Herrian bizi diren komunitateen arteko ezagutza faltaren eraginez, zurrumurru eta estereotipoak oso zabalduta daudela azaldu du Idoia Zabaleta proiektuan bitartekari lanetan aritu den koreografoak. 2015ean hasitako ibilbidea «gogorra» bezain «aberasgarria» izan dela dio. Lehen urtean, lan dinamikak eta taldeak osatzen aritu ziren. «Jende konprometitua behar genuen, ezinbestekoa zen konfort eremutik ateratzea». Baina beti burutan zuten produktu artistiko bat egin behar zutela.

Konfort eremu horretatik ateratzeko prest egon direnetako bi dira Leire Zabala eta Ilham Mounir. Komanditario moduan aritu dira proiektuan lanean. Bi lagunen abiapuntuak oso ezberdinak dira. Izan ere, Zabala jaiotzez Oiongoa da, eta Mounir, aldiz, Marokokoa. «Ohartu ginen arabiarren komunitatea eta berezko oiondarren komunitatea ez zeudela oso bateratuta», onartu du Zabalak. Antzera mintzatu da Mounir ere: «Bakoitza bere kasa ibiltzen da. Haurrak eskola berera joaten dira, baina ez dute elkarrekin jolasten». Hala, herri mailako harreman moduak eskolara ere hedatzen dira.

Artearen ekarpena

Behin hutsuneak zehaztuta, disko bat ekoitzi nahi zutela erabaki zuten. Hori egin ahal izateko Maite Arroitajauregi Mursego musikaria pertsona egokia izan zitekeela pentsatu zuen Zabaletak. Gainontzeko parte hartzaileek ere ondo ikusi zuten proposamena. Hala, sorkuntza prozesuari ekin zioten. Gustatuko litzaiguke %100 Oion diskoa Oiongo herriari eta herritarrei egiten diegun opari modura ikustea» dio Mursegok

Zortzi kantuz osatua dago diskoa. Abesti bakoitzaren sorkuntza prozesua ezberdina dela adierazi du Mursegok. Zenbaitetan, oiondarren parte hartzea ezinbestekoa izan da, Oyenos Oion (Entzun gaitzazu Oion) deiturikoan, esaterako. Iragan urrian eta abenduan, herri galdeketa bat egin zuten herritarren kexak jasotzeko; 100 kexa baino gehiago jaso zituzten. «Gehien errepikatzen zirenak batu eta ordenatu ondoren egin genuen abestia». Kantuaren harira, herrian kezka zabaldu zela jakinarazi du Zabalak: «Jendeak hasieran galdetu zigun nola abestu behar genuen hori; baina taberna giroan esaten dena besteen aurrean defendatzeko gai izan behar da».

Horrez gain, elkarbizitza zailtzen duten zurrumurru eta estereotipoetan oinarritutako kantu bat ere bada diskoan, Zurrumurru zurrumurru. Sal de mi vida (Zurrumurru Zurrumurru. Atera nire bizitzatik) deiturikoa. Iritzi negatiboak positiboekin nahastu dituzte, aldenduta dauden komunitateak elkarguneak badituztela ohartu daitezen. Mursergok azaldu duenez, diskoa diseinatzerako orduan, oso kontuan izan du abeslariak ez zirela profesionalak. Emaitzarekin pozik dago: «Denbora asko aritu gara proba saioak egiten. Nik uste elkarbizitza behintzat sustatu dugula». Alde horretatik, Idoia Zabaletak argi du diskoa ez dela izango herrian dauden bizikidetza arazoak goitik behera ebatziko dituen miraria. Hala ere, zerbaitetan aurrera egitea lortzen bada, helburua lortuko dela dio. Horregatik, diskoa oiondarren artean banatuko dute elkarbizitzaren aldeko «opari» gisara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna