Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Trebiñun ere bada txotx garaia

Publizitatea

Bizigiro

Trebiñun ere bada txotx garaia

Duela hogei urte hasi zen Koldo Markinez sagardoa ekoizten Trebiñuko Askartza herrian. Sagardotegia ere martxan jarri zuen, eta Gipuzkoako masifikazioari alternatiba eskaintzen dio.
Gasteiztik hogei kilometrora dago Askartzako Trebiñu sagardotegia; hori dela eta, gasteiztar asko joaten dira bertara.
Gasteiztik hogei kilometrora dago Askartzako Trebiñu sagardotegia; hori dela eta, gasteiztar asko joaten dira bertara. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2015-01-31 / Asier Garcia Uribarri

«Gu beti ibili gara lurrarekin zerbait egiteko gogoz». Koldo Markinezen hitzak dira. Orain hogei bat urte hasi zen sagardoa egiten Trebiñuko Askartza herrian (Araba). Asmo txikiko proiektua zena sagardotegia bilakatu da denborarekin. Eurek egiten dute sagardoa etxean. Bertako produktuak eskaintzen dituzte Askartzan. Gainera, sagardotegia ez denez oso handia «familia giroa» sortzen dela nabarmendu du Markinezek.

Urtarrilaren 15ean hasi zuten txotx garaia Araban. Bi sagardotegi daude herrialdean: bata Aramaion, eta bestea Askartzan. Urte osoan lan egiten badute ere, datozen bost hilabeteetan lanez gainezka egongo dira Trebiñu sagardotegian. Asteburuetan irekitzen dute, bazkarietarako eta afarietarako. Hala ere, bazkarietan izaten dute jende gehien. Sagardotegia ospea hartzen ari da, eta bezeroek gero eta lehenago deitzen dute lekua gordetzeko. «Jendea hasi da bi hilabeteko aurrerapenarekin lekua hartzen». Badituzte bezero finkoak ere, txotx garaian lau edo bost aldiz joaten direnak.

Markinezen arabera, hainbat giro nahasten dira Trebiñu sagardotegian. «Bazkarietan familia giroa izaten da; normalean haurrak ekartzen dituzte». Afarietan, berriz, giro parrandazaleagoa izaten da. «Gauetan ez da haurrik egoten, eta gehienbat gazteak etortzen dira, baina ez haiek bakarrik». Bezero gehienak Arabakoak dituzte. Eskualdeko jende ugari joaten da, baina baita Gasteizkoa ere. Talde handientzat sagardotegiak berak autobusa jartzen du hiriburutik. «Jendea beti joan da Gipuzkoara. Baina hau hogei kilometrora dute. Hernani edo Astigarragara joateko, berriz, ehun kilometro egin behar dituzte joateko eta beste hainbeste itzultzeko». Hala ere, Trebiñu ez da arabarrentzako sagardotegia soilik. Markinezek dio jende ugari joaten dela Bizkaitik eta Debagoienetik.

Urteak daramatzate Askartzan sagardoa lantzen, baina sagardotegia 2007an jarri zuten martxan. Hasieran etxekoentzat baino ez zuten egiten sagardoa, baina pixkanaka produkzioa igo zuten: «Sagardoa botiletan saltzen hasi ginenean pentsatu genuen sagardotegia egin genezakeela». Baina hori aurrera ateratzeko sagardo asko egin behar da, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Egun, bi mila sagarrondo ditugu. Baina hori urteekin lortu dugu. Lehenengo urtean 500 bat landatu genituen, eta hortik aurrera urtero pixka bat gehiago».

Gipuzkoako eta Arabako klima eta lurra ezberdina da. Araba barnealderago eta garaiago baitago. Hori dela eta, sagardoa ere ezberdina da. Hainbat saio egin ostean, aukeratu zituzten gustuko zituzten sagar aldaerak. «Asturiasko sagarrak erabiltzen ditugu gehienbat». Haren aburuz, euren sagardoa ez da Gipuzkoakoa bezain garratza.

Bere baserrian egin zuen sagardotegia Markinezek. Ordu asko eskatzen baditu ere, sagardotegia ez da haren ogibidea. Hasieran, asteburuetan lan egiten zuen han, baina, proiektua garatzen joan zen heinean, aldaketak egin zituzten. Gau egun, lau langile daude.

Etxeko giroa

Ohiko sagardotegi menua eskaintzen dute Trebiñun. Kalitatea asko zaintzen dute. «Gure sagardotegia txikia da, familiakoa. Horregatik, asko zaintzen ditugu produktuak». Markinezek uste du badagoela ezberdintasuna eurena bezalako sagardotegi txikien eta sagardotegi handien artean.

Kalitatezko produktuak eskaintzeaz gainera, sagardotegiko giro «berezia» nabarmendu du Markinezek. Gehienez, hirurogei lagun inguru sartzen dira, eta bezeroak lasai asko har ditzake kafea eta kopa. «Guk nahi duguna da bezeroek kafeaz, kopaz eta tertuliaz gozatzea».

Gainera, ohiko patxaran eta belar uxualaz gain, sagar uxuala ere egiten dute, eta, bezeroek nahi beste edateko, uxual upel txikia dute irekia. «Nik gauza asko esan ditzaket, baina onena norberak probatzea da».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak