Agirre, berriz ere txapelpera

Manex Agirrek jantzi du Arabako Bertsolari Txapelketako txapela, bigarrenez.

Finalaren azken txanpan egin du gora.

Iñaki Viñasprerekin jokatu du buruz burukoa, Gasteizen
Manex Agirre txapela eskuan, Gasteizko Principal antzokian bildutako entzuleak agurtzen, gainerako bertsolariak alboan zituela, atzo.
Manex Agirre txapela eskuan, Gasteizko Principal antzokian bildutako entzuleak agurtzen, gainerako bertsolariak alboan zituela, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko martxoak 22

Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelketako txapelpera itzuli zen atzo Gasteizko Principal antzokian jokatu zen finalean. 2011n jantzi zuen lehen txapela. Finalaren azken txanpan egin zuen gora Agirrek, lehen zatiko azken ofizioan, eta sei puntuko motzean hartutako abaila horri eutsi zion azkenera arte. Karmele Madinabeitiak jantzitako txapela buruan, honela kantatu zuen txapeldunak agurra:

Txapeldunaren agurra:

Familiarentzat dira

besarkadarik minenak

gaizki nagoen unetan

goraino naramatenak.

Baina beste bat buruan

hala agintzen du senak

bide ineskrutableak

direnez adinarenak.

Gogoan ditut gazteak

bertso-eskoletan daudenak

bertso ekosistemako

mini bertso ekosistemak

herri hau euskaran bidez

herri egiten dutenak.

Iñaki Viñasprerekin jokatu zuen buruz burukoa. Hark buruz burukoan hartu zuen abaila, eta, galtzeko ezer ez balu bezala, gogotsu eta fresko abiatu zuen buruz burukoa Iparragirre abila dela doinuan. Bi poto egin zituen atzoko saioan, eta horiengatik galdutako puntuek urrundu zuten txapeletik. Buruz burukoaren aurretik zortziko txikian egin zuen lanik txukunena.

Puntuei erreparatuta, saio paretsua izan zen, eta oholtzan ere hala nabaritu zen, harik eta Agirrek abaila hartu zuen arte. Oihane Perea, Zigor Enbeita, Ruben Sanchez eta Xabi Igoa oso tarte laburrean sailkatu ziren. Buruz burukorako ebazpenaren aurretik, ez zen argi Agirrerekin batera zein bertsolarik egingo zuen finalaren bigarren zatira. Saio gorabeheratsua izan zen oro har. Ez ziren ugari izan bertsoaldi osoak.

Umoretsua

Hainbat erreferentziak eta detailek saioa berotu zuten zenbaitetan. Izan ere, final umoretsua izan zen. Ofizioetako gai gehientsuenek izan zuten bide argia umorerako, eta bertsolariek eurek ere kasu ia denetan umorerako hautua egin zuten. Finala bertatik bertara ikusi zuten 600 bertsozaleek eskertu zuten umore hori.

Sei puntuko motzean egin zuen Agirrek ofiziorik onena. Korrikako testigua zeraman korrikalaria zen: goizeko bostak ziren, eta lekukoa hartu berri zuen. Enbeita furgonetan zihoan antolatzailea zen, eta azkarrago joatea komeni zitzaiela esaten ari zitzaion Agirreri, hura ezinean zihoala. «Abiadura puntua / nabil ni ezin hartua / eta, gainera, jarri didazu / Ruperren kantua», bota zuen lehen bertsoaren azkenean txapeldun izango zenak. «Ez al zinen zu gaztea / ta indarrez potentea? / Enbeitak hiru minutu t'erdin / egin du berea», erantzun zion Enbeitak. Agirrek eutsi egin zion lehen bertsoko tonuari: «Ni naiz asma baten jabe / nago euskararen alde / gaur euskahaldun sentitzen naiz, bai / baina pasa gabe». Bertsoaldia borobiltzen ere jakin zuen, bertsoaldirik borobilenean: «Zu joan erritmo emean / eta lasaitasunean / edo Bilbora iritsiko da / aurreko egunean».

Sei puntuko motzaren ostean, bakarka jardun ziren bertsolariak. Agirrerentzat eta Viñasprerentzat izan ezik, azken ariketa izan zen. Gai batzuk beste batzuk baino irekiagoak eta emankorragoak izan ziren. Agirrek goranzko bidea harturik, eutsi egin zion bide horri. «Begietan ebakuntza egin eta berehala etxera bidali zintuzten. 48 ordu pasatu behar dituzu begiak estalita. 24 ordu baino ez dira pasatu oraindik. Jabetzen ez zinen gauza askotaz ari zara jabetzen», jarri zion gaia Aintzane Irazusta gai-jartzaileak bi bertso osatzeko. Honela kantatu zuen lehen bertsoa, Unai Agirrek azken Bertsolari Txapelketa Nagusian plazaratu eta txapeldunak txapelketa honetan bakarkakoetarako erabili izan duen doinuan:

Manex Agirre:

Afariakin hasi orduko

lurrera jausi eltzea

imajinatu ezinekoa

erratza gaur pasatzea

kobazuloen tankerakoa

bihurtu da nire etxea

ta ametsetan gogoratzen dut

txakurra eta kotxea.

Itsuena ze trantzea

hau kontzientzia ariketa bat

dela hobe onartzea

batzutan ze ondo etortzen den

besteen lekuan jartzea.

Bigarren bertsoan jakin zuen bertsoaldia borobiltzen: «Kupoiak saltzen ikusi ohi dut / izkinan aurpegi alaiz / buruan berak zer ote duen / bururatu izan zait maiz / ez ikustea ote daraman / nahikoa aldarte lasaiz / baina urduri ipini eta / azkar aldatu ohi dut gaiz. / Ba nik dena ez daukat gaitz / beste egun bat pasatu eta / begiak ireki garaiz. / Eta zer nahi duzu esatea? / Pribilegiatu bat naiz».

Viñasprek barrutik osatu zituen bakarkakoak, emandako gaiari jarraiki, bere gertukoak aipatuz. Urtebetetze eguneko tartari putz egitear kokatu zuen bakarkako gaiak, familia eta lagunen artean. Desio bat pentsatu beharra zuen. Preso zituen lagunak aipatu ondoren, hau izan zuen lehen bertsoaren bukaera: «Eskatu nahiko nukeena / nere eskutatik kanpo / ta eskatu ahal dudana / ez da horrenbesterako».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean ©MARCUS BRANDT/POOL / EFE

Sean Connery aktorea hil da

Iñigo Astiz

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Develaireren erakusketa, Nafarroako Museoan. ©Iñigo Uriz / Foku

Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Ane Eslava

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. ©TIPEZ
Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, <em>Mendiko gaitza</em>, eskuetan duela. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Amaia Igartua Aristondo

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna