Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Julio Soto, finalera zuzenean

Publizitatea

Kultura

Julio Soto, finalera zuzenean

Beran jokatu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa, eta Soto izan da nagusi bertan. Bigarren finalaurrekoa Antsoaingo antzokian jokatuko da, gaur
Julio Soto, atzo, Berako kultur etxeko saioan. Hura da apirilaren 8ko Anaitasunako finalerako zuzenean sailkatu den lehen bertsolaria.
Argazkia: NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

2017-03-19 / Naiara Elola

Saio txukuna osatu zuten atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finlauarrekoan parte hartu zuten sei bertsolariek. Berako (Nafarroa) kultur etxea bete egin zen. Beste behin, lehia aitzakia izan zen bertsolaritzaren festa ospatu ahal izateko. Alazne Untxalo, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes Itturri, Julio Soto, Kotte Plaza eta Eneko Lazkoz dira bertsotan aritu ziren sei lagunak. Iragarpenak betez, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien. Beraz, heldu den apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean bertsotan egiteko aukera eskuratu du.

Alazne Untxalo eta Iñigo Olaetxeak abestu zuten lehenengo. Haurrak eduki ezin, eta haurdunaldi subrogatuaren alde egin ala ez erabakitzen ari den bikotearen rolean egin zuten bertsotan. Bertsoaldi polita osatu zuten. Untxalok honela abestu zuen: «Nere sabela ez dut beteko/ baina nere bihotza bai». Olaetxeak ere bide beretik erantzun zion, haurdun geldituko den emakumeak umetokia emango diola baino berek maitasuna emango diotela esanez.

Julio Soto eta Kotte Plaza ere ederki aritu ziren zortziko txikian. Lehen barre algarak haien bertsoei esker iritsi ziren Berako kultur etxera. Soto urteetan eskailera azpian ardo botila gordea zuen aitaren lekuan jarri zen; Plaza, berriz, ardoa kalimotxoa egiteko erabili zuen semearenean. «Gaztetan hartua naiz/ hamaika zepelin/ oain kuba kazike/ (e)ta orain txakolin/eta nik kalimotxoa/ laster nuen jakin/ ezin zela nahasi/ardo onarekin», abestu zuen Sotok.

Hirugarren ariketan, seiko puntu motzean aritu ziren oro har bertsolariak deserosoen. Gaiek jolaserako aukera ematen zuten arren, ez zuten lortu gaiei nahi adina zuku ateratzerik. Dena den, eta eroso aritu ez arren, bertso onak kantatu zituzten. Ander Fuentes Itturri-k eta Eneko Lazkozek haurrarekin parkera txandaka joaten diren gurasoena egin behar izan zuten. Batek parkera joatea maite zuen; besteak, aldiz, ez. «Ez gabiltz biok berdintsu/ eta zu ez zaude itsu/ parkea ez da sekula izan/ nere paradisu/ beraz Ander badakizu/mesedez adizu/ beti gustora joaten bazara/ joan zaitez beti zu», ohartarazi zion Lazkozek. Ederki erantzun zion Itturrik: «Harritua nauzu seko/ eskaera hau tarteko/ aitzaki pila jartzen dituzu/ zu ez joateko/pardela aldatu bateko/ txupetea eman besteko/aukera ederra da zuretzat/ bera goxatzeko».

Bina puntu

Gorabeheratsua izan zen saioa, eta, emozioei dagokionez, puntu bat gora egiteko aukera izan zen kartzelan. Sei bertsolariek bina punturi erantzun zieten. Sexu erasoen gaiarekin lotuta zeuden bi puntuak. Julio Sotok eta Eneko Lazkozek, besteak beste, asmatu zuten puntuei erantzuten. Lehenengo proposamenarekin horrela erantzun zion Sotok: «Sexu eraso pila/ gizarte honetan/ (e)ta pankartak salatzen/ herriko hormetan/ gertatzen denak utzi/ ohi gaitu penetan/ egoera irauli/ behar da benetan». Bigarren puntuan, sexu erasoei nola aurre egin galdetu zuen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. Gizartearen erantzunkizuna nabarmendu zuen Lazkozek, «denok burrukatu da/ egin behar duguna» kantatuz. Horren ondotik iritsi zen bakarkako bigarren ariketa. «Irribarrea ahoan harrapatu zaitu» gaia aintzat hartuta osatu zituzten sei bertsolariek kartzelako azken bi bertsoak. Ohi den dramatismoari izkin egiten saiatu ziren seiak. Untxalok sexua izan zuen mintzagai; Sotok, eta Lazkozek, berriz, maitasuna.

Lanak amaituta, Julio Sotok bildu zuen puntu gehien: 422,5. Haren ondotik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Lazkoz, Ander Fuentes Itturri, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea eta Alazne Untxalo. Orain, beste bi finalaurrekoetako sailkapenaren zain gelditu beharko dute, Iruñeko finalean bertsotan egiteko aukerarik izango duten ala ez jakiteko.

Gaur bertan jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Antsoaingo antzokian. Xabier Terreros, Xabier Maia, Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte ariko dira bertan bertsotan. Sotok egin bezala, puntu gehien pilatzen duena zuzenean izango da Anaitasunako finalean.

Publizitatea

Sortu kontua
Naiara Elola Naiara Elola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak