Albistea entzun

Bereizmen goienaren atzetik

4K teknologia etxeko telebistara sartu asmoz dator: lau aldiz biderkatzen du HD edo bereizmen altuak eskaintzen duen kalitatea. HDaren emisioa «finkatu gabe» dagoela iritsi da, dena den.
4K bereizmenarekin grabatzen duen kamera parea erosi berri du Pixel-e ikus-entzunezkoen enpresak; irudian, Juantxo Sardon, kamera eskuetan duela.
4K bereizmenarekin grabatzen duen kamera parea erosi berri du Pixel-e ikus-entzunezkoen enpresak; irudian, Juantxo Sardon, kamera eskuetan duela. BERRIA

Maialen Unanue Irureta -

2015eko martxoak 21 - Andoain

Zuri beltzetik koloretara. Laukiak, laukizuzenak. Txikiak, handiak. Atzealdea izatetik, lauak izatera. Are, forma kurbatudunak ere merkatuan dira dagoeneko. Erabiltzailearen begietara, horiek dira telebistek jasan dituzten aldaketarik agerikoenak. Baina hobekuntza teknologikoak ere izan dituzte, irudien bereizmenari eragiten dietenak.

Azken berrikuntzak 4K du izena. Irudien bereizmenari egiten dio erreferentzia; bestela esanda, pantailan ikusten ditugun irudien kalitateari. Pixel bakoitzak irudi oso baten informazio zati bat gordetzen du: zenbat eta pixel gehiago, gero eta bereizmen handiagoa lortzen da, eta irudiaren informazio osatuagoa jasoko du ikus-entzuleak.

4K teknologia duten telebistek 4.000 pixel inguru dituzte (4096x2048), eta hortik datorkie izena. Ultra HD edo UHD izenez ere ezagutzen da, hain zuzen ere, bereizmen altuak edo HDak eskaintzen duena (1280x720) laukoiztu egiten duelako.

Bereizmen hobeak berekin ekarri du pantailen handiagotzea. Baina horrek ez du esan nahi, derrigorrean, pantaila zenbat eta handiagoa izan, irudiaren bereizmena hobea izango denik. Izan ere, ez da gauza bera telebista bat HDrako prestatuta egotea, Full HDrako (1920x1080) edo 4Krako. Hala azaldu du Juantxo Sardon Pixel ekoiztetxo arduradunak: «Demagun hazbete kopuru bereko edo tamaina bereko bi telebista ditugula. Bata Full HDrako prestatuta badago eta bestea 4Krako, bigarrenak eskaintzen duen irudia hobea izango da», azaldu du Sardonek. Zergatik? Azalera berean, pixel dentsitate handiagoa duelako 4K-k Full HDak baino.

Beste adibide bat: HDn grabatutako bideo bat dimentsio handiagoko pantaila batean ikusten badugu baina jatorrizko neurriak errespetatuta, ondo ikusiko da; aldiz, pantaila osora egokitzen badugu, kalitatea galduko du.

Sardonen arabera, ikus-entzunezko industria —kamera eta pantaila ekoizleek osatua— beti saiatu da zinemak ematen duen bereizmena lortzen, kalitate eta bereizmen gehiagoko formatua zelako. Haren hitzetan, duela urte batzuk zenbait marka hasi ziren sortzen irudiak grabatzerakoan bereizmen handiagoa lortuko zuten kamerak edo sensoreak. «Argazkilaritzan lortu zuten: bideo kamerak baino lehenago iritsi ziren».

Ahalegin horretan asmatu zuten 4K bereizmena telebistarako. «Red One marka, esaterako, oso ezaguna da: publizitaterako eta zinemarako erabiltzen den kamera mota bat da. Beraiek asmatu zuten 4K bereizmena, duela lauzpabost urte», azaldu du Sardonek. Kamera horietan, kamerariak aukera dezake sensorearen zein zati erabiliko duen, lortu nahi duen produktuaren arabera.

Aukeratutako tamainak baldintzatuko du, gero, amaierako produktuaren pisua. Zenbat eta zati handiagoa aukeratu, sortuko den produktuak pisu handiagoa izango du. «Adibidez, telebista saio bat egiterakoan, ez dauka zentzurik bereizmen hain handietan grabatzeak, arintasuna delako bilatzen duzuna».

Lan fluxua kontzeptuan dago zergatia: «Lan bat egiterakoan, kalkulatu behar duzu zenbat denbora beharko duzun, batetik, grabaketak egiteko, eta, bestetik, irudi horiek editatzeko eta postproduzitzeko. 4Kn grabatuz gero, bi aukera dituzu: irudia txikitu, edo sekulako ordenadorea izan material hori guztia mugitzeko». Beraz, badira lan batzuk egokiagoak direnak bereizmen handian grabatzeko, kalitatea bilatzen delako —zinemarako edo publizitaterako, adibidez—, eta beste batzuk, berriz, arinagoak eta azkarragoak izatea nahi da, bereizmen txikiagoarekin.

Sardonen ustez, «iraultza teknologikoa» izan da ikus-entzunezko teknologietan. Codec-ei buruz ari da hori baieztatzean: «Gero eta codec eta konpresio metodo hobeak daude: hala, 4Kn graba dezakezu, baina lortzen dituzun artxiboen tamaina edo pisua txikiagoa da». Ikus-entzunezkoen erronka da, beraz, sensoreen bereizmena handitzeaz gain, grabatzeko formatu edo codec horiek hobetzea: konpresio ahalmen handiagoa lortu, kalitaterik galdu gabe.

3Dak baino patu «hobea»

Sardonen ustez, bereizmen handiko pantailak edo HDko pantailak oraindik merkatuan finkatu gabe daudenean iritsi dira 4K pantailak. Gainera, «gutxi dira» oraingoz emisioa HDn egiten duten telebista kanalak, emisio lizentziek jarritako mugen ondorioz. «Eduki dezakezu Full HD telebista bat, baina etxeetara iristen den emisioa oso pobrea da. 4K hurrengo urratsa litzateke, eta nire ustez, goizegi da oraindik». Zergatik eskaini, orduan, 4K? «Azken batean, saldu egin behar dute, horretarako egiten dute lan: merkatua mugitu behar dute».

Dena den, izan dira telebistarako pentsatutako berrikuntzak, 4K baino lehenagokoak, garapenik izan ez dutenak: 3D telebistak, esaterako. Sardonen ustez, ibilbide oparoagoa izango du 4K-k, eta duela gutxi erosi ditu halako bi kamera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute 2022ko lehen saioa ETB1en: <em>Biba 2022!</em>. ©EITB

ETBren kanpaiak, Gasteiztik

Urtzi Urkizu

ETB1en Ainhoa Etxebarriak, Aitziber Garmendiak eta Yerai Diezek aurkeztuko dituzte kanpaiak

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ekialdean berariaz zaindu dute xakea»

Gorka Erostarbe Leunda

Jolasa eta jokoa. Lehia eta estrategia, baina baita zientzia, artea, poesia eta bizitza ere. Guztiak islatzen ditu xakeak. Alderdi horiek bildu ditu Berasaluzek '64 begirada. Xake taularen zuri-beltzean' lanean.
Daliren maskara biral egin da. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.