Harro egoteko arrazoiak

1. Non eta nola bizi izan zenuen finalerdia?
2. Zer esan nahi du Athleticentzat beste final batean egoteak?
3. Nola ikusten duzu finala? Non nahi duzu jokatzea?
JOSE MARIA ARRATE Athleticeko presidente ohia
«Agerian geratu da Athleticen filosofia eraginkorra dela»
1 «Ikusmin handiarekin, gogotsu, jarraitu nuen partida etxean, familiakoekin afaldu eta gero. Ez ninduen ustekabean hartu jokalarien jarrerak: beti bezala, oldarkor atera ziren berdegunera, behar den moduan; azkar behar genuen gola. Lehia perfektua osatu zuten, taktikoki eta mentalki».
2 «Agerian geratu da Athleticek darabilen filosofia balekoa soilik ez, eraginkorra ere badela. Jokalari, entrenatzaile eta zaleen arteko batasuna ere berretsi du garaipenak, eta erakutsi du aspaldi aukeratu genuen bidea egokia dela. Finalera heltzea aringarri moduko bat da istante txarretarako».
3 «Oso partida zaila espero dut. Bartzelona Europako talde indartsuenetakoa da, eta erabakigarria izango da hark ohi bezala ez jokatzea. Guretzat, finalera iristea saria da. Camp Noun edo Bernabeun jokatu beharko litzateke».
ANA URKIJO Athleticeko presidente ohia
«Historiak babesten gaitu; irabaztera joango gara joan beharreko zelaira»
1 «Gertukoekin ikusi nuen partida; baita sekulako gozatua hartu ere. Lehen golari esker, alde jarri zitzaigun kanporaketa, eta irmo antzeman nuen taldea, inoiz baino sendoago. Halakoa da Athletic: dena kontra duenean ere onena ateratzeko gai da. Argi neukan partidak ez zigula ihes egingo».
2 «Harrotasuna. Filosofia ondo bideratuta dagoela probatzen du lorpen honek, ez baita kasualitatea sei urtean hiru final jokatzea. Desabantaila handiak izan arren, beti gaude hor: filosofiak ereindako hazietatik fruituak jasotzen».
3 «Historiak babesten gaitu, eta irabaztera joango gara joan beharreko zelaira. Bernabeura bada, hobe. Konfiantza handia dut. Izan ere, zergatik ez dugu irabaziko?».
JAVIER IRURETA Athleticeko entrenatzaile ohia
«Athletici mesedegarria suerta dakioke finalerako Europatik at geratu izana»
1 «Oso erne ikusi nuen partida etxean. Bi entrenatzaileak jokalari bezala izan nituen, eta uste dut Athletic merezita sailkatu dela finalera. Asko pozten naiz. Turinen aurkako gainbeheraren ondoren, jarrera nahiz oldarkortasuna berreskuratu dute jokalariek. Fisikoki ere askoz hobeto daude».
2 «Horrelako partidek taldearen filosofia indartu, eta bide onetik doazela berresten dute. Zaleen ilusioa berpiztea ere badakar, oxigeno bonbona betetzeko».
3 «Final bat izanda, edozer gerta daiteke. Athletici mesedegarria suerta dakioke Europatik at geratu izana. Bartzelona baino indartsuago irits daiteke, fisikoki diot. Partida konplikatuak jokatu beharko ditu Bartzelonak aurrerantzean, Espainiako Ligan eta Txapeldunen Ligan. Baliteke nekatuta ailegatzea finalera. Madril edo Valentzia dira egokienak».
JOSE ANGEL IRIBAR Athleticeko jokalari ohia
«Azkenengo finaletan baino lehiakorragoak izatea dugu erronka»
1 «Ezohikoa bada ere, lasai bizi izan nuen lehia. Bertatik bertara ikusi nuen, eta ezin hobeto atera zen dena hasieratik. Taldea lehiakor zelairatu zen: intentsitate eta motibazio handiz, baina asko erotu gabe, oso eroso. Horrela jokatzen dugunean, talde zaila gara».
2 «Ikaragarria da. Ikusi besterik ez dago Bartzelonatik bueltan jarraitzaileek egin diguten harrera. Taldearen giroan ere bistakoa zen guztiok genuela horren premia».
3 «Azken finaletan gure mailaren azpitik ibili gara. Erronka, beraz, horietan baino lehiakorragoak izatea da. Ilusioa dugu, eta bagara gai Bartzelona estu hartu eta ezustekoa emateko. Nigatik balitz, Bernabeun jokatuko litzateke. Aukera onena da zaleentzat».
JOSE MARI AMORRORTU Athleticeko kirol zuzendaria
«Badugu esperientzia aski: hutsetatik ikasi dugula iruditzen zait»
1 «Intentsitate handiz bizi izan nuen partida Cornellako palkoan. Hain zen handia jokalariek zuten irabazteko grina, une batean ere ez nuen partida kolokan ikusi. Ez nintzen batere beldur. Begi bistan geratu da taldekideen lehiakortasun eta jarrera eredugarria».
2 «Azken finean, akuilu bat da. Garaipenak erakusten du filosofiak badaukala zentzua eta geroa. Orain arteko bideari tinko eusteko beste bultzada bat da, taldearen filosofiaren berrespena».
3 «Jadanik badugu esperientzia aski: urteotako gorputzaldi kaskarra gainditu eta hutsetatik ikasi dugula iruditzen zait. Porrotetatik gehiago ikasten da garaipenetatik baino. Finala zabala izango da, gainera, eta edukiko dugu aukerarik. San Mamesen jokatzea gustatuko litzaidake. Dena dela, ez dut uste posible izango denik. Madril aukera ona litzateke».
ISMAEL URZAIZ Athleticeko jokalari ohia
«Jokalari eta zaleen kemena indartzeko pizgarri bat da»
1 «Etxean ikusi behar izan nuen lehia, ilusioz. Berezia zen niretzat, bi taldeetan aritua bainaiz. Athletic askoz gehiago izan zen. Gogoz irten, eta Adurizen kalitateak erabaki zuen partida. Atsedenaldira 0-2 iristeak lur jota utzi zuen arerioa. Hori bai, lehiakorragoak izateko, kontraerasoetan zorrotzago jardutea falta zaie zuri-gorriei».
2 «Sari bat da. Sekulako garrantzia du: jokalari eta zaleen kemena indartzeko pizgarri bat da. Harro sentitzeko taldea badugu; horren isla da laugarren finala dela batzuentzat. Inbidia ematen dit».
3 «Ditugun baliabideekin eta defentsan sendo arituta, sinestea da gakoa. Logikoena Bernabeun jokatzea da, ikusle kopuruagatik eta gertutasunagatik bereziki».
JOSE LUIS MENDILIBAR Athleticeko entrenatzaile ohia
«Ezer ez zela geratzen zirudienean, indarrak atera dituzte lurpetik»
1 «Senideekin ikusi nuen, etxean. Egia esan, espero baino lasaiago joan zen. Golak bizkor egin, eta azkenaldiko partida osoena jokatu zuen Athleticek, Espanyoli areara hurreratzeko aukerarik eman gabe. Eibarri irabazita, itxaropentsu joan zen. Hamaikakoan eginiko aldaketak igarri ez, eta sobera izan zuten bigarren zatia. Telebistatik eroso zeudela zirudien».
2 «Ligan gaizki, Txapeldunen Ligatik eta Europako Ligatik at... Ez zen urte erraza izaten ari, eta ezer geratzen ez zela zirudienean, indarrak atera dituzte lurpetik jokalariek, eta lortu dute balentria. Erakutsi dute etxekoekin ere gauza inportanteak lor daitezkeela».
3 «Partida batean, edozer gerta daiteke. Bartzelonak gaizki jokatuta ere irabazten du maiz, faboritoa da, baina behintzat finalean gaude, eta baditugu aukerak. Nire ustez, Bernabeu da aproposena».
KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia
«Zaletasuna sortzeko eta belaunaldi berriak taldera lotzeko balio du finalak»
1 «Horrelako partidak bizitzea ez da egunero suertatzen. Sarrerak lortu, eta Bartzelonara joan ginen. Amestutako lehia izan zen. Astindu ederra jasota; 06:00etan iritsi, eta 08:00etarako lanean geunden, neke-neka eginda. Merezi izan du. Kolpeak hartu arren, jokalariek badakite erantzuten erronka politen aurrean».
2 «Meritu itzela du garaikur bat irabazteko lehian egotea. Zaletasuna sortu eta belaunaldi berriak Athleticera lotzeko ere balio du».
3 «Uneotan Bartzelonari eskua sartzea ezinezkoa iruditzen zait, baina bi hilabete barru parekatuago egon daiteke, haien nekea dela eta. Bilbon jokatzea ikaragarria izango litzateke. Ezingo balitz, Madrilen alde egingo nuke».
@ Non nahi duzu Athleticek finala jokatzea? Parte hartu inkestan: www.berria.eus/inkestak/426/
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.