Albistea entzun

SERIEA. Errefuxiatuak (eta V) Giza trafikoa

XXI. mendeko esklabotza

. Europako mugak ixtearen ondorioz, iheslari ia guztiek erabiltzen dituzte trafikatzaileen sareak; %90ek, Interpolen arabera. Gaizkile taldeen eskuetan harrapatuta geratzeko arriskua dute.
Hiru haur Idomeni kanpalekuan, Greziaren eta Mazedoniaren artean, muga itxita dagoelako protestan, maiatz hasieran. Laguntzailerik gabe iritsitako 10.000 adingabe galdu dira EBn.
Hiru haur Idomeni kanpalekuan, Greziaren eta Mazedoniaren artean, muga itxita dagoelako protestan, maiatz hasieran. Laguntzailerik gabe iritsitako 10.000 adingabe galdu dira EBn. KOSTAS TSIRONIS/ EFE

Adrian Garcia -

2016ko maiatzak 21

Esklabotza XIX. mendean deuseztatu zuten ofizialki, herrialde guztiek legez kanpokotzat jota. Baina, era batera edo bestera, giza trafikoa herrialde guztietan presente dago egun: prostituzioan jardutera behartutako emakumeak, nekazaritza lanetara derrigortutako haurrak eta helduak, adinekoekin ezkontzera behartutako neskatxak, belaunaldiz gaindiko zor amaigabeak kitatzeko lan egitera bortxatutako familia osoak... ILO Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, 21 milioi lagun daude egun esklabotzan harrapatuta. Trafikatzaileentzat milioika euroren negozioa da, eta gertu daude edozein hondamendi aprobetxatu eta zaurgarrienen sufrimenduari etekina ateratzeko. Baita errefuxiatuen krisiari ere.

Errefuxiatuek Europara iristeko saihesbideak erabili beste erremediorik ez dute, legezko bideak itxi baitizkie Europak. Bisa bat eskuratu ezinik, trafikatzaileei dirutza ordaintzera behartuak daude mugetako kontrolei izkin egiteko. Eta mafiek pagotxa aprobetxatu dute; Europol eta Interpol polizia agentziek kaleraturiko ikerketa baten arabera, giza trafikatzaileen sareek 2014an 5.000 eta 6.000 milioi euro artean irabazi zituzten. Bi agentzia horiek nabarmendu dute Europara iritsitakoen %90 gaizkile talde batek lagunduta egin dutela. Datu horiek agerian uzten dute giza eskubideen aldeko erakundeek salatutakoa: EBren ateak ixteko politikak ez du iheslarien ibilbidea eten, trafikatzaileak aberastu baizik.

EBk trafikatzaileen jarduna zapuzteko abiatutako planek huts egin dute; Erresuma Batuko Parlamentuko batzordeak Sophia operazioa aztertu du —iaz jarri zuen Bruselak martxan, Libiatik giza trafikatzailei ontziak bidaltzea galarazteko—. Erabatekoa da batzordearen txostena: EBren ahalegin militarrak hutsalak dira. Are gehiago: iheslarien bidaia arriskutsuagoa egin dute; trafikatzaileen egurrezko ontziak suntsitzean, egoera okerragoan dauden gomazko txalupak hasi dira erabiltzen.

Giza trafikatzaileen laguntzarik gabe iheslariek ezinezkoa lukete mugak gainditzea. Afganistandik Turkiara 4.000 kilometro baino gehiago egin beharra dituzte. Somaliatik Magrebeko kostaldera, berriz, 8.000 baino gehiago dira. Bidean hiltzen direnen datuak argitaratu dituzte nazioarteko hainbat agentziak, baina ezinezkoa da jakitea Saharako edo Mediterraneoko zeharkaldietan zenbat hiltzen diren zehazki. Gauza bera geratzen da giza trafikoaren sareetan esklabo bihurtzen dituztenekin.

Haurrak, lehen biktimak

Haurrak dira giza trafikatzaileen ohiko helburuak. Babesgabe daude asko; guraso, zaintzaile edo beste inolako laguntzailerik gabe Europara iritsi ziren ia 96.000 adingabek eskatu zuten asiloa iaz, EB Europako Batasunak egunotan kaleratutako txosten baten arabera. Baina laguntzailerik gabe iritsitako gutxienez 10.000 haur EBko agentzien kontroletik kanpo geratu dira dagoeneko. Arazoa handia da, baina datuek izozmendiaren punta besterik ez dute erakusten; hala salatu dute adituek.

Jackie Jones Erresuma Batuko Bristol Zuzenbide Eskolako ikerlaria da, eta John Winterdyk Kanadako Mount Royal Unibertsitatekoa. Bi adituek Oñatin (Gipuzkoa) eztabaidatu dute haur trafikoaren inguruan, Nazioarteko Soziologia Juridiko Institutuak antolaturiko jardunaldietan. «Ezin ditugu datu zehatzak jakin. hogei milioi lagun inguru dira giza trafikoaren biktimak, eta horietatik bost-sei milioi dira haurrak», azaldu diote BERRIAri.

EBk 2013. eta 2014. urteetan giza trafikoaren 15.846 biktima zenbatu ditu; horietatik 2.375 ziren haurrak. Bruselak ohartarazi duenez, joera arriskutsua islatzen dute datuek, «haurren giza trafikoa nabarmen igo» baita errefuxiatu krisiaren eraginez.

EBren txostenaren arabera, sexualki esplotatzeko eta lan egitera behartzeko hartzen dituzte gatibu gehienak; hiru herenak (%67) sexu lanetarako bahitu zituzten, eta %21 gatibu lanetarako— batez ere nekazaritzarako—. Baina luzea da gainerako jazarpenen zerrenda: eskean aritzera edo mirabe jardutera behartzea, organoak kentzea haiekin trafikatzeko... «Esklabotza betidanik egon da gure artean, baina oso gutxi dakigu fenomeno horretaz, orain dela gutxi hasi baikara ikertzen era zientifiko batean», adierazi du Winterdykek.

Mendebaldeko herrialdeak ez zaizkio arrotzak giza trafikoari, nahiz eta arazo hori ez egon herritarren kezka nagusien artean. Hausnarketa sinplea da Jonesena: «Hornikuntza bideak ikusi besterik ez dago. Esaterako, non kontsumitzen da txokolate gehien, eta non ekoizten dute? Zeintzuk biltzen dituzte kakao aleak, zein baldintzatan? Arroparekin eta beste edozein produkturekin egin daiteke galdera hori». Hala eta guztiz ere, europarrek sufritzen duten gaitza ere bada. «Europarekin zerikusi zuzena du arazoak. Esklabotza beste lurraldeetan betikotzearen konplize da, baina hementxe ere gertatzen da».

Europarrak eta emakumeak

Europako Batzordeak zenbaturiko biktimen bi herenek EBko herritartasuna dute. Herbehereetakoak eta Europa ekialdekoak dira gehienak —Bulgariakoak, Hungariakoak eta Poloniakoak—. EBz gaindiko herritarren artean, Albaniakoak, Txinakoak, Marokokoak, Nigeriakoak eta Vietnamgoak dira gehienak, EBko datuen arabera.

Genero aldetik handiak dira desberdintasunak. Giza trafikoan harrapatutako gehienak emakumeak dira (%60) —neska adingabeak %18 dira—. Esplotatu nahi diren helburuaren araberako bereizketa ere argia da. Sexualki esplotatzen dituztenetatik %95 dira emakumeak. Gatibu lanerako atxikitzen dituztenetatik %74, berriz, gizonak dira. Batzordearen txostenak ohartarazi duenez, lan esplotazioa hedatu egin da azken boladan, krisi ekonomikoak eta ekoizpen eta zerbitzu merkeen eskariak bultzatuta. Txostenarekin bat egiten du Winterdykek. «Sexu esplotazioa dela eta, askotan arreta jarri da emakumeengan eta haurrengan. Baina frogak badaude gizonekin ere trafikoa handia dela».

Babes eske Europako atea jotzen duten milaka eta milaka lagunek negozio bideak ireki dituzte gaizkile taldeentzat. «Krisi oro da aukera bat trafikatzaileentzat, gerretatik ihes egiteko premia handia delako. Era batera edo bestera, giza trafikatzaileek jendearen desesperazioa baliatzen dute mozkinak egiteko», adierazi du Winterdykek.

Prebentzioa giltzarria da giza trafikoaren aurkako borrokan, adituen ustetan. Jonesek berebizikoa deritzo bidezko merkataritza sustatzeari. «Merkataritza etikoa bermatzen duen zigilu bat inposatu dezakete gobernuek, eraikuntzan erabilitako azken iltzea ekoizteko ere esklaboak erabili ez dituztela ziurtatzeko».

Halere, Jonesek beharrezkotzat jo du Europatik harago begiratzea, errefuxiatuen krisia gutxietsi gabe. «Hondamendi naturalak gertatzen dira uneoro munduan, eta horiek trafikatzaileentzat aukerak sortzen dituzte». Haitiko urakana, Filipinetako tifoia, Asia hego-ekialdeko tsunamiak... «Iheslariena adibide bat besterik ez da. Ez da bakarra, ezta nabarmenena ere. Europara jendea ailegatzea ez da berria».

Zuzenbidean adituak dira bi ikerlariak, eta haurrak giza trafikotik babesteko legeak nahikoak eta osoak direla uste dute; nazioarteko hitzarmenez gainera, ia herrialde guztiek hartu dituzte giza trafikoaren aurkako neurriak. «Baina beti bezala, hutsune handia dago arauak onartzearen eta ezartzearen artean. Eta mozkinak horren handiak direnez, ustelkeriak bere bidea egin ohi du», salatu du Winterdykek.

Biktima izatearen zama

Biktimekin lan egiteko aukera izan dute bi adituek, eta haien esperientziak gertutik jaso dituzte. Terminoekin kontuz ibili beharraren garrantzia aipatu du Winterdykek. «Askok ez dute euren burua biktima gisa ikusten, bizirik atera ahal izan diren pertsonatzat baizik. Biktima hitzak norbanakoari indarra kentzen diola uste dute. Bizirik atera badira, indartsuak direlako izan da».

Giza trafikoa sufritu dutenak babesteko Europak nahikoa lege dituela diote. Arazoa beste bat da: «Badaude biktima batzuk ez dakitenak biktima izan direla. Bereziki gurasoek haurrak trafikatzaileen esku utzi dituztenean, pentsatuz bizitza hobea izango dutela. Edo konturatzen direnean biktimak direla, baina haien familiari min egitearekin mehatxatzen dituztenean», azaldu du Winterdykek.

Trafikatzaileei buruz informazio gutxi dago, oro har. Horietako 4.000 lagun inguru kondenatu zituzten iaz mundu osoan, Jonesen datuen arabera. «Ez da kopuru handia». Delituaren definizio legalaren konplexutasuna dela eta, fiskal askok beste krimenengatik auzipetzen dituzte susmagarriak, zigor kodean delitu hori izendatuta egon ez daitekeelako. «Kondena gehiago egongo lirateke delitua bere horretan sailkatuta balego».

Mendebaldeko herrialdeetan giza trafikoa present egon arren, politikari gehienek ez dituzte erantzukizunak hartzen. Arazoa osotasunean ulertzeak denbora eskatzen du: «Arazo baten berri duzunean, lehenengo pentsamendua da: ez zait niri gertatu, ez dira nire seme-alabak. Bigarren urratsa ikertzea da; gero, ulertzea; eta, azkenik, zerbait egitea eta erantzukizunak hartzea», esan du Jonesek. Agintariek, eta, oro har, gizarteak, arazoaren larritasunaz jabetu beharra dutelakoan dago Winterdyk. «Giza eskubideen urraketarik lazgarriena da, eta hura deuseztatzeko ahaleginak izugarria izan behar du».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ecowaseko ordezkariak eta Gineako junta militarrekoak elkarrekin, iazko irailean Konakryn egin zuten bilera batean. ©STR / EFE

Afrika mendebaldeko estatuek indar militar bat eratuko dute

Gorka Berasategi Otamendi

Ecowasen xedea da egonkortasuna bermatzea estatu kolpeek astindutako eskualde horretan. Maliri, Gineari eta Burkina Fasori eskatu die azkartu dezatela boterea zibilei itzultzeko prozesua
Pedro Castillo atxilotuta ageri den telebista bat, gaur, Liman. ©Paolo Aguilar / EFE

Atxilotu egin dute Castillo, kongresua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarri ostean

Paulo Ostolaza - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Peruko Fiskaltzak eman du atxilotzeko agindua. Aurrez, kongresuko diputatuek gehiengo osoz erabaki dute presidentea kargugabetzea. Estatu kolpea ematea egotzi diote bere alderdiak eta hainbat ministrok, besteak beste.

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. ©DEMIAN ALDAY / EFE

Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.