Katalunia. I-27ko hauteskundeak

Unionismoaren koloreak

Katalunian inor gutxi izutzen dute Espainiako Gobernutik heldutako mehatxuek; besterik da, ordea, Europako Batzordeak ohartarazten duenean independentziarekin Katalunia kanpoan gera litekeela
Espainiako errege Felipe Borboikoa eta AEBetako presidente Barack Obama, iragan asteartean, Etxe Zuriko bulego obalean.
Espainiako errege Felipe Borboikoa eta AEBetako presidente Barack Obama, iragan asteartean, Etxe Zuriko bulego obalean. SHAWN THEW / EFE

Samara Velte - Berriemaile berezia

2015eko irailak 18

Katalunia Europako Batasunaren aurrean. Independentziaren ondorio juridikoak. Hitz handiko izenburu bat eta Zuzenbideko bi katedradunen sinadurak daramatza Alternativas fundazioak aurkeztu duen txostenak, Kataluniaren independentziak ekar ditzakeen kalteei buruzko abisu sinesgarri bat emateko asmoz. PSOEri lotutako erakundea da; Espainiako Gobernuak eta PPk erabili ohi duten mehatxuen estrategia alboratu, eta bestelako izuak haizatzen ditu independentistak konbentzitzeko. «Alde bakarreko independentzia adierazpen batek ez luke Katalunia Europako Batasunetik bereiziko soilik», dio argitalpenak: «Batasunean sartzeko hautagai izaera ere ezingo liokete eman, eta ezingo lioke negoziazio prozesu bati ekin berriro Europako Batasunean sartzeko».

Espainiatik irteteak beste hainbat instituzio uztea ere ekarriko lukeela nabarmentzen du, besteak beste, Nazio Batuen Erakundea, Nazioarteko Diru Funtsa, NATO eta G-20. «Kataluniak ez luke presentziarik izango Europako Banku Zentralean, eta, beraz, ezta euroaren sistema osoan ere, Batasunak ezarritako txanpon bakarrean».

Bruselatik antzeko iragarpena egin du Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak: estatu bateko lurralde bat independentziaren bidez hartatik bereizten bada, itun komunitarioek ez ei diote gehiago eragiten lurralde horri. Nolanahi ere, aukera du berriz EBn sartzea eskatzeko. «Batzordeak 2004tik du iritzi hori, eta sinesten du oraindik. Behin baino gehiagotan adierazi izan dugu».

Albert Royok, Kataluniako Diplomazia Publikorako Kontseiluko buruak, hauteskundeetan eragiteko trikimailutzat jo ditu Schinasen adierazpenok: «Independentziaren aldeko boto-emaileei atzera eginarazi nahi diete». Raul Romeva Junts Pel Si-ko hautagai nagusiak ere nabarmendu du Europako estatuek gehien komeni zaiena egingo dutela Katalunia independentea denean, eta estatu bakar batek ere ez diola Kataluniari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatu: «Batzuetan interesgarriagoa da esaten ez dena, esaten dena baino».

Suediako Parlamentuko Atzerri Gaietarako burua atera da katalanak babestera. EBri buruzko galderak kanpainatik kanpo utzi behar liratekeela argudiatu du Carl Schlyterrek: «Kataluniak irizpide guztiak beteko lituzke EBko kide izateko, eta Espainiak ere ikusiko du onuragarriagoa dela harekin harreman ona izatea».

Europaren mamua

Bestelako arriskuen ohartarazpenek eragin txikia izan dutela ikusita, independentziaren aurkako kanpainak azken asteotan gehien erabili duen argudioa da Europako Batasunaren auzia. Madrildik eginahalak egin dituzte nazioarteko ordezkari esanguratsuenek independentziaren aurka hitz egin zezaten. Katalunian inork ez du kasualitatetzat jo, esaterako, hauteskunde kanpainaren bosgarren egunean Barack Obama AEBetako presidenteak Felipe II.a Espainiako erregea hartu izana Etxe Zurian, eta, ustez xaloki eta bestelako konnotaziorik gabe, esan izana «Espainia indartsu eta batua» babesten duela. Mariano Rajoy presidenteak Angela Merkel eta David Cameron ere estutu zituen, gutxienez adierazpen bat egin zezaten. Bigarrenari atera zion zuku gehien: EBtik ateraz gero Kataluniak gainerako hautagaien ondoren itxaron beharko lukeela esan zuen Erresuma Batuko lehen ministroak.

Kasu guztietan, ez da hainbeste independentzia gaitzesten dutena; adierazpenotan suma daitekeenez, gehiago kezkatzen ditu independentzia hori alde bakarrez aldarrikatzeko aukerak. Madrilekiko lotura handiak dituen eta prozesu subiranistaren aurka egon ohi den Ekonomia Zirkuluak ere horri eman zion arreta herenegun argitaratutako iritzi txosten batean: lehenbizikoz, ez zuen erreferendum bat ukatzen —areago, bozen ostean hura antolatzeko eskatzen zuen, baina Espainiarekin negoziatuta—, baina alde bakarreko urratsik inolaz ere ez egiteko aholkatzen zien Kataluniako erakundeei, horrek galera ekonomikoak ekar litzakeela argudiatuta.

Unionismo 'leuna'

Europatik kanpo geratzeko aukerak kezka eragiten die katalan askori, baina argudioa Espainiako Gobernutik datorrenean, aspermena eragiten die gehienei; Madrildik heldutako mehatxu guztiak aintzat hartu beharko balituzte, euroarena larritasun txikienekoa litzateke, ziurrenik.

Ordea, unionismoak baditu gutxienez beste bi aurpegi, PPren jarrera oldarkorraz harago: ziurgabetasunarekin jokatzen duenarena, eta katalanak Espainia hobe baten promesarekin limurtzen dituena. Azken horretako ordezkaritzat jo liteke Catalunya Si Que Es Pot, bere buruari «ezker ez-independentista» deitzen dion hautagaitza: ez die plebiszitu izaera aitortzen irailaren 27ko hauteskundeei, eta gobernu programa arrunt batekin aurkeztu da bozetara. Hiriburuan Barcelona En Comu-k udal hauteskundeetan egin zuenaren antzera, independentziaren auzitik at geratzen ahalegindu da hasieran; baina azkenerako moldatu egin behar izan du diskurtsoa, independentisten arrazoibidera gerturatuz. Duela gutxi, erabakitzeko eskubidearen aldeko itun zabalago bat proposatu zuen Lluis Rabell presidentegaiak. Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko erreferenduma egitea defendatzen du, baina estatu mailan, eta jakintzat emanik Espainiako hauteskunde orokorrek Madrilgo indar banaketa aldatuko dutela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

Osasungintzako sindikatuen protestak. ©Gorka Rubio/FOKU

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari

Maria Ortega Zubiate

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun sistemaren egoera hobetzeko neurriak hartu ditzala eskatu diete Osakidetzari. Adierazi dute neurriak hartu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.

Hainbat ikasle, ikasgeletara sartzeko zain, Bilbon. ©Luis Jauregialtzo / Foku

32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian

Mikel O. Iribar

Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna