Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Ipar-mendebaldeko olatuari so

Publizitatea

Politika

Estatus politikoari buruzko galdeketak

Ipar-mendebaldeko olatuari so

Beste 30.000 herritarrek bat egin dute estatus politikoari buruzko galdeketa baten alde. Urtea amaitu aurretik, ia 600.00 biztanle inguru biltzen duen eremura iritsi nahi du Gure Esku Dago-k
Infografia: BERRIA

2017-03-21 / Jokin Sagarzazu

Ipar-mendebaldetik joko du haizeak datozen hilabeteetan, eta Gure Esku Dago-ko kideek espero dute horrek eragina izatea erabakitzeko eskubidearen aldeko beste olatu bat sortzeko. Hamabi egun barru, apirilaren 2an, Bizkaian lehen aldiz egingo dute eskualde batean kontsulta: Busturialdean. Eta hilabete geroago, maiatzaren 7an, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako beste 50 bat udalerritan. Udazkenean, haizea sartuko da hegoaldetik, Nafarroatik: beste 40 udalerritan, gutxienez, egingo dituzte kontsultak. Urtea amaitu aurretik, ia 600.000 biztanle inguru biltzen dituen eremura iritsi nahi dute, 2018an «beste jauzi kualitatiboa bat» emateko, hiriburuak begi bistan.

Eta itxaropentsu egoteko arrazoiak dituztela diote. «Urrats izugarria eman dugu. Gure bide orria zer den, nola garatu ahal den erakutsi dute dozenaka herritarrek azken aste eta hilabeteetan». Igandean 35 udalerritan eginiko galdeketek eta lortutako parte hartze datuen analisi baikorra egin dute dinamikako kideek. Deituta zeuden lau herritarretik batek esan du estatus politikoari buruz galdetua izan nahi duela. «Urrats erabakigarria egin dugu erabakiaren bidean. Ziur gaude gaur hemen posible izan dena bihar Euskal Herrian ere posible izango dela».

Mezu hori eman dute Oiartzualdean, Tolosaldean, Astigarragan eta Hernanin (Gipuzkoa) eta Larrabetzun (Bizkaia) eginiko galdeketen harira. Herenegun, 16 urtetik gorako 124.274 herritarrek zuten iritzia emateko aukera, eta 30.862k erabaki zuten bozkalekuetara joatea: %24,83k. 2014an Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiaga-Zollo (Bizkaia) hasitako bideari eta 2016an 36 herritan ibilitako bideari, 2017an beste 35 herri batu zaizkie dagoeneko: denera, ia 70.000 herritarrek hartu dute parte orain arteko herri galdeketetan. 39.201 ziren herenegun arte.

Gure Esku Dago-ko kideek parte hartze prozesutzat jo izan dituzte kontsultak. Aurretik, eginiko 38 udalerrietan parte hartzearen batez bestekoa %30,1ekoa izan zen; herenegun, %24,83koa: bost ehuneko gutxiago. Neurri batean, aurreikusita zuten hori, orain arteko galdeketen artean, eskualderik eta, bereziki, hiririk handiena zeudelako tartean: Oiartzualdea, eta horren barruan Errenteria. %20,24koa izan da parte hartzea eskualdean. Goierrin %27koa eta Debagoienean %29,1koa izan zen.

Aurreko galdeketetan bezala, parte hartze handiena herri txikienetan eman da: %75etik gora Tolosaldeko Orexan, Baliarrainen eta Orendainen, %65 inguru eskualde bereko Abaltzisketan eta %58 Bizkaiko Larrabetzun. Azken hori alde batera utzita, gainontzekoak 300 hautesle baino gutxiagoko herriak dira.

10.000tik gora hautesle dituzten herrietan, berriz, ez da pasatu %26tik: Tolosak jarri zuen langa hori herenegun. Aurretik eginiko galdeketetan, 10.000tik gorakoetan, Azpeitiak du parte hartze handiena: %39,38.

Emaitzei dagokienez, baiezkoa izan da nagusi herri guztietan. Tolosaldeko udalerri guztietan galdera bera eta bakarra zuten; bakarra eta ezberdina Hernanin, Astigarragan Larrabetzun, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen, eta Errenterian bikoitza. Orotara, 29.578 lagunek eman dute baiezkoa (%95,84); ezezkoa, 727k (%2,36); eta zuria, 394k (%1,28). 163 boto baliogabe izan dira.

Orain artekoen ispiluan

Orain arte galdeketak egin dituzten eskualdeen artean handiena izan da Oiartzualdea. Lau herrik osatzen dute—Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia—, eta 60.000tik gora hautesle —erdia Errenterian—. Soziologia politikoa askotarikoa izanda, jokaleku garrantzitsua izan da Gure Esku Dago-rentzat eta han lorturiko parte hartze datuek esanahi berezi dute taldearentzat. Errenterian %15,5koa izan da mobilizazio ahalmena eta Pasaian %17,42koa. Orain arteko galdeketetan, Arrasate zen hautesle kopuru handiena zuen udalerria (19.119); han, parte hartzea %23,56koa izan zen. Orain arteko parte hartze datu txikienak dira Errenteria eta Pasaiakoak, Gipuzkoako Goierri eskualdeko Zumarragaren ondoren: %13,43. Aldiz, Oiartzunen %40,2koa izan zen parte hartzea eta Lezon %25,58koa. Aurretik egindakoetatik, Azpeitiko datuekin erka daitezke Oiartzungoak.

Tolosaldeko 28 herrietan egin dituzte kontsultak Zenbait herritan %70era hurbildu da parte hartzea. Baina 1.000 hautesletik gorako herrietan, %20tik %27ra joan da parte hartzea. Tolosak ere, 16.343 hauteslerekin, lautik batek bozkatu du (%26). Orain arte eginikoekin konparatuta, eta hiriaren tamaina kontuan hartuta, Arrasate (%23,56) eta Bergara (%29,46) artean kokatzen da Tolosa, parte hartzeari dagokionez. Hernanin, berriz, Pasaiaren antzeko errolda izanda —3.000 hautesle gehiago—, zazpi puntu gehiagoko parte hartzea izan da. Dena den, antzeko hautesle kopuru batekin, Tolosan bost puntu handiagoa izan da parte hartzea Hernanin baino.

Hautesle kopuru eta parte hartzea aintzat hartuta, Larrabetzun izan du galdeketak arrakasta handiena. Bizkaiko hirugarren herria da herri galdeketetan bozkatzen, eta Arrankudiagako (%61,5) eta Ispasterko (%63,7) parte hartze mailara gerturatuko da.

Herritarrak, «prest»

Jai giroa izan zen nagusi herenegun. Egun osorako egitarauak prestatu zituzten herrietan: musika emanaldiak, erakusketak eta haurrentzako jolasak, besteak beste. Goizean parte hartze handiena herri txikietan jazo zen. Arazorik gabe joan zen eguna. Ilarak sortu ziren mahai batzuetan eta arazo tekniko batzuk ere izan zituzten: Errenterian, adibidez, bozkaleku batzuk itxita eduki zituzten aldi batean. Botoen kontaketa ere aurreikusi moduan joan zen. 22:00etarako prest zituzten emaitza ia denak. Herri handienetakoak izan ziren azkenekoak.

Aurrera egiteko bidean, galdeketak antolatzen aritu direnen lana goraipatu dute Gure Esku Dago-ko kideek: «Zailena ez da erabakitzea. Zaila bidea eta galdera adostea da, hautetsontziak kalean jartzea da. Hori da adostasuna eta elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogorarazten diguna», azpimarratu dute. Eta gaineratu: «Argi dago euskal herritarrok, prest gaudela».

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Publizitatea