Albistea entzun

Katalunia. Prozesu subiranista

Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean baliogabetu du Erreferendum Legea

Espainiako Gobernuaren helegiteak onartu ditu Konstituzionalak. Erabakia zuzenean jakinaraziko die Puigdemonti, Kataluniako alkateei eta mossoei
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo, Moncloako jauregian.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo, Moncloako jauregian. MARIANO RAJOY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2017ko irailak 8

Kataluniako prozesuan azken urteotan etengabe erabili da trenen arteko talka esamoldea, Kataluniako eta Espainiako gobernuek akordiorik lortu ezean sortuko litzatekeen gatazka izendatzeko; aurrekaririk gabeko gatazka. Bada, herenegun Kataluniako Parlamentuak Erreferendum Legea onartu eta gobernuak galdeketera deitzeko dekretua sinatu ondoren, talka hori hasi da itxura hartzen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi ditu Kataluniako Parlamentuak herenegun onartutako Erreferendum Legea eta Carles Puigdemont presidenteak gobernuko kideekin batera sinatutako dekretua, Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteak tramiterako onartu baititu. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Kataluniako agintariei ohartarazi die ez dutela «deus baztertuko» erreferenduma eragozteko ahaleginean. «Kereilen tsunamiari demokraziaren tsunami batekin aurre eginen diogu. Karrikak jendez beteko ditugu», erantzun zion Puigdemontek.

Espainiako Gobernuak eskatu bezala, Auzitegi Konstituzionalak Puigdemonti, haren gobernu osoari, Kataluniako alkate guztiei, mossoei eta hedabide publikoei zuzenean jakinaraziko die erreferendumaren aldeko ekintza guztiak geldiarazi edo eragotzi behar dituztela; hori egin ezean, delituren bat egin lezaketela ohartaraziko die. Rajoyren gobernuak lau helegite aurkeztu ditu: Erreferendum Legearen aurka, erreferendumera deitzeko dekretuaren aurka, dekretu horren arau osagarrien aurka, eta Hauteskunde Sindikaturarako bortz kideen aukeraketaren aurka. Konstituzionalak ez du baloratu helegitearen edukia, baina tramiterako onartzeak automatikoki eragiten du eztabaidagai diren legeak bertan behera uztea.

Rajoyren deia herritarrei

Herenegun Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak jakinarazi zuen Espainiako Gobernuaren jarrera, Erreferendum Legea onartu baino ordu batzuk lehenago. Atzo, Rajoyk egin zuen agerraldia. Jarrera gogorrarekin, ez zuen zalantzarako tarterik utzi nahi izan: «Erreferendum hau ezin du Espainiako presidente bakar batek ere onartu edo negoziatu». Rajoyren arabera, «Espainian edonor izan daiteke independentista, edo burujabetza nazionala haustea defendatu dezake, baina, beti, horretarako bideak errespetatuta». Azaldu zuenez, Espainiako Konstituzioa aldatzea litzateke bide bakarra. Horregatik, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoari «autoritarioa» eta «antidemokratikoa» izatea leporatu zion.

Kolektibo zehatz batzuei zuzendu zitzaien Rajoy. Alde batetik, Kataluniako herritarrei eta funtzionarioei erran zien «inork» ez dituela behartuko «legez kanpoko zerbait» egitera, nahiz eta oroitarazi zien haien «betebeherra» ere badela «legea ez urratzea». Bertzetik, Kataluniako oposizioari eta parlamentuko zerbitzu juridikoei eskerrak eman zizkien «legalitatea eta duintuasuna defendatzeagatik». Eta, hirugarrenik, «Espainiako gainerako herritarrei» mintzatu zitzaien: «Inoiz ez dugu ikusi izaera honetako erasorik gure elkarbizitzarako akordioaren aurka. Ez itzazue gertakari hauek ikusi zuekin zerikusirik ez duten zerbait balira bezala. Kezka sorrarazi behar dizuete; eta anitz, gainera». Hala ere, «lasai» egoteko eskatu zien. «Inork ez du zalantzarik eginen. Demokraziak erantzunen du. Sendo eginen du, konfiantzarekin, zuhurtziaz eta duintasunez».

Fiskaltzaren kereila

Goizean, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen Espainiako Gobernuak herenegun aurkeztutako epaia betearazteko intzidentzia. Kataluniako Parlamentuko mahaiak Erreferendum Legea tramitatzeko egin zituen akordioen aurka aurkeztu zuen Madrilek, Saenz de Santamariak erran zuenez, Auzitegi Konstituzionalak 2015etik emandako ebazpenak urratu zituelakoan. Konstituzionalaren erabaki horrekin, ordea, akordio horiek ez dira berehala bertan behera gelditu. Kataluniako Parlamentuak eta Fiskaltzak larunbatera arteko epea dute alegazioak aurkezteko. Trantsiziorako legea tramitatzeko erabakiaren aurka ere epaia betearazteko bertze intzidentzia bat aurkeztu zuen atzo Espainiako Gobernuak.

Saenz de Santamariak herenegun Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea paratu zuen jomugan, eta Auzitegi Konstituzionalak onartu du betetarazteko intzidentziaren ondorioz Forcadelli lekukotza hartzea. Ez du onartu, ordea, Forcadellek Konstituzionaleko hamabi epaileak errekusatzeko aurkeztu zuen eskaria. «Desegokia eta gehiegizkoa» dela ebatzi dute epaile horiek beraiek.

Gobernuak sustatutako ekintza judizialekin batera, Espainiako fiskal nagusiak Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen eta haren gobernuko kide guztien aurkako kereila bat aurkeztu du, «desobedientzia, prebarikazioa eta funtsak bidegabe erabiltzea» leporatuta. Polizia guztiei —mossoei barne— agindu die «delitu izan litekeen edozein ekintza» ikertzeko, eta erran du erreferenduma egiteko balio lezakeen «edozer gauza» atzematea aginduko duela.

Rajoyk Espainiako oposizioko hiru alderdi nagusietatik biren babesa bermatuta dauka. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin elkartu zen atzo, eta hark «babes osoa» eman zion Espainiako Gobernuari.

Dena den, Kataluniako Gobernuak eta indar independentistek tinko eutsi diote bide orriari. Junts Pel Sik eta CUPek trantsiziorako legea aste honetan onartzeko konpromisoa mantendu dute. Parlamentuko osoko bilkuraren bigarren eguna, ordea, lehenbizikoa bezain trabatua izan zen gutxienean. Bertze behin, oposizioak Forcadelli eta mahaiko kide independentistei leporatu zien parlamentuko araudia bidegabe erabiltzea legea tramitatu eta bozkatu ahal izateko; independentistek, berriz, azken bi egunotan Katalunian sona handia hartu duen solas batekin definitu zuten oposizioaren jarrera: «Filibusterismoa». Edizio hau ixterakoan, trantsiziorako legearen bozketa ez zuten egina, eta osoko bilkura gaur arte luzatzeko erabakia hartua zuen parlamentuko mahaiak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024an desegingo dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du «herritarren segurtasun fisikoa» dela lehentasuna. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.