Uemak 25 urte. Ibilbidea

Zoru bat arnasguneei

Gaur 25 urte, 1991ko maiatzaren 5ean eratu zen Uema. Bide gorabeheratsua izan du, batez ere ilegalizazio garaian. Espainiako erakundeek oztopo ugari jarri dizkiote bidean. Uemak lortu du arnasguneen garrantzia gizarteratzea.
1991ko maiatzaren 5ean Uema eratu zuteneko argazkia.
1991ko maiatzaren 5ean Uema eratu zuteneko argazkia. BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko maiatzak 5
Kontzeptu ezaguna da orain, euskara nagusi den lekuei buruz hitz egiteko: arnasgune esaten diete. 1991n, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zutenean, artean ez zen ezaguna kontzeptua, baina orduan ere nabarmentzen zuten horrelako herriek euskararentzat duten garrantzia. «Garbi geneukan euskararen lurralde bat osatzen joan behar zela», azaldu du Antton Iztuetak. Altzoko (Gipuzkoa) zinegotzi zen, eta Uemaren lehen lehendakari izan zen. Euskararen lurralde horretan erakundeek euskaraz egiteko «babes legala» lortzea zuten helburu.

Gaur 25 urte, 1991ko maiatzaren 5ean, eratu zuten Uema. Aizarnazabalen (Gipuzkoa) sinatu zituzten sortze agiriak, eta hantxe egingo dute gaur urteurreneko ekitaldia. 19:00etan izango da, herri eskolan. Uemako herrietako ordezkariak, urteotan zuzendaritza batzordean egondakoak eta beste erakunde eta talde batzuetako ordezkariak ere bilduko dira.

Mende laurden da gaur, baina atzerago begiratzea ezinbestekoa da Uemaren sorreraren nondik norakoak aztertzeko. EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak mozioak aurkeztu zituen 1988an udaletan, eta 30 bat herritan Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia onartu zuten. Udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko bitartekoak jartzea zuen helburu. «Aldez aurretik bazetozen bilerak. Mankomunitatea izan aurretik, EKBk [Euskal Kulturaren Batzarrea] koordinatzen zuen mugimendua», esan du Iztuetak.

Udaletan euskaraz aritzeko oztopoak zeudela gogoan du Iztuetak: «Trabak hasieratik sortu ziren. Arazo handia zen. Ez guretzat bakarrik, zinegotziontzat. Batik bat udal langileentzat behar zen babesa, idazkarientzat. Aktak bidali, eta eskatzen bazioten erdaraz bidaltzeko... Arazoa zen egoera horretan lan egitea». Oraintsu arte izan dira horrelako arazoak, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez zituelako ontzat jotzen gaztelaniaz ez zeuden aktak.

Hemeretzi udalek sortu zuten Uema. HBren esku zeuden gehienak, eta baziren talde independenteak ere. Iztueta jarri zen lehendakari. Herri txikiak ziren denak: hamar Gipuzkoakoak, zazpi Bizkaikoak eta bi Nafarroakoak.

Harremanak egitea zen hurrengo urratsa. «Errezelo handiak zeuden. Nahiko bakarrik geunden. Herri txikietako jendea ginen. Ematen zuen arraroak ginela. Guretzat oso normala zen euskaraz bizitzea, baina beste estamentu batzuetan hori ez zen hala ikusten».

Liskar politikoak

Egoera politikoa ez zen erosoena. «Abertzaleen artean konfrontazio dezente zegoen», azaldu du Iztuetak. Eskutitzak bidali zizkieten alderdi politikoei, bilera eske. Ezezkoak ere jaso zituzten. «PSEkoek erantzun ziguten Euskararen Legea bazegoela, eta gurekin biltzeko beharrik ez zutela ikusten». EAJrekin batzartu ziren. «Instituzionalizatzea ondo ikusten zuten, babesa emango zigutela... Baina mankomunitatean sartzea beste pauso bat da. Batzuk sartu ziren». EAJk Uemarekiko jarrera «epela» zuela uste du Iztuetak. «Orain ere jarraitzen du».

Pixkanaka sendotzen joan zen Uema hurrengo urteetan. 2000n, adibidez, 40 udalerriren langa pasatua zuen. Kontxi Gabantxo zen lehendakari urte hartan ?1999tik 2003ra egon zen aurrena?; Bermeoko (Bizkaia) zinegotzia zen EAtik. Ari zen bidea egiten Uema, baina ez trabarik gabe. «Mila arazogaz» aritu zirela azaldu du Gabantxok. «Borroka asko egon zen, batez ere estatuko abokatuak behin eta berriro inpugnatzen zituelako guk planteatzen genituenak: pertsonak kontratatzeko aukera jartzen genuenean, udalek sartzeko gogoa zutenean...». Izatez, Gabantxo lehendakari egon zen berriro 2006tik 2007ra. Urte haietan, lehenbizi Lekeitiok eta gero Ondarroak izan zuten Uemaren lehendakaritza, baina biek Uematik atera egin behar izan zuten, epaileek horretara behartuta.

Mankomunitatearen garai ahula izan zen hura. «Urte gaitzak», Miren Urresti lehendakari ohiaren hitzetan; Ondarroako (Bizkaia) zinegotzia zen, EAJkoa. Sartu-irten ezohikoak izan zituen. «Erabaki judizial-politiko baten ondorioz, Lekeitiok irten beharra eduki zuen, eta orduan sartu nintzen ni. Ez da kasualitatea Ondarroak ere hala irten behar izana».

Beste erabaki politiko-judizial batek ere bete-betean eragin zion urte haietan Uemari: legez kanpo utzi zuten ezker abertzalea. Udal asko EAJren eskuetara pasatu ziren, eta, hortaz, Ueman ere indar nagusia zen. Tentsioa du gogoan Urrestik. «Batzar askotan irainak entzuten ziren. Egoera estatuak sortu zuen, eta ondorioak jasan genituen jasan behar ez genituenok». Ordura arte gorantz egiten ari zen Uema, herri gehiago biltzen, eta eten egin zen joera hura. Ezker abertzaleak salatu zuen EAJ Uema «deuseztatzen» ari zela. Urrestik dio «egoera diferentea» zela. «Ez zen momentu onena».

2007ko hauteskundeen ondoren, ezker abertzaleak hartu zuen berriro Uemaren lehendakaritza ?ANVren izenpean aurkeztu ahal izan ziren udal batzuetara?. Jon Bollar Aulestiko (Bizkaia) hautetsia zen lehendakari. Arazoak ez ziren bideratu, ordea. Lehen batzarretik alde egin zuten EAJko kideek, eta zuzendaritzan zegozkien karguak ez zituzten hartu. «Azalpenik ez ziguten inoiz eman. Goiko aginduak egon zirela uste dut. Zinegotziekin hitz eginda, esaten zuten ados zeudela Uemaren filosofiarekin», dio Bollarrek.

Iñaki Arregiren heriotza

Ilegalizazioak indarrean ziren artean, eta EAJren esku zeuden udal batzuk Uematik ateratzen hasi ziren errenkan. Zortzi bat herrik utzi zuten mankomunitatea. Lehenago lehendakari izanda, zer iritzi zuen Urrestik alderdikideen joera horretaz? «Beti ikusi dut Uema erreminta gisa. Herri batzuek ikusten badute beste erreminta batzuk daudela eta beste era batera egin litekeela, hori errespetatzekoa da. 'Ueman bazaude, euskararen alde zaude; Uemaren ez bazaude, ez'. Ez da hori. Erreminta bat da Uema, baina badaude beste batzuk ere».

Udalekiko gorabeherez gain, beste kolpe bat ere jaso zuen urte haietan Uemak: Iñaki Arregi hil zen 2010ean, mankomunitatearen koordinatzailea. «Kolpe gogorrena hori izan zen, zalantza barik», dio orduko lehendakariak, Bollarrek. «Uemarentzat dena zen. Egin zuen guztia Uemaren alde egin zuen, buru-belarri aritzen zen, eta utzi zuen ondarea ere ona izan zen». Bat datoz aurreko lehendakariak ere. Gabantxok dio «bihotza eta arima» zela. Urresti: «Arima beti bera izan da, eta izango da. Beti ez ginen egoten konforme, baina konbertsazio ederrak edukitzen genituen».

Beste egoera bat

Giro politikoa bareago dago orain. Zuzendaritzan sartu da EAJ. Segitu edo ez dudak agertu dituzte bi udalek, baina ateratzeko asmorik ez dute agertu jeltzaleen eskuetan dauden udal gehienek. «Beste egoera batean gaude», adierazi du Urrestik. Nabarmendu du, halere, gatazka garaietan ere bazela adostasuna Uemaren barruan. «Momentu gaitzagoak zirenean ere, batzordeetan euskarari buruzko gauzetan zentratzen ginenean, ez zen arazorik egoten. Euskarak berak asko batzen gaitu».

Bide horretan pauso bat eman dute EAJk eta EH Bilduk oraintsu: udal legea adostu dute, eta badira euskarari buruzko atalak ere. Gabantxok horri heldu dio: «Helburuetako bat lortu du Uemak: udal legeak onartzen du udalak euskaraz bizi daitezkeela. Uemak aldarrikatu duena jaiotzatik gaur arte».

Arnasguneen garrantziaz gero eta gehiago hitz egiten da, eta, zehazki, udal legean jaso dute hirigintza planen eragin linguistikoa aztertzeko beharra. Udaletan aurrera egin da ?«asko euskaldundu dira, baina oraindik lan izugarria dago egiteko», dio Bollarrek?, baina kontua da herri euskaldunetan atzera egiten ari dela euskara. Bollarrek uste du udalean ez ezik «herritarren kontzientziazioan» segitu behar duela Uemak.

Arnasguneetan «erdararako joerak» nabari direla eta, kezkatuta dago Iztueta ere. Hirigintzaren eragina aipatu du. Babesa eskatu du. Baina ohar egin du herri horietarako: «Uemak bakarrik ez. Herritarren arlo hori herriko elkarteek, Uemarekin batera noski, egin beharko dute: erdaldunak animatu ikastera, kontzientziatu...».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna