Euskal Herriko Itzulia. Lehen etaparen kronika. ERRELEBOKA

Eroso ibili gara

Gorka Izagirre - Movistar taldeko txirrindularia

2015eko apirilak 7
Hasi gara egurrean. Guretzat ez da izan etapa txar-txarra, hiru txirrindulariko ihesaldia sortu delako hasieratik, eta askoz errazagoa izaten delako hiru lagun kontrolpean izatea, sei-zazpik ihes egitea baino. Igor Anton eta biok aritu gara gehienean lanean tropel buruan, ahalik eta txirrindulari gutxien nekatzea zelako taldearen helburua. Eta lan ona egin dugula uste dut.

Hori bai, World Tourreko lasterketetan beti gertatzen den bezala, tentsio handia izan da azken 60 kilometroetan sartuta. Denek egon nahi izaten dute aurrean, eta momentu zailak izaten dira horiek taldeburua babesten ibiltzen garen txirrindulariontzat. Tentsio handiarekin, baina lasai zihoan dena, eta, horregatik, pena izan da azken uneko erorketa. Ikusi egin beharko da zer ondorio utzi dituen.

Lehen kilometroetan hasi, eta etapa guztian lanean ibili ondoren, 25 bat kilometro falta zirela lasaitu, eta Igorrek eta biok geure erritmoan egin dugu etapako azkeneko zatia. Sua sortu da Gangurengo bigarren igoerara bidean, eta horrelakoetan hobe izaten da lasaitu, atzera egin, eta indarrak gorde. Hasi besterik ez da egin Euskal Herriko Itzulia, eta gogotik lan egitea egokituko zaigu ziurrenik. Gaur Gasteizen amaituko dena da, agian, etaparik samurrena, Euskal Herrian etapa samurrik dagoela esan baldin badaiteke, noski. Baina Zumarraga, Arrate, Aia... Etapa gogor asko dauzkagu oraindik zain.

Gu aritu gara lanean gehienean, baina talde asko inguratu da lehen postuetara, talde gehienek daukatelako pare bat hautagai itzulian aurrean ibiltzeko. Errepide estu asko izaten da lasterketa honetan, eta horregatik areagotzen da tentsioa. Autoetatik ere abisua pasatzen dute irrati bidez, eta une zail guztiak kontrolpean egoten dira jada.

Eta tropel barrutik errepide ertzera jauzia eginda, gaurkoa ez nuke amaitu nahi zaleei buruz bi hitz egin gabe. Niri dagokidanez, inoiz iritsi gabe nengoen Bilbora lasterketa barruan, eta ederra izan da benetan. Eguraldi ona lagun, jendetza handia bildu da bai etapa hasieran, bai amaieran, eta eskertzekoa da giro hori sortu izana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna