Albistea entzun

Joseba Gabilondoren 'New York-Martutene'-k jaso du Euskadi saria

Ramon Saizarbitoriaren eleberriaren azterketak irabazi du saiakera alorreko saria.

Maite Gurrutxagak 'Habiak'-en egindako ilustrazio lana eta Harkaitz Canoren 'Orkestra lurtarra' ere saritu dituzte
Joxean Muñoz, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristi, atzo, Donostian eginiko agerraldian.
Joxean Muñoz, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristi, atzo, Donostian eginiko agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Mikel Lizarralde -

2014ko urriak 30

Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberritik tiraka, Euskal Herriak mundu globalizatuan duen tokia aztertuz Joseba Gabilondok idatzitako saiakerak (New-York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz) irabazi du 2014ko Euskadi Literatura saria. Saizarbitoriaren lanari euskal literaturaren eleberri gailen deritzo Gabilondok, eta Euskal Herriaren iragana eta etorkizuna berrikusteko perspektiba ematen duela uste du.

Irakasle eta literatura kritikaria ez zen izan atzo Donostian, sariaren berri emateko Eusko Jaurlaritzak antolatutako agerraldian, baina AEBetatik igorritako idatzi baten bitartez nabarmendu zuen saiakerak genero gisa duen balioa: «Egungo saioari —euskaraz idatzitakoari—, poesiari gertatu zaion bezala, narratibaren morroi edota bigarren mailako genero izatea suertatu zaio (...) Euskaraz idatzitakoak narratibara jo duenean bakarrik izan du arrakasta». Hala ere, saiakeraren indarra ere aldarrikatu nahi izan du Gabilondok, eta polemikarako bidea zabaltzeko —haren iritziz «polemikak baitirudi hitz eginarazteko bide bakarra Euskal Herrian»—, narratiba baino beharrezkoa dela uste du: «Inondik ere ezin aldarrikatu saioa jada errotu denik Euskal Herrian, baina pentsatu nahi dut geroa berea dela, literaturaren eta pentsamenduaren geroa berea duela».

Jon Sudupe buru izan duen epaimahaiak —iaz irabazi zuen euskarazko saiakera saria—, Gabilondoren lanari aitortutako merituak aletu zituen Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak: «Martutene lanean barrena egiten duen ibilaldia oso iradokitzailea da. Haren unibertso literarioan barneratzeko orientabide ugari ematen dizkigu».

Gaztelaniazko saiakeraren alorrean, Jon Juaristiren Espaciosa y triste lanak irabazi du saria. Azkeneko 25 urteetan idatzitako saiakera sorta batek osatzen du liburua, eta, epaimahaiaren arabera, elkarrekin darabiltza «goi mailako literatura estiloa, zorroztasun akademikoa eta hausnarketa sakonak; identitate politikoa sortzen duten diskurtsoei buruzko hausnarketa batetik, eta andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diren mito identitarioei buruzko hausnarketa bestetik».

Harkaitz Canok badaki zer den Euskadi saria irabaztea. Beluna Jazz-ekin irabazi zuen aurrenekoz 2005ean, eta Twist-ekin bigarrenez 2012an. Biak Euskarazko Literaturaren alorrean. Hirugarren saria Orkestra lurtarra-k (Elkar) eman dio, oraingoan haur eta gazte literaturaren atalean. Bremengo musikariak tradiziozko ipuinaren zantzuak ditu liburuaren abiapuntuak; izan ere, liburuan ere orkestra bat da protagonista. Canok, epaimahaiaren iritziz, «eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere». Cano ere ez zen atzoko agerraldian izan, Italian baitago, baina bideo bidez eskertu zuen saria, eta, batik bat, Jokin Mitxelena ilustratzailea izan zuen gogoan, «zorretan», hark marraztu baititu pertsonaiak. Liburu bihurtu baino lehen, Orkestra lurtarra BERRIAko Mantangorri gehigarrian argitaratu zuen atalka.

Habiak lanak (Txalaparta), berriz, lehenengo Euskadi saria eman dio Maite Gurrutxagari. Dejabu Panpin Laborategiaren eskaera baten emaitza da liburua, eta epaimahaiak nabarmendu duenez, «ilustratzailearen gaitasun narratibo eta adierazkor izugarriari esker, xehetasun eta sentimendu handiz deskribatzen da oroitzapenez eta emozioz gainezka dagoen istorioa». AHTko trenbidea eraikitzeko etxea kendu dioten Simon baserritarraren eta Bosniako gerratik ihesi Euskal Herrira iritsitako Selma errefuxiatuaren arteko harremana kontatzen du Habiak-ek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Katixa Agirrek hartuko du parte, besteak beste, Gutun Zurian. ©Gorka Rubio / Foku

Gutun Zuria jaialdia martxoaren 23tik 27ra egingo da Bilbon

Mikel Lizarralde

'HEMEN. Non guztiak biltzen dituen lekua' egingo dute literatur topaketa, eta bertan izango dira, besteak beste, Eider Rodriguez, Txani Rodriguez, Miren Agur Meabe, Katixa Agirre, Damian Tabarovsky, Alexei Yurchak eta David Le Breton

Josu Okiñenak (eskuinetik laugarrena) hainbat egileren oinordekoen, Bingen Zupiria Kultura sailburuaren eta beste hainbat eragileren ondoan aurkeztu zuen atzo OndarE Oficina. ©GORKA RUBIO / FOKU

Musika altxorrak gizarteratzeko egitasmo «zirkularra», abian

Amagoia Gurrutxaga Uranga

OndarE Oficina proiektuak hogeitik gora konposizioren edizio kritikoak eta disko bat argitaratu ditu dagoeneko. Josu Okiñena pianista eta ikerlaria da egitasmoaren sortzailea

Sail Ofizialean hiru emakumezko zuzendari baino ez ziren lehiatu jaialdiaren lehen urteetan: Julia Solntseva, Tatiana Lioznova eta Judit Elek. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lehen urteei ertzetatik begira

Ainhoa Sarasola

Donostiako Zinemaldiaren 1953tik 1970erako 30 argazki ikusgai daude Tabakaleran. Generoari, klaseari eta politikari lotutako «tentsioen» isla diren irudiak hautatu dituzte

Kukai dantza taldearen <em>Biziminak</em> filma ikusi ahal izango da Loraldian, besteak beste. Irudian, ikus-entzunezkoaren fotograma bat. ©LORALDIA FESTIBALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.