Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (III). Uriztarrak

Saskiarekin hazi den familia

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Bidatz Villanueva Etxague -

2015eko abuztuak 20 - Mañeru

Zazpi izanik, nekez elkartzen da Uriz sendia. Saskibaloia da haien pasioa, eta horren ordaina urruntasuna. Sakabanatuta daude. Dena den, harreman estua dute, eta elkarren konpainiaz gozatzea gustatzen zaie.

Gareserako bidean dago Mañeru, Lizarrako merindadean, Nafarroan. Han du udako etxea Uriz sendiak. Harresi beltz batek inguratzen du patioa. Barruan, saskibaloi saski bat dute lurrean botata, belar artean, denbora iragan den seinale. Beste bat, zutik, zementuzko lur zati baten gainean, zaletasuna ez baitu denborak akabatzen.

Zazpi kidek osatzen dute familia. Jose Maria Uriz (Iruñea, 1953) eta Inmaculada Antzizu (Amunarritz, 1955) dira gurasoak. Bost dira haien ondorengoak: Ricardo Uriz (Iruñea, 1980), Javier Uriz (Iruñea, 1982), Iñaki Uriz (Iruñea,1984), Mikel Uriz (Iruñea, 1991) eta Nicolas Uriz (Iruñea, 1996). Gurasoen pasioa zenari heldu diote seme guztiek, eta bostak dira saskibaloi jokalariak. Ricardo da, orain arte, goren iritsi dena. 2004az geroztik jokatzen du ACB ligan. Dominion Bilbo Basket, Laboral Kutxa Basconia eta Retabet.es Gipuzkoa Basket taldetatik igaro da. Azken hiru denboraldiak Tenerifeko Iberostarrekin pasatu ditu. Hurrengoa Madrilgo Fuenlabradan jokatuko du.

Javier atera da etxeko atarira. Sala batean bildu dira guztiak, sargori baitago eguna. Ricardo eta Iñaki falta dira, kanpoan baitaude biak. Lehena bere azken tartea igarotzen ari da Tenerifen. Bigarrena Extremaduran dago. Saskibaloiagatik joan zen arren, egun lanagatik eta familiagatik bizi da han. EBA ligan jokatu zuen, Asociacion Baloncesto Pacense taldean. Javier ere EBA ligan ibilitakoa da, ADT Tarragona Kataluniako taldean eta Nafarroako Maristasen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta horretan egiten du lan. Orain, entrenatzaile dabil, eta Iruñeko Orfeoian kantatzen du. Hortaz, saskibaloia alde batera utzi du pixka batez.

Mikel da esperantza berria. Javierrek, bederen, hala aurkeztu du: «Hona hemen gauden hiruren artean profesionala». Mikelek umil erantzun du: «Saiatzen dena, erranen nuke nik». Adecco Oron daramatza bost denboraldi, Valladolid Club Baloncestorekin azkenekoa. Denboraldiko boskote idealean dago, joko antolatzaile postuan. «Gehien balioetsitakoa da eta azken pase kopuru handiena egin du», zehaztu du Jose Mariak.

Saskibaloiak urrunduta

Nicolas gazteenak etorkizun oparoa du aurretik. Denboraldi-aurrekoa Nafarroako Planasa taldearekin egin zuen. Aurten, UCAM Murtziako taldean jokatu du, EBA ligan. Han uztartu ditu saskibaloia eta unibertsitateko lehen maila. Alabaina, belauna gogor zauritu eta gero, Iruñera itzuli da. Datorren urtean Iruñean eginen ditu ikasketak, eta pixkanaka osatzen saiatuko da. Hark argi adierazi du ikasketei ematen diela garrantzia. Ez du baztertzen, halere, saskibaloia bihurtzea ogibide: «Ikasketak egin nahi ditut, eta noizbait aukera badut goi mailako talde batean jokatzeko, aurrera».

Ez da ohikoa familia bereko hainbeste kidek pasio bera izatea. Ezagunak dira uriztarrak saskibaloiaren munduan Nafarroan. Talde askotatik igaro dira Iruñerrian. Horrez gain, bostek jokatu dute Nafarroako taldean. Hori dela eta, ordu asko pasatzen zituzten entrenatzen. «Asteko zazpi egunetan», esan du Mikelek.

«Bakoitza punta batean egotea, hori da gogorrena», aipatu du Inmaculadak. Baina harrotasuna nabari zaio, eta kontent dago semeek harturiko bidearekin. «Oso gustuko nuen haiek saskibaloian jokatzen ikustea. Gainera, horrela, ez ziren gauetan hainbeste irteten», dio barrezka. Halaber, semeek gogorarazi diote zenbat kezkatzen zen anaien artean jokatzen zutenean. «Beti oihukatzen zigun kontuz ibiltzeko», oroitu du Javierrek. «Beldur zen minik hartuko genuen; nahiko lehiakorrak ginen».

«Handien artean jokatzen zenuten soilik, ordea», ihardetsi dio Mikelek. «Ricardok, Javik eta Iñakik ez zidaten jokatzen uzten. Bakarrik ibiltzen nintzen saski txikian». «Ni heldu nintzen arte», oroitarazi dio Nicolasek.

Giro ona sumatzen da familian. Elkarri txantxak egiten dizkiote, eta istorio anitz dituzte kontatzeko. Batak bestearena osatzen du, une batez saskibaloia alde batera utzi dute Nafarroako herriez eta maitasun kontuez mintzatzeko. Baina, berriz heldu diote saskibaloiaren gaiari, kirolak asko batu dituela azaldu du Javierrek: «Guztiok elkartzen garenean edota elkarrekin jokatzen dugunean, jendeak ez du ulertzen gure artean sortzen den konplizitate handia».

Gora iristeko sakrifizio ugari egin behar direla onartu dute hiru anaiek, batez ere lagunekin egoteari dagokionez. Nicolasek ezin izan zuen, esaterako, ikasbidaia egin. Mikelek dioenez, ez du kasik denborarik izan lagunekin ibiltzeko. Javierrek saskibaloia eta musikaren artean, kirola hautatu zuen gazteagoa zelarik. Dena den, lehenik eta behin ikasketak lehenetsi dituzte. «Guk argi izan dugu ikasketei garrantzia eman behar geniela», aipatu du Mikelek. «Nik behintzat ez dakit saskibaloiaz bizi ahalko naizen».

«Zaila da ikasketak eta saskibaloia uztartzea, goiz eta arratsaldez entrenatzen baitira, eta ikasketa asko aurrez aurreko eskolak dira», adierazi du Inmaculadak. Jose Mariaren iritziz, gutxien ikasten dutenek dute arrakasta handiena saskibaloian. Ricardo jarri du adibide moduan, hura baita semeen artean ikasketekin jarraitu ez duen bakarra. Mikelek kirolari ordu anitz eskaini arren, irakasle ikasketak bukatu ditu. Haren aburuz, inork ez die erraztasunik jartzen: «Profesionala ez bazara, oso zaila da ikasketak eta saskibaloia uztartzea. Ez da AEBetan bezala laguntzen zaituztela. Areago, trabak jartzen dituzte». Inmaculadaren aburuz, «Ricardok zorte handia du hor goian egoteagatik».

Zaletasuna txikitatik

Hatzaz seinalatu ditu Mikelek gurasoak: «Haiek dira guri saskibaloia gustatzearen errudun». Jose Mariaren arabera, ez zen oso zaila izan zaletasuna transmititzea. Hark entrenatzen zituen askotan. «Inma eta biok elkartuta, ezinezkoa zen seme-alaba morroskoak izatea. Hortaz, saskibaloian ongi aritzeko gakoa banakako teknika hobetzea zen», azaldu du. Joko antolatzaile postuan jokatzen dute bost semeek. Izan ere, uriztarrek ez dute fisiko bereizgarririk. Haien trebetasunak egiten ditu jokalari fin.

Amak eta aitak hainbat urtez jokatu zuten. Duela gutxi omenaldi bat egin zieten Mutiloan (Nafarroa). Jose Maria 8 urterekin hasi zen Maristasen. Helduagoa zela, hankan min hartu eta jokatzeari utzi behar izan zion. Dena den, bizitza osoan egon da saskibaloiaren munduan murgilduta. Goi mailako entrenatzailea izan da, eta Nafarroako federazioko presidente. Nostalgiaz gogoratu ditu bizipen haiek: «Buruan dut gaztetan Durangora gindoazenean jokatzera zer-nolakoak ziren aldagelak. Dutxarik ere ez zegoen! Baina hara sartzen gintuzten zortea ematen omen zielako bertakoei, guri irabazteko».

Inmaculadak beste egoera bat ezagutu izan zuen. «Edozer baino gehiago» gustatzen zitzaion saskibaloia. Hasieran ez zioten jokatzen uzten oso gaztea zelako. Junior mailara arte ez zegoen nesken talderik. «Lehen emakumeok oso zaila genuen saskibaloian jokatzea». Gizonak soldaduskara zihoazen bitartean, emakumeek bestelako ekintzak egin behar zituztela azaldu du Antzizuk. Haren eskolan oso kirolzaleak ziren. Hortaz, saskibaloia egiten hasi zen. Geroago, 21 urte zituela, jokalaririk hoberena izendatu zuen Nafarroako federazioak. Inmaculadak, ordea, bazekien ia ezinezkoa izanen zuela saskibaloian gora iristea: «Emakumeontzako oso zaila da kirolaz bizitzea». Erizaintza ikasi ostean, espezialitate bat ikasi nahi zuen. Hortaz, ikasketetan murgildu zen, unibertsitatean saskibaloian jarraitu zuen arren. Fisioterapeuta da gaur egun. «Bost semeak jokalariak, aita entrenatzailea eta ni fisioterapeuta. Talde bat osa genezake!».

Saskibaloiak batu zituen emaztea eta senarra. Ezkondu eta gutxira izan zuten Ricardo. Zaletasun bera partekatzeak saskibaloian nahi adina aritzea ahalbidetu die. Jose Maria, esaterako, askotan joan da Donostia, Gasteiz eta Bilbora, partidak ikustera eta harremanak egitera. Hortik ere ikasi du, gero semeei irakasteko.

Baina saskibaloiak batu zituen modura, askotan ere urrundu du familia. Antzizuk gogoan ditu semeen oharkabeko deiak: «Batzuetan hots egiten zidaten mundu guztia joana zela, eta ez zeukatela ez janaririk, ez dirurik. Eta nik, distantzian, erosketak egiten nizkien eta dirua banketxetik pasatu». Iñakik eta Mikelek, adibidez, kanpoan egin zuten bigarren batxilergoa. AEBetan lehenak, eta Galizian bigarrenak. Asko ikasi dute haien kabuz, Antzizuren esanetan. Gainera, «hezigarria» iruditzen zaio kirola. Seme guztiak kanpoan egondakoak dira.

Noizbehinka elkartzen dira opor garaian. Saskibaloia izan ohi dute hizpide, hala izan ez dadin saiatu arren. Izan ere, kirolak asko eman die. «Zure izaeraren bilakaeraren parte da», azaldu du Javierrek. «Ezagutzen duzun jendea, taldean jokatzea, rolak barneratzea, arazoak gainditzea... ikasketa prozesu etengabea da». Jokalariekin ezartzen duten konexioa ere nabarmendu du. Mikelek harremanak aipatu ditu alderdi aberasgarriena moduan. «Zer gehituko dut ba nik!», kexu da Nicolas, beti erantzuten azkena delako. Zirikatzen saiatu da Jose Maria: «Min hartu eta gero, suspertu beharra dauka oraindik». Barre egin dute denek.

Nafarroara begira

Azken hamabost urteetako sasoirik onena du saskibaloiak Nafarroan, Javierren arabera. Mikel bat dator iritzi horrekin. Baina, Nafarroan ez dela asko balioesten uste du. «Gasteizera joanez gero, jokalekua jendez betetzen da. Hemen, ordea, ez. Asko falta da egiteko». Nafarroan futbola lehenesten dela gaineratu du. Jose Mariaren aburuz, burbuila batean bizi da Iruñea. «Jendeak ez du saskibaloiagatik apustu egiten, eta ekonomiaz ere ez dute ulertzen». Izan ere, aipatu du lehen mailako talde batek jendea erakarriko lukeela.

Hark jokatzen zuen garaian profesionalizatuagoa zegoela uste du. Iruñeko igeriketa taldekoa zen. «Maila oso ona geneukan, eta hor bai, jendeak apustu egin zuen saskibaloiaren alde». Klubak dantzaldiak antolatzen zituen sanferminetan, eta jende asko erakartzen zuen. Hori zela eta, urte luzez Schweppes edariak babestu zituen. «Natacion Schweppes izan ginen hainbat denboraldiz», azaldu du Jose Mariak.

Inmaculadaren ustez, klub bereizketa asko izan dira, eta horrek Nafarroan saskibaloi jokalarien artean batasuna puskatu du. Orain egoerak hobera egin du. Gazte asko federatuta daude. Azpiegitura bat edo beste beharko luketela uste du: «Jokaleku asko daude, baina denak txikiak. Anaitasuna da handiena, baina pribatua da».

Saskibaloiak zipriztintzen du uriztarren egunerokoa. Udan, ordea, lasaiago dabiltza. «Baloia gutxi erabiltzen dute; mahai tenisa dute nahiago», amaren arabera. Nahiz eta pasio bera duten zazpiek, bakoitzak bere zaletasunak ditu. Jose Mariak txangoan joan nahi du Nafarroako herri txikiak bisitatzera; Javier Orfeoiarekin dabil buru-belarri; Mikel lagunak bisitatzen dabil; Nicolas uda baliatzen ari da herriko jaietara joateko; eta Inmaculada merezitako oporrez gozatzen ari da. Koadroren bat margotuko du agian. Saskibaloi jokalariak artistak ere badira. Salako paretan zintzilik dagoen margolanari egin diote so guztiek. Jose Mariaren bisaia da, ezagutu ziren garaikoa. Hasperen egin du Inmaculadak: «Urteak iragan dira! Gauza asko, ordea, ez dira aldatu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.