SERIEA 1936ko kultur etena (I). 1936ko gerra aurreko egoera.

Bonbek lehertu zutena

1936ko gerrak kulturan izandako eragina aztertuko du BERRIAk gaurtik larunbatera bitarte. Adituen arabera, Euskal Herrian bizia zen kulturaren egoera gatazka militarrak piztu aurretik.
Robert Capa argazkilariak 1936ko gerranBilbon ateratako argazkia batekin eta gaur egungoirudi batekin egindako muntaketa.
Robert Capa argazkilariak 1936ko gerranBilbon ateratako argazkia batekin eta gaur egungoirudi batekin egindako muntaketa. BERRIA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko ekainak 13
Donosti zaharrean zen. Solasean, Lizardi, Jauregi eta Orixe poeta euskaldunak, Labayen antzerkigilea eta Kabanas-Erauzkin eta Olasagasti margolariak. Arteaz ari ziren». Jose Ariztimuño Aitzol ere izan zen 1930eko bilera hartan, eta gogoetak idatzi zituen gerora, El Dia egunkarian, 1934ko urtarrilaren 20an. Bi jarrera zeuden: euskal artea nazioartekotzearen aldekoak eta euskal nortasunari lotutako arte berriaren defentsa egiten zutenak. Jorge Oteiza ala Aitzol. Jarraitzen du Aitzolen artikuluak: «ez da benetako euskal pizkunderik izango, integrala ez baldin bada. Eta izan dadin, margoak haren parte izan behar du [...]. Elkartu beharra daukate margolariek». Euskal arteari buruz eztabaidatzeko mahai berean eseritakoek bando ezberdinetan bukatu zuten sei urte geroago, gerraren ondorioz. Akabo Euskal Pizkundea. Oteizak, 1977an Garaia aldizkariari kontatu zion orduko giroa: «Ordizian igaro nuen 1934ko uda, gure berpizkunde artistikoaren gaia lantzeko. Sarriegiren etxean elkartu ginen eta Lekuona ere etorri zen nirekin [...] urte hartan, denak, Cabanas-Erauskin, Aizpurua arkitektoa eta Gabaindarrak italiar faxismora pasatu ziren. Euskal abangoardia artistikotik Lekuona eta biok besterik ez ginen geratzen...». Etena, haustura ala atzerapausoa. 1936ko urrian fusilatu zuten faxistek Aitzol, eta Cabanas-Erauskin, aldiz, Frankismoaren marrazkilari ofizial bihurtu zen.

Gaurtik larunbatera bitarte, sei artikuluko sorta eskainiko dio BERRIA egunkariak 1936ko gerra eta kulturari. Gaurkoak gerra hasi aurreko kultur giroa deskribatuko du. Hona hemen zeren gainean erori ziren bonbak.

«Lurperatutako belaunaldi» gisa definitu zuen 1930eko hamarkadakoa Bernardo Estornes idazleak bere lanetan. «30eko hamarkada izan zen emankorrena. Oso gazteria dinamikoa eta baikorra zen. Aitzol ezagutu nuenean, bakoitzak zekiena egiten zuen, eta promozio handia atera zen hortik».

Modernizatuta zegoen Euskal Herria Lourdes Otaegi EHUko literatura irakasle eta ikerlariaren arabera, eta atzera egitea ekarri zuen gerrak eta ondorengo diktadurak. «Katastrofea da 1936ko gerra euskal pizkundearentzat, eta baita abangoardiarentzat ere. Printza oso sinplifikatu eta manikeoak iritsi zaizkigu gerra aurreko egoerari buruz. Baina mundu kultural oso konplexua dago, itxaropenez betetakoa eta oso modernoa dena». Baina non hasten da eta zer da, zehazki, 1936ko uztailaren 18an bukatu zen Euskal Pizkundea?

Otaegiren arabera, XIX. mendera jo behar da mugimenduaren hazia aurkitzeko; zehazki, 1850eko hamarkada ingurura. Antoine d'Abbadieren mezenasgoaren laguntzarekin sortutako Lore Jokoak dira mugarri. «Hego Euskal Herria gerra karlistekin dabilen bitartean, Ipar Euskal Herrian ibilbide kulturala garatzen ari dira». Gratien Adema Zaldubik idatzitako Zazpi euskal herriek olerkia ere bada garaiko giroa politiko eta kulturalaren adierazle. «Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun / Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun».

Lurraldeen arteko harremanak etengabekoak izan dira, Ixabel Etxeberriaren esanetan. «Lehen Mundu Gerran, iparretik hegora egiten dute herritarrek, eta alderantziz gertatzen da gerra karlistekin edo 1936ko gerrarekin. Joan-etorri horiek eragina dute. Edonola ere, lekualdatzen zena integratu egiten zen tokian tokiko kulturan, hizkuntzaren bidez».

Indartu egin zen kultur mugimendua pixkanaka, Otaegiren ustez. «Irradiatu egiten da bigarren gerra karlistaren ondoren». Bestelako tresna batzuk izango zituen esparru kulturalak, orduan. «Eremu soziopolitikotik indartu egingo du Sabino Aranaren alderdiak». Eta hortik dator eztanda: 1926 eta 1936 urteen bitartean gertatu zen. «Urte horietan ez dago banatzerik aktibitate kulturala, politikoa eta soziala. Dena blaituta geratzen da, eta nazioaren ideia bat sortzen ari da».

Aitzol gakoa izan zen prozesuan, horregatik: kulturan eta politikagintzan izan zituen lotura eta eraginengatik. «Mitin politikoetan dago, kulturgintzan eta ELAren ideologia definitzen ere laguntzen du. Eragiteko gaitasuna zuen, eta loturak ditu elizan, politikagintzan eta kulturan». Orixe, Lizardi eta Lauaxetarekin agertu liteke Aitzol. Baina baita Jose Antonio Agirre lehendakariaren ondoan ere.

Nazioarteko testuinguruak izan zuen zerikusirik prozesuan. Lehen Mundu Gerraren ondoren, estatu berriak sortzen ari ziren Europan. Eusko Ikaskuntzak Lizarrako estatutua izenarekin ezagutuko dena prestatzeko lehen bilerak egin zituen 1930ean, eta, urte berean, alderdi errepublikazale eta katalanek bilera egin zuten Donostiako Union Republicanaren egoitzan. Donostiako Hitzarmena izan zen emaitza. 1931ko udal hauteskundeak errepublika ala monarkia aukeratzeko plebiszitu bihurtu ziren itunaren ondorioz, eta aski ezaguna da emaitza: nola hartu zuen aurre Eibarko Udalak, eta nola aldarrikatu zuen errepublika beste inon baino lehen, apirilaren 14an.

Herri kultura, nagusi

Europako nazionalismoek herri hizkuntzak suspertzeko ardura izan zuten tokian toki. Literaturak herri kontzientzia piztu zezakeela uste zuen Aitzolek ere, eta Olerti Egunak antolatu zituzten Errenterian, 1930ean. Estepan Urtiaga Lauaxeta suertatu zen garaile, Maitale kutuna lanari esker. Urte hartan egin zuen Eusko Ikaskuntzak euskal arte herrikoiari eskainitako Bergarako V. Kongresua ere, eta Manuel Lekuona antzerkigileak hitzartzea egin zuen han. Herri antzerkiak sortzen zituen Lekuonak. Ia herri bakoitzak bere antzerki taldea zuen orduan, eta euskal zaletasunaren transmisoreak ziren ekitaldiak.

Piarres Lartzabalen lanek ere garrantzia izan zuten antzerkian, Etxebarriaren arabera. «Lehen Mundu Gerraren ondoren, Frantziak prestigio nabaria zuen, eta prestigioa zen frantsesa izatea eta frantsesez egitea. Euskarak ez zuen eremu ofizialik, eta Lartzabalen antzerkiaren bitartez plaza bat lortu zuen euskarak».

Ahozko herri literaturak arrakasta zuen Euskal Herrian, oro har. Baina bestelakoa zen literatura kultuaren egoera. Herritar gutxi zegoen alfabetatuta, eta, ondorioz, literatura gutxi kontsumitzen zuten herritarrek.

Bada orduko errealitatea agerian uzten duen datu bat: Joseba Zubimendiren Aberri Oyuak (1932) liburua da gerra aurreko argitalpenen artean ale gehien saltzea lortu zuen liburua. «Eusko Aberri ziñoparen [martiriaren] oroiz ta omenez. Artzen dan dirua, Ugarritza abertzale anai itxuaren alde dijua». Ahozko literaturan oinarrituta dago liburua, eta helburu politiko eta soziala ere badu. Otaegi: «Maila literario handiko testuak sortzen dira, baina egileek prestatuta ez dagoen entzule batekin egiten dute topo, gutxi direlako euskaraz alfabetatzen direnak. Euskararekiko atxikimendua izateko testu asimilagarriagoak egitea beharrezkoa dela uste du Aitzolek». Bertsogintzak herritarrekin zuen konexioa ikusita Bertso Guduak antolatu zituen 1935ean: gaur egungo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen edizioa. Inazio Eizmendi Basarri-k irabazi zuen.

Emakumeak, aktibo

Herritarren artean euskararen aldeko atxikimendua bultzatu nahi zuen Euskaltzaleak elkarteak, eta Emakumeen omenaldia euskarari ekitaldia egin zuten Donostiako Kursaalean, 1930ean. «Euskara emakume moderno eta burgesarekin identifikatzeko saioa izan zen. Euskararen eredu modernoa zen agerian utzi nahi zena, nolabait». Andreak subjektu aktiboak izan ziren euskal pizkundean, Otaegiren arabera, eta AEB Euskal Emakumeen Batzak bultzatu zuen parte hartze hori. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, hazi egin zen emakumeek politikan zuten parte hartzea. 1931ko Konstituzioak andreen botoa emateko eskubidea jaso zuen, eta ezarri berria zen Errepublikak sustatu nahi zuen eskola laiko eta espainiarrari aurre egiteko, Euzko Ikastola Batza eratu eta Irakaskuntza kristau eta elebiduna eskaintzen zuten lehen euskal eskolak sortu ziren 1932an. 1934rako, 27 eskola eta 1.500 ume inguru zituzten euskal eskolek. Andreak lehen lerroan izan ziren euskal eskolen eraikuntzan; tartean Polixene Trabudua eta Libe Altuna.

Irakaskuntzan soilik ez, euskal literaturan ere sortzaile aktibo izan ziren andreak 1930eko hamarkadan: Karmen Errazti, Mari Etxabe eta Errose Bustinza dira ezagunenak. Prentsan eta politikagintzan ere aritu ziren, gerora. «Asmo kontserbadore eta tradizionalista batetik abiatzen dira, baina bizitzak aldatu egiten ditu, eta, funtzioak bete ahala, ideiak ere eguneratzen dituzte. Ahalduntze bat dago hor, ez dute beraien burua feministatzat hartzen, baina identitate konkretua garatzen dute». Ipar Euskal Herrian halako elkartea sortzeko eginahaletan aritu zen Pierre Laffitte ere. Egunkarian ezizen femenino batekin hasi zen artikuluak argitaratzen. AEB mugimendua hedatzea zen asmoa, Etxebarriak azaldu duenez. «Begiraleak elkartea sortu zen 1935ean, Madeleine Jauregiberriren laguntzarekin. EAJri lotutako talde femeninoa zen, eta ez zioten patriarkatuari inolako kritikarik egiten».

Tradizioan oinarritutako modernitatea zen 1930eko hamarkadan bultzatutakoa. Aitzol bera apaiza izan zen, eta kristautasunaren galbahetik igarotzen zituen orduko mugimendu guztiak, Euskal Pizkundea ez zedin iraultzaile ala desestabilizatzailea izan. Baina baziren haren ondoan iraultzaileagoak zirenak: tartean, Oteiza bera.

Eskultore gazteak errusiarren moduko abangoardia nahi zuen, eta arte herrikoia ikertzea eta jende xehearekin lotura sakontzea oinarrizkoa zen horretarako. Zerotik abiatu nahi zuen, eta Ameriketara ere Euskal Pizkundearen eredu bila joan zela azaldu zuen GU elkartean egindako agurrean: «Argentinan bere lana aurkeztuko du Balentziagak. Kolonaurreko gizarteak aztertzera goaz hara; Peru eta Mexikokoak, zehazki. Eta abiatu dugun pizkundearen teoria ere aztertuko dugu han... gure pizkunde artistikoan ekarpena egitea espero dugu, bueltan». Lekuona ere izan zen AEBetara joatekoa, baina atzera egin, eta bestelako lanetan aritu zen, gerora, 1936ko gerran: faxisten alde aritu zen anda eramaile lanetan. Euskal artearen esperantza zen.

Abangoardiaren buruan zegoen Lekuona, baina leherketa baten ondorioz hil zen frontean, 23 urte zituela.

Iraulitako abangoardiak

1934ean sortu zuten GU Jose Manuel Aizpurua eta Eduardo Lagarde arkitektoek, eta arte mugimenduaz hausnartzeko elkartzen ziren bertan. Falangistak ziren bi-biak, baina alde bateko eta bestekoak elkartzen ziren elkartean, Otaegiren arabera. «Gerra hastean bando diferentetan kokatu arren, harremanak zituzten beraien artean, eta hausnarketak ere konpartitzen zituzten».

Egoitza ez zuten kasualitatez Donostian ireki, Gipuzkoako hiriburua baitzen artearen epizentroa 1930eko hamarkadan. Bada, pizkundearena Donostia izan bazen, Iruñea izan zen frankismoarena; hiriburua «Atenas txikia» deitzeraino. Fermin Izurdizaga idazle eta apaiz iruindarrak hasieratik egin zuen bat ideologia falangistarekin, eta idazleak saretzen aritu zen 1936ko kolpe militarraren ondoren. Eugenio d´Ors idazle eskuindarraren egitekoa funtsezkoa izan zen prozesu osoan. Espainian famatua zen d´Ors, eta falangisten ideologo nagusietako bat. Iruñean izan zen gerrak iraun bitartean.

Zero puntua da 1936ko uztailaren 18a, Otaegirena arabera. 1936 aurrekoa:«Noizbait egin bada zerbait euskal identitatea zehazteko, orduantxe egin zen». Ondorena: «Ezjakin politiko bihurtu gintuen frankismoak, eta euskal gizarteak galdu egin zituen demokraziaren ohiturak. Diktadura batean hezitako pertsona batek ez daki demokraziaren instrumentuez baliatzen. Oso ikasketa mingarri eta luzea da hori, eta ez dakit berreskuratu dugun ere».

Bonbek ez zuten pizkundearen bidea eten, hautsi egin zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: