Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (eta VI). Anje Duhalde, Unai Duhalde eta Txomin Duhalde

Agertokiaren hiru aurpegi duhaldetar

Agertokia ez zaie arrotza egiten Duhalde familiako hiru kideei. Eszenari gogorki erroturik, musikari, kantari eta teknikaria dira.
Txomin Duhalde, Anje Duhaldeeta Unai Duhalde.
Txomin Duhalde, Anje Duhaldeeta Unai Duhalde. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eneko Etxegarai -

2015eko abuztuak 23 - Arrangoitze

Luzaz marmarka ibiliko da duhaldetarren artean Unai Duhalde musika teknikaria (Arrangoitze, Lapurdi, 1983). Itzala nahiago izaten baitu agian, argien itzala, agertokiko tela beltzaren atzekoa; hori baitu lekurik gogokoena, naturalena. Elkarrizketara nola iritsi den ez daki, baina, alta, hor da, Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) eta kantariaren seme Txomin Duhalderekin (Arrangoitze, Lapurdi, 1979) batera. Elkarrizketa ez ezik, argazkiaren flasha ere ez dute oso gustukoa hirurek, baina tira: duhaldetarren etxe atarian, Euskal Herriko agertokietan behin baino gehiagotan elkarrekin topo egin ondotik hirurak elkarrekin argitan dira oraingoan.

Arrangoitzekoak dira hirurak, eta han jarri dute hitzordua. Baionatik hamabost minutura baldin bada ere, bidexka baten bukaeran dago etxea, eta guti du ikusteko uda beteko hiriko edo bideetako zoramenarekin. Alderantziz, lasaitasuna da nagusi, isiltasuna. «Egiazko musika isiltasuna da; nota guziek isiltasun hori egokitu besterik ez dute egiten», zioen Miles Davis jazz musikari eta tronpeta jotzaileak. Herriko isiltasunak duhaldetarrengan eraginik izan ote duen, horra galdera.

Bakoitza agertokira iristeko ibilbidearen nondik norakoak azaltzen hasi da. Anjerena izan da lehendabiziko erreakzioa: «Zenbat denbora du bakoitzak? Nik arratsalde guzia beharko dut». Semearen eta ilobaren irriak ez dira eskas ebidentzia dirudien galdera horren erantzuna egia zorrotz bihurtzeko. Argitik itzalera, umoretik puntu serioago batera. «Ez dakit nik zein bide ireki dudan; nire bidea egin dut, hori bai», azaldu du Anjek. Gertakarien pertzepzio ezberdina izaten dute norbanakoek eta ingurukoek.

Anekdota batez uler daiteke bere bidea egitea herriaren bidea urratzea ere izan dela. Honela kontatu du Anjek:«1975ean, Franco hil eta segidan, Arrasaten Guardia Zibila kontzertu erdian etorri zitzaigun, mikroa kendu, eta erran zidaten ezin nuela kantatu gehiago». Halako anekdotak «asko» izan direla esan du, eta horien kontatzen hastekotan gau guzia beharko zuela.

Agertokiko ate hori, musikatik edo teknikatik, betidanik hor egon dela argi dute Unaik eta Txominek. Azken horrentzat, «bat hasi zelako» dabiltza hirurak agertokiko munduan. «Beti ukan ditugu familiarrak horretan; gure aita, Markotx eta Aitz osabak, horretan sortu gara», zehaztu du Unaik. Anjerentzat, alta, haien familia loturak ez du deus ikustekorik horrekin: «Gauzak hola gertatu dira». Pentsakor bota du: «Galdera litzateke zergatik denak horretan garen, mundu horretan bizi garen?». Ilobarekin eta semearekin kontrajarririk: «Ez dakit, ezin dut erantzun», dio kantariak. Sorburua ezberdinki ikusten dute hirurek, dituzten lanbideen gisakoak; kantaria (Anje), musikaria (Txomin) eta teknikaria (Unai).

Nola egin Anjeren ibilbidea bi hitzetan laburbiltzeko? Edo izen batzuetan, beharbada? Michel Labeguerie, Michel Ducau, Daniel Landart: halako izenak dira bere ibilbidea aipatzeko erran dituen hirurak. «Ez nintzen batere mundu horretan sortua; ez nintzen batere mundu horretarako egina, egia erran». Eta gehitu du: «Nire aita-amek mila aldiz nahiago zuten beste zerbait egin nezan». Hori erran bezain fite, ilobaren eta semearen erreakzioa bat-batekoa izan da. Biek erran dute: «Nireek ere». Irriak ez dira falta bata besteari so diren bitartean.

Ezetza edo baietza izan, agertokia gogor erroturik ikus daiteke duhaldetarren etxean; belaunaldi batek hurrengoari transmititu diola antzeman daiteke. Honela dio Txominek: «Ni hasi nintzen aita-amek musika kontserbatoriora eman nindutenean, eta gero nire aldetik ikasi nuen bateria jotzen, aitaren aholkuekin, baina batez ere bakarrik». Gogoan du txikitan, entsegu bat zen aldi guzietan, entzutera jaisten zela: «Parada ezin hobea zen musikari onak nire etxean ikusteko». Geroztik, bere bidea egin du: «Kontserbatorioko ibilbidea segitu dut saxofoiarekin, konkurtsoa ukan arte». Gaztaroko taldea ere ez du faltan izan. «18 urte arte, Zpeiz Urdeak taldearekin ibili nintzen ezker eta eskuin», dio Txominek. Garaziko musikari batzuek muntatu zuten taldea. «Garai hartan bizpahiru kontzerturentzat hasi banintzen ere, gero denbora osoz aritu nintzen». Hogei urtetan, aitarekin jotzen hasi zen, eta egun, «musikari titular gisa» segitzen du.

Aita-semeak kontzertuz kontzertu ibiltzen dira ordutik, baina nola egin soinu, mikrofono eta argirik gabe? Horretan du ilusioa eta lanbidea Unai Duhaldek, Anjeren iloba eta Txominen lehengusuak. «Hirugarrenean egiten den ikastaroa Au Palais des Festivalsen egin nuen, eta, orduan, kontzertuen beste aurpegi bat ikusi nuen, teknikakoa, eta hamar egun horietan jakin nuen lanbide hori egin nahi nuela».

Gogoari ezin eutsiz agian, edo kasualitatez, baina «hortik EHZn Maider Etxeberrik ezarri ninduen agertoki gainean lanean». «Biziki ongi pasatu nuen; 18 urte nituen», gogoratu du Unaik. Lehen aldi berezia izan zen: «Eszenarekin izan dudan lehen harremana Arrosan izan zen; beraz, 2002an, Noir Desir eta Anjek jo zuteneko urtean. Bitxia izan zen niretzat, Anje zelako». «Urte hartan, baxoa ez nuen izan, eta Rogerekin agertokiak eta argiak muntatzen hasi nintzen», bota du, irribarre bat ezpainetan. Eszena goseak asetzerik ez balu bezala, Atabal ireki zutenean han lanean hasi zen: «Orain badu 13 urte lanbide hori egiten dudala».

Euskal Herria ezagutu

Hiruren artean agertoki asko eta asko ikusi dituzte, edo agertoki askok ikusi dituzte, nahi bezala. Baina badira ehunka metro karratu eszena, hiruren artean zapaldu dituztenak. Imajina daiteke ikusgarrigintza aukera paregabea izan daitekeela Euskal Herriko leku eta jende ezberdinak ezagutzeko. Horretan ere kontrajarriak dira hiruren erantzunak, bertan egiten duten lanaren araberakoak, agian. Bakoitzaren bizipenak denboraren parametroari hertsiki lotuak dira.

Teknikan ari denarentzat beti berdina izaten da. «Iritsi, muntatu, desmuntatu eta joan. Ez dugu gauza handirik ikusten: plaza, ostatua eta plaza. Nik behintzat», dio Unaik. Leku bat, ezer ez izanik ere, dena izatea da teknikari baten lana: soinua, argia, agertokia, probak, kontzertua...«Heldu zara, eta ez da deus: dena igo behar da; igotzerako taldea hor da, eta orduan entseguak egin behar dira, jan, kontzertua egin, desmuntatu eta joan». Sakonki ezagutu gabe ere, «hegoaldeko festak, gazte egunak, topaguneak... ezagutu ditut. Su Ta Garri guk genizkien argiak egiten; beraz, Euskal Herriko herri txiki guziak pasatu ditugu». Anjek, aldiz, beste harreman bat izan du herriarekin: «Niretzat pixka bat ezberdina zen, batez ere Akelarrerekin; denbora genuen herriak eta jendeak ezagutzeko, ez beti doakizun jendea, baina nik xantza hori izan dut, egia erran». Pentsakor puntu batekin gehitu du: «Nik uste dut horri esker Euskal Herri osoko zoko gehienak ezagutu ditudala». Eta tonu bihurri batean bukatu du: «Zokoak aipatzen ditudanean, zokoan diren jendeak ere bai».

Txominek musikari izateaz aita eta lehengusuaren bizipen ezberdina duela dio: «Jendea artista baten ikustera heldu da, ez baitezpada musikari guzien ikustera; beraz, egia da lekuak ezagutzen ditudala, baina jendearekin harremana ez dut hainbeste egin». Musikarien bizitzaz izan daitekeen iruditik urrun kokatzen dira Txominen erranak, nahiz eta bere azken esaldiari ñabardura bat gehitu dion: «Hala da aitarekin jotzen dugunean; gaztetan, beste taldeekin gazte giroan ginen, batzuetan han egoten ginen gaua pasatzen; eta festa giro gehiagorekin harremanak sortzen dira».

Musikarien egunerokoaz, Anjek hau zehaztu nahi izan du: «Musikarien artean ere bada berezitasun hori. Nire garaian, ontsalaz, beti aipatzen zen ligatzearena, neskekin edo mutilekin, eta nork zuen guztien ligatzen talde batean? Beti bateria izaten zen, bildu orduko denak joanak baitziren». Unaik, bat galdu ezinik, Txomini so galdetu du:«Egia da bateria?». Eta, lasaitasun osoz, baietz ihardetsi dio Txominek. «Ez du egia erranen edozein gisaz; orduan, berdin da», gaia aitak zabaldu eta aitak itxi du. Irrien artean, orduari begiratu, eta erran du Txominek: «Aldiz, aski fite bukatzen ahal badugu, zeren Usurbilera joan behar dut entsegu batera». Etenik ez duen lotura da agertokiarena, belaunaldi hauena bezala, dirudienez.

Eta denak batera?

Jakin ezean, publikoak ez luke asmatzen ahalko, baina hirunaka kontzertu bat egin dezakete: musika, kantua eta teknika. Kontzertu berezia izateko formula magikorik ez bada ere, lehen aldiek berez eramaten dute berezitasun hori. Lehen aldiez oroit dira hirurak. Lehen aldia aitarekin kontzertua, semearekin, lehen aldia osabarekin lanean, ilobarekin...

Anjek plazerez eta ilusioz gogoratzen ditu semearekin eta ilobarekin agertokian partekatu zituen lehen uneak. «Gogoan dut Azkarateko kontzertu hori; gure bateria jotzaile Iban Zugarramurdi ezin zen etorri, eta ibili nintzen ea nor izan zitekeen ordezkoa. Ordurako honek [Txominek] nire errepertorio guzia ezagutzen zuen; dena entzuten zuen etxean, eta jauzia egin nuen». Txominek oroitu du ordukoa: «Garajetik agertokira igo nintzen, gauza handirik pentsatu gabe; 16 urte nituen, eta aitarekin jo nuen». Lehen kontzertu hartaz entsegu baten oroitzapena du Txominek. Anjerentzat, berriz, ez zen hain ona izan: «Nik uste ikara handiagoa nuela nik berak baino; gaizki pasatu nuen, baina bukatzean biziki ongi joan zen».

Unaik 2002ko EHZn topo egin zuen lehen aldiz osabarekin eta lehengusuarekin. Anjerentzat, plazer bat izan zen: «Niretzat, plazer bat izan zen Unai gazte- gazte ikustea —arduratsu, gainera—, beti prest laguntzeko, 2002tik aurtengo edizioraino; plazerez ikusten duzun gauza bat da, prezatzekoa». Aurten, beraz, EHZn hirurak elkarrekin aritu dira agertokian. Unai tela beltzaren itzalean, ordulariari begira, eta denbora ate-joka; modu batez edo bestez, osabaren eta lehengusuaren kontzertua motzago egin behar zuen. «Jamariri [Anjeren agentea] aurten hiru kantu kendu dizkiot, edo lau...», dio Unaik. Anjek berehala erantzun dio: «Lau. Eta Jamariri ez, haren bitartez niri». Irriz azaldu du Unaik: «Jamarik erran zidan: 'Ados, baina gero zuk ikus zure osabarekin'. Orduan Anjek bukatu baino pixka bat lehenago eskapatu naiz, eta ez zenean gehiago hor, itzuli naiz berriz». Anjerentzat, afera ontsa pentsatua zen. «Publikoari ezin diozu inposatu denboraz pasatzen den gauza bat. Hasten jakin behar da, eta bukatzen ere bai».

Arratsaldea aurrera doa, eta bakoitzak bere zereginetara itzuli behar du. Arrazoi zuen Anjek: hasiz gero, gau osoa beharko litzateke. Txomin Usurbilera doa entsegu batera, musikari distantzia eta mugak arrotzak zaizkion bezala. Anjek, altxatu, eta naturaltasun osoz agurtu du. Denak joan, eta Unai geratu da. Alta, agertokirik ez da gaur desmuntatzeko, argirik ere ez, teknikari lana barruraino sartua duelako agian.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.

Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.
 ©TAMARA ARRANZ

Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Mikel Yarza Artola

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.