Albistea entzun

Katalunia burujabetzara bidean. Diada

Bozkatu egin nahi dute

11 kilometroko 'senyera' erraldoia egin dute Bartzelonan, eta azaroaren 9an hautetsontziak ateratzeko eskatu diote Mas presidenteari.

Udaltzaingoaren arabera, 1.800.000 lagun bildu dira
Jai giroan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Bartzelonan Diada egunean. Azaroaren 9ko galdeketa irudikatu dute.
Jai giroan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Bartzelonan Diada egunean. Azaroaren 9ko galdeketa irudikatu dute. ANDREU DALMAU / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 12

Ordua iritsi da. Ara és l'hora. Ehunka milaka kataluniarrek —1.800.000 Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, milioi erdi inguru Espainiako Gobernuaren delegatuaren esanetan— Kataluniako senyera-k eskuetan, eta elastiko gorriak eta horiak soinean, V erraldoi bat osatu dute Bartzelonan. Manifestari kopuru gerratik harago, jai giroan eta istilurik sortu gabe ospatu dute Diada eguna, auziak politikarietan eta hedabideetan sortzen duen harrabotsetik kanpo. Argi eta ozen plazaratu dute mezua Bartzelonara bildutakoek: erabakitzeko eskubidea erabili nahi dute. Bozkatu egin nahi dute. Antolatzaileen arabera, Europako historiako manifestazio jendetsuena izan da.

Hiria geldiarazi du senyera-ren koloreko sugeak. Gran Via eta Diagonal etorbideak kolore gorriz eta horiz bete dituzte. Bi fronteek aurrera egin dute, bakoitza etorbide batetik, eta Glories plazan, bi bideak lotzen diren gunean, elkartu dira. 17:14an zehazki. Iraganari keinua egin nahi izan diote horrela. 1714an Ondorengotza Gerran Bartzelonak sufritu zuen setioa gogoratu nahi izan dute. Izan ere, atzoko egunez duela 300 urte galdu zituen Kataluniak —Aragoiko erreinu osoarekin batera— bere erakunde propioak. Hiru menderen ostean, beste berri batzuk sortzeko aldarria egin dute.

Azaroaren 9ko eguna oso prestent izan dute ekitaldi osoan. Egun horretan egitekoak dira independentziari buruzko galdeketa. Manifestazioaren buruan irakur zitekeen pankartetan: «A-9an bozkatu egingo dugu. A-9an irabazi egingo dugu». Bi aldeak Glories plazara iristean, hilabete eskas barru egitekoak diren erreferenduma irudikatu dute. Hain zuzen ere, azaroaren 9an hamasei urte bete behar dituen Emma izeneko neskatxak boto sinboliko bat sartu du hautetsontzian. Lehenago, Ara és l'hora, abagunerako propio prestatutako doinua, Lluis Llachen pianoaren laguntzarekin jo dute.

Bozkatu nahi duen herri baten irudia erakutsi nahi izan diote munduari. Ekitaldiaren izaera sinbolikoa nabarmentzeko, 947 hautetsontziz osatutako hemezortzi ilara jarri dituzte. Hautetsontzi bat Kataluniako udalerri bakoitzeko. Abesbatzek Cant de la Senyera abestuz itxi dute ekitaldia. Ibilbidean jarritako pantaila erraldoien bidez ikusi ahal izan da ekitaldia.

Independentziaren aldeko oihu ugari entzun dira. Baita desobedientzia zibilaren aldeko batzuk ere, Espainiak galdeketa debekatzekotan kataluniarrek hartu beharreko bidea proposatuz. Baina, gehien oihukatutako aldarria, galdeketari buruzkoa izan da: «Bozkatu egingo dugu».

7.000 boluntario

11 kilometrora iritsi da koloretako ilara. Kataluniako banderaren urdina 50 bat casteller taldeen elastikoek erantsi dute. Ekitaldia ez da izan soilik aldarri politikoa. Festa kutsu handiko Diada eguna izan da: gune askotan kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi egin dituzte. Ezbeharrik gabe ospatu dute eguna. Antolatzaileek jarritako 7.000 boluntarioek lagundu dute horretan. Katalunia kanpoko jende ugarik ere parte du ospakizunean. Kanpoko hedabideek ere eman dute Bartzolan gertatu denaren berri; atzerritik iritsitako 200 bat kazetari zeuden.

Politikako, kulturako eta kiroletako pertsona ezagun ugari bildu dira V erraldoian. CiU, ERC, ICV, EUiA eta CUP alderdietako kideek parte hartu dute aldarrikapen ekitaldian. Esplizituki babestu duten alderdiak ez ezik, PSCko politikari batzuk ikusi dira, alderdiak parte hartzeko baimena eman ostean. Besteak beste, Generalitateko bozeramaile Francesc Homsek, Kulturako sailburu Ferran Mascarellek, eta Bartzelonako alkate Xavier Triasek parte hartu dute. Ekitaldiaren bultzatzaile diren ANCko presidente Carme Forcadell eta Ommniuko Muriel Casals manifestazioaren buruan joan dira.

Antolatzaileek ez dute parte hartzaileen kopururik eman nahi izan. Hitzaldi bana eman dute Forcadellek eta Casalsek, horretarako propio prestatutako agertokietan: Votar (Bozkatu), Voluntad (Borondatea) eta Victoria (Garaipena) izenekoetan.

«Ez dugu beldurrik»

Casalsek esan du prest daudela azaroaren 9an bozkatzeko. «Ez dugu beldurrik». Politikariei mintzatu zaie: «Hemen erakutsi dugun batasuna gure erakundeetan ikusi nahi dugu. Hutsik egiten ez badute, guk ere ez dugu egingo». Ez dute onartuko herri baten «nahi demokratikoa» zapuztea. «Herrialde berri bat egingo dugu, denon artean». Espainiako Auzitegi Konstituzionalarentzako hitzak izan ditu du Casalsek. «Auzitegi alderdikoi bateko jaunen iritzia baino balio gehiago du hemen entzun dugun jendearen ahotsa».

Forcadellek historikotzat jo du aurtengo Diada eguna. «1714ko irailaren 11n askatasuna galdu genuen. 2014ko irailaren 11 askatasun hori berreskuratu dugun eguna da». Herri galdeketa ere izan du mintzagai. «Azaroaren 9an erabakiko dugu Espainiako Estatuaren parte izan nahi dugun, edo, kontrara, estatu burujabea izan nahi dugun». Jakitun da ez dutela bide samurra aurretik. «Bozkatu egingo dugu, duintasunagatik. Herritarrak gara, ez basailuak». Politikariei eskatu die unearen «garrantzia historikoari» erantzuteko. Artur Mas Kataluniako presidentearen hitzak gogoratu ditu, ohiz kanpoko uneak ezohiko erabakiak behar dituela esan zuenean. «Haiengatik bozkatu duten herritarren dina izan behar dute. Ez gara honaino iritsi atzera botatzeko. Bururaino joango gara, eta irabazi egingo dugu». Forcadellen hitzetan, independentzia ez da «balkoitik» aldarrikatzen. Horregatik, Kataluniako presidenteari eta legebiltzarrari eskatu die hautetsontziak jartzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. ©DEMIAN ALDAY / EFE

Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Errusiako armadako tanke batzuk ariketa militarrak egiten Rostov eskualdean, iazko urtarrilaren amaieran. ©EFE

Neguak gerrari eragingo dio

Igor Susaeta

Elurrak, hotzak eta eguzki orduen urriak baldintzatuko dituzte guda zelaiko mugimenduak eta horien ondorioz sortutako abaguneei eman beharreko erantzunak.
Indonesiako zigor kodearen erreformaren kontrako protesta bat, atzo, herrialdeko parlamentuaren parean, Yakartan. ©MAST IRHAM, EFE

Indonesiak urtebeteko espetxearekin zigortuko ditu ezkontzatik kanpoko sexu harremanak

Gorka Berasategi Otamendi

Parlamentuak zigor kodea moldatzea onartu du gaur. Erreformaren bidez, debekatu egin du apostasia, agintariak iraintzea eta aurrez abisurik eman gabe protesta egitea.

Kolonbiako eremu deforestatu bat. ©Mauricio Dueñas Castañeda, EFE

Deforestazioaren aurkako araudia adostu dute Europar Kontseiluak eta europarlamentuak

Gorka Berasategi Otamendi

Egitasmoaren helburua da baso suntsitzearekin lotutako salgaiak Europako Batasunaren merkatutik kanporatzea. Produktu jakin batzuk merkaturatzen dituzten enpresek ziurtatu beharko dute beren ekoizpen kateek ez dutela deforestazioa eragiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.