Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Ez dago barealdirik erabakiaren uretan

Publizitatea

Politika

Estatus politikoari buruzko herri galdeketak. Maiatzak 7

Ez dago barealdirik erabakiaren uretan

Herri galdeketen «orain arteko olaturik handiena» izango da biharkoa: «Argi erakutsiko du edonon direla posible»
Infografia: BERRIA

2017-05-06 / Hodei Iruretagoiena

Sailka iritsi ohi dira olatuak itsasertzera. Inoiz ez banaka, batzuetan hala irudi dezakeen arren. Barealditik harroaldira ez da pasatzen berehalakoan; olatu txikiek sortzen dituzte handiagoak. Gero eta handiagoak. Erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko aldeko harroaldia ere olatu txikiekin hasi zen, 2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia). 2015eko barealdi itxurako baten ondoren, iaz nabaritu zen argiago giro aldaketa, olatu handiago eta txikiagoekin —Goierri, Debagoiena, Bakaiku...—. Gero eta sarriago heldu dira geroztik uhin horiek, eta biharko iragarri dute orain artekorik handiena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 51 herritan, 248.243 herritarrek izango dute aukera erabakitzeko eskubidearen uretan beren tanta batzeko.

Debabarrena, Urola Kosta, (Gipuzkoa), Durangaldea, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe Kosta (Bizkaia) eskualdeetan eta Lasarte-Orian, Donostiako Zubietan, Usurbilen (Gipuzkoa), Zeanurin, Orozkon (Bizkaia), Legution eta Urkabustaizen (Araba) aterako dituzte hautetsontziak. 09:00etatik 20:00ak arte, ia 250.000 herritarrek izango dute aukera estatus politikoari buruz beren iritzia adierazteko. Haietako batzuk ari dira dagoeneko parte hartzen, aurretiazko botoarekin.

Orain arte aldi berean egindako galdeketarik handiena izango da. Durangon egingo dute ekitaldi nagusia, 12:30ean. Galdeketak eginak dituzten herrietako ordezkariak omenduko dituzte, eta bertan izango dira, besteak beste, Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas, eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Jordi Sanchez.

Orain arteko galdeketetan, 91 udalerri batu dira dinamikara, eta 83.353 pertsonak egin diote indar, botoa emanez (%27,66ko parte hartzea). Zenbakiak ez dira, ordea, garrantzitsuena, Gure Esku Dago-k nabarmendu duenez. «Borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta konplizitateak gehituz» ari dira: «Emaitza bat ala bestea izan, herritar denon alde lanean ari gara herriz herri, eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida eta pedagogia zabaltzen han eta hemen. Hain zuzen, hori da gure erronken oinarria». Ekainaren 10ean, mobilizazio nazional bat egingo dute, Herritarron Ituna aurkezteko.

Biharkoa ez da azken olatua izango, hala ere. Ekainaren 18an, esaterako, beste 24 udalerritan egingo dituzte galdeketak. Erakustaldi bat izango da biharkoa, Gure Esku Dago-koen hitzetan: «Olatu honek argi erakutsiko du herri galdeketak edonon direla posible, tamaina eta errealitate guztietako lekuetan, tokiko herri borondateak hala ahalbidetzen badu».

Ezkerraldean ere ari dira

Baldintzak sortu egin behar izaten dira. Bizkaiko Ezkerraldean, esaterako, ari dira. Gaur, Ezkerraldeak erabaki leloa osatuko dute 100 metroko mosaiko batekin. Portugaleteko La Canilla kaian elkartuko dira, 13:00etan.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak