Azken soa egitura zaharrari

Berriz itzuliko ez diren kontseilari eta egiturei agur erranez egin dute Kontseilu Nagusian departamenduetako hauteskundeen aitzineko azken osoko bilkura.
Kontseilu Nagusiaren bilkura bat, Pauen. Kantonamendu berrien mapa du kontseilari batek esku artean.
Kontseilu Nagusiaren bilkura bat, Pauen. Kantonamendu berrien mapa du kontseilari batek esku artean. BOB EDME

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko otsailak 18
Frantziako Iraultzaren garaian sortu zuten departamendua, eta orain desitxuratzeko arriskuan dago urteetan gizarte gaiei lotutako politikak kudeatu dituen egitura. Pirinio Atlantikoetan ere omenaldi itxura handiz egin dute Kontseilu Nagusiko azken osoko bilkura. George Labazee kontseilari nagusia eta berriro aurkeztuko ez diren bertze zenbait kontseilariri agur errateko parada izan da, hain zuzen, Pauen (Okzitania) eginiko legealdiko azken batzarra. Egiturari berari ere agur erran diote, nolabait. Hain zuzen, Notre legearen ondorioz egungo ibilmoldea aldatzeko aukera handia dago, eta ezjakintasun horretan eginen dira martxoaren 22 eta 29an departamenduetako bozak.

Aldaketen jakitun dira kontseilari izateko aurkeztu diren hautagai bikoteak, eta espero izatekoa da departamenduen eskumenen gaiak hauteskunde kanpainako eztabaidetan leku nabarmena izanen duela. Ezegonkortasun testuinguru horretan, bertzalde, 2015erako aurrekontuak bozkatu zituzten joan den astean.

Martxoko hauteskundeetan zeren inguruan bozkatuko den hobeki ulertzeko, hona hemen, puntuz puntu, departamenduen eta zehazki Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren inguruko zenbait azalpen:

KONTSEILU NAGUSIA

Batzordeak

Kontseilu Nagusia da departamenduko egitura garrantzitsuena; Nafarroako Parlamentua ere deitua izan da. Hemendik aitzina, ordea, departamendu kontseilu deituko dute. Gaur egun, kantonamendu bakoitzetik hautatutako kontseilari bana dago Kontseilu Nagusian, eta hemendik aitzina, berriz, kantonamendu bakoitzetik bikote bat joanen da: emakume bat eta gizon bat.

Kontseilu Nagusiak presidente bat du: Pirinio Atlantikoetakoa Labazee da gaur egun, eta presidenteordea Kotte Ezenarro. Batzorde iraunkorreko kide dira bi horiek, eta hor hartzen dituzte erabaki nagusiak. Arlo bakoitzeko gaiak, berriz, atalka sailkaturiko batzordeetan eztabaidatzen dituzte. Sei batzorde nagusi daude: administrazio orokorra eta finantzak, gizarte gaiak, garapen ekonomikoa, hezkuntza —kultura eta kirola ere barne hartzen ditu—, lurralde antolaketa eta lankidetza politika.

PIRINIO ATLANTIKOAK

Biarno eta Iparraldea

Pirinio Atlantikoetako departamenduan Biarno eta Ipar Euskal Herria sartzen dira. Paue da hiriburua, eta bertan dago, era berean, Kontseilu Nagusiaren egoitza garrantzitsuena. Baionan ere badago ordezkaritza bat.

Biztanle kopuru handiagoa izanik, Biarnok beti izan du Ipar Euskal Herriak baino botere handiagoa Kontseilu Nagusian. Kantonamendu gehiago ditu, eta, beraz, kontseilari gehiago ere bai. Horrek desoreka dakar Euskal Herriari buruzko gaien inguruan, adibidez. Ipar Euskal Herriak, gainera, ez du oraingoz ezagupen instituzional ofizialik.

GIZARTE LAGUNTZAK

Eskumen nagusia

Frantziako Asanblea Nazionalean egunotan eztabaidatzen ari diren Notre legeak departamenduen zenbait eskumen alda ditzake bereziki. Hain zuzen, haienak ziren ardura ugari eskualdeei pasatu nahi dizkie gobernuak. Orain arte, nolanahi ere, gizarte gaiak kudeatu ditu departamenduak batik bat, eta horietako batzuei eutsiko die. Aurrekontuaren zati nagusia —funtzionamendu gastuen %55—, konparazio baterako, horretan baliatzen dute: aurten, 305 milioi euro. Horien barnean sartuko dira haur, zahar eta behar bereziak dituzten pertsonentzako laguntzak, zein RSA gutxieneko errenta —diru sartzerik ez dutenei ematen zaien laguntza—. Gastu sozialak gora egin du azken urteotan, gainera. Izan ere, alde batetik, Pirinio Atlantikoetako populazioa zahartzen ari da: 2002an 6.250 zaharrek hunkitzen zuten haientzat egokitutako laguntza, eta, gaur egun, berriz, 13.350ek. RSA jasotzen dutenak ere gehitu dira: duela lau urte baino 2.000 lagun gehiagori ematen diete —guzira 13.638 laguni—. Gastu horren inguruan kexu agertu izan da Kontseilu Nagusia estatuarekin. Izan ere, estatuak departamenduari emandako diru kopuru orokorra gutxitu egin da —iaz baino 20 milioi euro gutxiago daude aurtengo aurrekontuan, adibidez—. Departamenduak biztanleei derrigorrez eman beharreko diru laguntzek, ordea, gora egin dute. Horrek bertze zenbait alorretan inbertsioak egitea zailtzen dio Kontseilu Nagusiari.

AZPIEGITURAK, HEZKUNTZA

Galtzeko arriskuan

Departamenduak gizarte laguntzen eskumenari eutsiko diola aski gauza segurra da. Bertzelako kudeaketa ardurak, ordea, eskualdeari pasatzea gerta liteke. Gaur egungo aurrekontuan, ordea, badute indarra. Garraioak adibidez, garrantzia du, eta, horien artean, eskolakoak. Aurten, adibidez, 39,5 milioi euro emango ditu Kontseilu Nagusiak eskola garraiorako. Azken hori doakoa da ikasle guzientzat: 28.000 ikaslek baliatzen dute Pirinio Atlantikoetan, orotara. Departamenduko garraio publikoa garatzen jarraituko dute, halaber. Baiona eta Hendaia arteko autobus zerbitzua, adibidez, Iruneraino (Gipuzkoa) luzatu dute.

10 eta 14 urte bitarteko ikasleak biltzen dituzten kolegioen kudeaketa, bertzalde, departamenduen ardura da, oraingoz bederen. Ikastetxe zenbaiten eraikinak berritu eta horiek indartuz jarraituko dutela adierazi dute. Artean da Baionako Albert Camus kolegioa.

Bertzalde, errepideak eta horietan egin beharreko lanak kudeatzen ditu Kontseilu Nagusiak —uztail hasieran izandako uholdeen kalteak konpontzeko 11 milioi euro jarriko dituzte, adibidez—. Lurralde garapenerako zein garapen ekonomikorako laguntzak ere ematen ditu departamenduak, adibidez, enpresei. Etxebizitza sozialetarako aurrekontua handitu eginen du aurten: 9,8 milioi eurotik 12,4 milioi eurora igaroko da. Horrekin etxebizitza berriak sortzeko zein daudenak berritzeko asmoa dute, eta horien beharrean direnei laguntza emateko.

Kulturak eta kirolak izanen dute gasturik apalenetarikoa, ohi bezala. Kulturarako funtzionamendu gastua, adibidez, 7 milioi eurokoa izanen da aurten. Horren barnean sartzen da hizkuntzei dagokiena ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna