Albistea entzun

Eredu soziala eta erabaki eskubidea

EAEko eta Nafarroako zuzendaritza taldeak hautatzeko fasea irekiko du Podemosek.

Bost hautagaitza daude.

Lurraldetasuna ere hizpide
Joan Josep Bosch Podemoseko Nafarroak Ahal Du hautagaitzako burua, joan den igandean, Iruñean.
Joan Josep Bosch Podemoseko Nafarroak Ahal Du hautagaitzako burua, joan den igandean, Iruñean. IVAN AGINAGA / EFE

Enekoitz Esnaola -

2015eko urtarrilak 24

Urtarrilaren hasieran herri eta hiriburuetako zuzendaritzak hautatu ostean, Espainiako Estatuko erkidegoetakoak aukeratuko ditu orain Podemosek. Euskal Herrian, EAEkoa eta Nafarroakoa. Bukatu da hautagaitzak aurkezteko epea, eta otsailaren 14an jakingo da zein diren irabazleak. EAEn bi hautagaitza daude, Nafarroan hiru. Guztiek diote gaurko sistemaren aldean beste bat behar dela, eta herritarrei «boterea» eman behar zaiela. Hori dute lehentasun. Estatuan «prozesu eratzailea» egitearen alde dira. Herrien erabakitzeko eskubidea defenditzen dute bost hautagaitzak, eta lauk aipatu dute EAE-Nafarroa harremana.

EAE

Euskal Hiria

Euskal Hiria hautagaitzako kideen artean dira Begoña Bilbao Zuzenbidean lizentziatua eta Rafael Sainz de Rozas EHUko irakaslea. «Era bateko zein besteko nazionalismo baztertzaileen aurrean, internazionalismoan oinarritzen gara». Adoste dinamika batera sartzera deitu du. Gizarte eredu berri baten beharra nabarmendu du, halaber. «Gehiengoarentzako programa» osatu nahiko luke, alor publikoa bultzatuz eta «menpekotasuna, hierarkia eta zentralismoa» errefusatuz.

Herrien autodeterminazioaren eskubidearen alde dago; «independentziaren ibilbideak ahalbidetzea ondorioztatzen da hortik». Baina esaten du hobe dela «adostasuna eraikitzea, gutxiengo larriak inposatzea baino». Hala, Espainiako estatu federala desio du, eta Euskal Estatua han barruan ikusten du. Euskal herritarrak Espainiako eta Frantziako estatuetan «banatuta» daudela adierazi du, eta Nafarroa historikoki eta kulturalki Euskal Herriaren «bihotza» dela. Ez du baztertu EAEren eta Nafarroaren arteko harremana mamitzea —«nafarrek erabaki behar dute»—.

Bakegintzaren arloan, uste du «mota guztietako militarismoek sortutako kaltea oso handia» izan dela. Elkarbizitzarako neurriak proposatu ditu; besteak beste, Espainia Justizia gaurko egoerara egokitzea (presoak gerturatzea, gaixorik larri daudenak aske uztea, gizarteratzea...) eta ETAren desagerpena. Egin eta Egunkaria-ren itxierak, tortura edota inkomunikazioa txarretsi ditu.

Ez du gustuko EAEko lurralde egituraketa, hiru foru aldundiek «gehiegizko» boterea dutelakoan —«EAJ eta PPren eredu historizista da hori»—. Nahiago du «euskal instituzio komunak» eta udalerriak gehiago indartzea.

Orain Ahal Dugu

Luis Angel Sanchez de la China lan harremanetan diplomaduna da Orain Ahal Duguren EAEko idazkarigai nagusia. «Sumindura soziala aldaketa politiko» bihurtzeko helburuz sortu zen «Euskal Herriko lau herrialdeetan» Podemos, Orain Ahal Duguren arabera —bat egin berri dute Euskadiren Hitza ildoak eta biek—, eta uste du horra bidean orain «aro politiko eta sozial berria» sortuko dela. Ezinbesteko deritzo herritarrentzat «subiranotasuna berreskuratzeari». EAJ, PSE-EE eta PP egin ditu erkidegoko sistema «neoliberalaren» arduradun.

Eredu sozialaz, ekonomikoaz eta politikoaz gain, lurralde mailakoa ere birdefinitzeko erabakitzeko eskubidearen alde dago, eta Nafarroarekin «antolamendu bateratze baten bila» hasi beharko litzatekeela dio. «Euskal Herriko aniztasuna» onartzeko eskatu du; adibidez, «gure herriaren hizkuntzaren aberastasuna».

Euskal administrazioen antolaketan, foru aldundiek eskumen aldetik indar handia dutela iritzita, Podemosek berak herrialde mailako egitura ere eduki beharko lukeela uste du hautagaitzak.

NAFARROA

Podemosen antolakuntza irizpideetako 8. artikuluak esaten du lurralde mailako ildo nagusiak Herritarren Estatu Biltzarrak erabakiko dituela. Nafarroako hiru hautagaitzek diote herrialdeko gaiei buruzko erabakiguneak bertan egon behar duela.

Nafarroak Ahal Du

Joan Josep Bosch NUPeko irakaslea da Nafarroak Ahal Du plataformako burua. «Nafarroak aldaketa behar du, eta prestatuta dago», diote aurrenik. Erabakiak Nafarroan hartu behar direla esaten dute, eta aitortzen dute haien erabakiek, «hedabideen erabilpenagatik», eragina izan dezaketela Espainiako Estatuan.

Nafarroako foru eskubideez gain, eredu sozial, ekonomiko eta politikoak hautatu ahal izateko erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu dute. Zehazki, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra defenditzen du hautagaitzak —Nafarroaren eta EAEren arteko bat egitea aurreikusten du xedapenak—. Erabaki ahal izateko, beharrezko ikusten ditu, «formazioa ez ezik, askatasuna eta koakziorik eza». «80 urteko indarkeriaren ondoren bakea eraikitzeko aukera» baliatzeko eta «eskuzabal» aritzeko eskatu du.

Nafarroan euskara «garatzeko» eskubidearen alde dago plataforma, baina ez du hizkuntza politikaz zehaztasunik azaldu.

Politika sozialak nahi ditu, eta herritarrei «boterea» eman nahi die, parte-hartze bideak eskainita.

Nafarroa Aldatu Ahal Dugu

Laura Perez Ruano Lizarrako institutu publikoko euskara irakaslea eta CGT sindikatuko abokatua da Nafarroa Aldatu Ahal Dugu plataformako burua. Herrialdean «benetako aldaketa politiko eta soziala» lortzeko dokumentua prestatu dute haiek ere. UPN, PP eta PSNrekin izan ezik, prest daude beste indar politikoekin akordioak egiteko, eta herrialdeko batzarrak hartuko luke erabakia.

«Demokraziaren salbazio» gisa, beharrezko jotzen du alor orotarako erabakitzeko eskubidea — estatuko herri denen erabakitzeko eskubidea aipatu du, kasurako—. Nafarroa subjektu politikotzat hartuta eta autogobernua indartuta, EAErekiko eta Akitaniarekiko loturak definitu egin behar direla iritzi dio. ETAk jarduera armatua bukatutzat eman ostean, posible ikusten du «bake iraunkorra» erdiestea.

Pertsona guztien hizkuntza eskubideak errespetatuta, euskara defendituko eta sustatuko duela dio, baina ez du proposamen zehatzik egin. Podemosen bertan euskararen alorra «bereziki» lantzeko gune bat sortu nahi du.

Alor ekonomikoan pribatuaren aldean interes publikoa lehenetsi du hautagaitzak.

Pertsonen Ilusioa Mantentzen

Tutera aldeko lagun batzuek osatutako plataforma da Pertsonen Ilusioa Mantentzen, baina oraindik baieztatu gabe dago azkenean hautagaitza osatuko duten; asteburuan jakingo da. Eredu sozial berriaren alde egiten du hark ere, herrialdeko «desegituraketa» bukatzeko eta guztien «bizitza duina» lortzeko.

Erabakitzeko eskubidea defenditzen du. Nafarroaren eta EAEren arteko balizko harremanaz ez dator ezer haren dokumentuan.

Euskarari buruzko aipamen zehatzik ere ez dute egin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Miren Gorrotxategi, Ahal Duguren eleduna Legebiltzarrean. ©David Aguilar / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.