Zabalzaren eta torturaren egia, argitara

'Galdutako Objektuak' dokumentala aurkeztu dute eragile ugariren babesean.

Egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte Zabalzarentzat
Eragile ugaritako ordezkariek hartu zuten parte dokumentalaren aurkezpenean, atzo Donostian, Aieten.
Eragile ugaritako ordezkariek hartu zuten parte dokumentalaren aurkezpenean, atzo Donostian, Aieten. JON URBE / ARP

Hodei Iruretagoiena -

2015eko azaroak 12

«Zoaz objektu galduen bulegora». Erantzun hori eman zioten Mikel Zabalzaren amari Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean, 1985eko azaroaren 27an. Aurreko gauean atxilotu zuten Zabalza, Altzan (Donostia). Handik hogei egunera agertu zen haren hilotza Bidasoa ibaian, baina ordurako ziurtzat zuten familiakoek gezurra zela bertsio ofiziala. «Aske utzitako atxilotuek emandako testigantzen ondoren, ez genuen zalantza izpirik izan: Intxaurrondoko kuartelean hil zuten, torturatuta». Mikelen arreba Idoia Zabalzak egin zituen hitzok, atzo, Zabalza auzia eta Euskal Herrian torturak izandako eragina gogoratzeko Galdutako Objektuak dokumental proiektuaren aurkezpenean.

Senideez gain, eragile ugaritako ordezkariak izan ziren atzo, Memoria Egunaren biharamunean, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen etxean: Donostiako alkate Eneko Goia, Gogora Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquero, Sortuko Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin abokatua, Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia Diego, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, Mariano Ferrer kazetaria...

Dokumentala 2016ko irailean estreinatzea da egileen asmoa, Miguel Angel Llamas Pitu-ren esanetan. Zabalza auziarekin batera, tortura «sistematikoaren» errealitatea ere aztertu nahi izan dute. «Estatuak erabilitako gerra tresna izan da», azaldu du Llamasek. Zabalzaren senideak, harekin atxilotu zituztenak, Iñigo Iruin abokatua, Theo Van Boven nazioarteko kontalaria eta Paco Etxeberria auzi medikua izango dira, besteak beste, kontakizunari ahotsa jarriko diotenak.

Bertsio «sinesgaitza»

60.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurreikusi dute egileek, eta finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri dute martxan horri aurre egiteko. Ahotsa.info, Piztu.info, Eguzki bideoak eta Filmotek ari dira horretarako elkarlanean, eta bidelagun izango dute Aitor Merino aktorea ere. mikelzabalza.eus webgunean jarri dute informazio guztia.

Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, Endarlatsara (Lesaka, Nafarroa) zulo bat erakustera eraman zutenean ihes egin zien Zabalzak. Idoia Zabalzak gogora ekarri duenez, ondoren gorpua agertu zen lekua «sakonki» aztertua zuten aurrez senide eta lagunek. «Bertsio ofiziala sinesgaitza da». Behin eta berriz saiatu dira auzia auzitara eramaten, baina trabak aurkitu dituzte beti. «Zorionez, esan dezakegu gaur egun kasik inork ez duela zalantzan jartzen non eta nola hil zuten». Hala ere, beharrezko jo zuen egiten ari diren lana, gertatua oroitu eta betiko argitzeko.

Euskal Memoriako eta Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbideko kideek ere hartu zuten hitza ekitaldian. Orbaizetakoa (Nafarroa) izan arren, Altzan (Donostia) bizi zen Zabalza atxilotu zutenean, eta haren bizilagun eta lankideek urtero oroitu izan dute auzoan. Aurten eratu dute hura gogoratzeko herri ekinbidea, «egia, justizia, memoria eta erreparazioa iparrorratz» hartuta. 30. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbideak; hilaren 29an, esaterako, ekitaldia eta herri bazkaria egingo dituzte.

Euskal Memoriako Iñaki Egañak ere «egia» aldarrikatu zuen torturaren biktimentzat. Zabalzaz gain, beste hainbat kasu ere ekarri zituen gogora: Mercedes Antxeta, Manuel Thomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Alfredo Valcarcel, Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro. «Gogoan izan nahi ez dituzten guztiei, torturaren ondorioz hildako pertsonak direla esan nahi diegu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bainako Oihana ikastolako eta Estitxu Robles kolegioko ikasleak ©Gillaume Fauveau

Ziburuko eskolan agerraldi bat atzeman dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak agerralditzat jo du Aristide Briand eskolako kasuen agertzea. Zazpi haur kutsatu dira, gutxienez.

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Imanol Magro Eizmendi

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

 ©Raul Bogajo / Foku

Ziurtasunik ez ikasle pisuetan

Maria Ortega Zubiate

Ikasle pisuen egoerari buruzko kanpaina bat jarri du abian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Ziurgabetasunaren aurrean, klausulak eta halakoak jartzen hasi dira.

Baionako campuseko ikasleak, maskara jantzita. ©GUILLAUME FAUVEAU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna