Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Erakundeak eta gizartea feminismotik eraldatzen

Publizitatea

Gizartea

Erakundeak eta gizartea feminismotik eraldatzen

Maria Maeztu Forum Feministari emanen diote aurten Berdintasunaren Emakunde saria. Mende laurdena bete zuen iaz elkarteak, eta hasierako helburuei eutsiz lanean dihardu oraindik, feminismoa instituzioetan txertatzen eta gizartean berdintasunaren aldeko eztabaida bultzatu nahian.
Gallardonen abortoaren legearen aurka borroka egin du Maria Maeztu Forum Feministak, bertzeak bertze.
Gallardonen abortoaren legearen aurka borroka egin du Maria Maeztu Forum Feministak, bertzeak bertze. BERRIA
Orain 25 urte baino gehiago erditu izanaz emanen dizkio eskerrak Emakundek Maria Maeztu Forum Feministari. Hain zuzen, Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko asmoz bildu ziren duela mende laurden bat hainbat emakume Zarautzen (Gipuzkoa), eta Emakunderen sorrera bultzatu zuten. Emazte talde horrek Foruma sortu zuen gerora, eta elkarte gisa lanean aritu da urte hauetan guzietan, emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren alde. Emakundek saritu eginen du aurten elkartea, urteetan eginiko lanagatik, eta BERRIAk taldeko bi kiderekin hitz egiteko aukera izan du. Forumaren sortzaileetako batek, Begoña Muruagak, eta Monica Hierro azken zazpi urteetan bertan ibilitakoak kontatu dizkiote elkartearen ibilerak.

Muruaga hasieratik ibili da taldean, eta sorrerako eztabaidak gogoratu ditu segidan: Donostiako emakume talde batek bultzatuta, Zarautzen bilerak egiten hasi ziren, Eusko Jaurlaritza estu hartzea xede. Foruma ez zen oraindik sortua, eta horretarako asmorik ere ez zutela azaldu du: «Hasieran, helburua ez zen elkarte feminista bat sortzea; helburua zen eskatzea legebiltzarrari Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko, eta berdintasun politikak garatzeko».

Oroitu duenez, autonomia estatutuaren bidez berdintasun politiken eskumena bazuen Eusko Jaurlaritzak, baina ez zuen horren araberako politikarik egiten: «Madrilen bazegoen Emakumearen Institutua, baina hemen ez zegoen ezer, eta helburua zen haren pareko erakunde bat sortzea hemen». Orduko legebiltzarkideekin hitz egin zuten, beraz, proposamena azaltzeko. Ez bakarrik erakundea sortzea: nolakoa izan behar zuen ere adostu zuten; erraterako, Lehendakaritzari loturik egon behar zuela. Alderdi politikoak ados jarri ziren emakume talde hark proposatutakoarekin, eta, hala, hasiera eman zitzaion gaur egun arte iraun duen Emakunderi.

Biltzen zituen helburua behin erdietsita, ordea, Zarauzko batzarrei segida ematea erabaki zuten bertan bildutako emakumeek. «Azken bilera egin genuenean, batzuek esan zuten: 'Orain jarraipena egin beharko da, zeren agian erakunde horrek ez baititu beteko bere eginkizunak». Emakunderen jarraipen batzordea eratzea pentsatu zuten hasieran, baina azkenean elkarte bat sortzea erabaki zuten, hartara arlo gehiagotan lan egiten ahalko zutelakoan. «Laurogei emakume elkartu ginen Zarautzen bi urtez, eta 1988an sortu genuen legalki Foruma». Maria Maeztu izena 1881ean Gasteizen jaiotako irakasle feministaren omenez jarri zioten, bertzeak bertze, hezkuntza parekidearen alde egin zuen borroka oroitzeko.

Elkarlana ardatz

Orduz geroztik izen horren pean egin du lan Forumak, talde bana izanik Gasteizen, Donostian eta Bilbon, eta lanketa ugari egin dituzte berdintasunaren inguruan. «Adostu genuen gure lana bi arlotara bideratuko genuela: gizarte osoari begira eta erakundeei begira». Muruagak azaldu du hala jarraitzen dutela orain ere: alde batetik, erakundeetan politika feministak bultzatu eta horiek ongi betetzen diren zaintzen dute, eta, bertzetik, gogoetarako esparruak sortzen dituzte, hitzaldi, mintegi eta bertzelakoen bitartez. Batean zein bertzean, gainera, elkarlana dute oinarri. Hain zuzen, Euskal Herriko zein munduko hainbat elkarterekin egiten dute lan: Emakunde bera, Vicente Ferrer fundazioa, Amnesty International, ASDHA Afganistango giza eskubideen aldeko taldea eta Madrilgo Politika Feministen Foruma, besteak beste. Bestalde, martxoaren 8an eta azaroaren 25ean egiten diren mobilizazioetan ere parte hartzen dute, Euskal Herriko gainontzeko talde feministekin batera.

Afganistango adibidean sakonduz, Hierrok argitu du «konpromiso sendoa» duela Maria Maeztu Forum Feministak hango emakumeekin: «Diru laguntzak eskatzen dizkiegu urtero hemengo erakundeei, han proiektuak garatzeko». Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina ugari antolatzen dituzte: hitzaldiak, erakusketak... «Azken finean, giza eskubideak defendatzea da, eta horien barruan emakumeenak ere sartuta daude».

Nolanahi ere, elkarlana bertako instituzio politikoekin ere egiten dute. Izan ere, politika feministak bultzatzeko asmoz sortu zen taldea, eta oraindik ere erakundeetan eragin nahian jarraitzen du. Hasieran, berdintasunaren alde laguntzeko prest zeuden guziekin elkarlanean aritzeko apustua egin zuten, kideek azaldu dutenez, baina pixkanaka aztertuz joan dira norekin jarraitu nahi duten lanean eta norekin ez. «Nik uste dut mugimendu feministaren barruan, oro har, badagoela kezka nahiko handia momentu honetan, eta balantzea egiteko beharra sentitzen dugu», azaldu du Muruagak. Izan ere, azken urteotan instituzioek berdintasunaren alorrean gibelera egin dutela iruditzen zaio Forumeko kideari: «Sinistu dugu erakundeek bultzatu nahi zutela berdintasuna, guk ere bultzatu ditugu legeak, baina gero konturatu gara erakundeek gehienetan ez dituztela betetzen horiek». Horren erakusgarri, genero indarkeriaren aurkako Espainiako legea.

Kritikak egin arren, erakundeekin lan egitea garrantzitsua dela uste dute biek. Hain justu, mugimendu feministak maiz gaitzetsi izan duen jarrera dela diote, baina beharrezkoa dela: «Gizarteko rolak aldatu nahi ditugu, eta hori da garrantzitsuena guretzat, baina uste dugu ezinbestekoa dela erakundeekin kolaboratzea ere». Diruaren erabilera egokia egin behar dela uste du Muruagak, norabide horretan: «Erakundeek diru publikoa berdintasuna bultzatzeko erabiltzen ez badute, desberdintasuna areagotzeko erabiliko dute. Politiketan ez badago sentsibilitate feministarik, politika horiek rol tradizionalak bultzatuko dituzte».

Bestalde, postu garrantzitsuetan emakumeak egotearen alde ere egin izan dute maiz. «Euskaltzain berri bat izendatu behar zenean, adibidez, zerrenda bat egin izan dugu, eta proposatu dizkiegu izenak». Hala jokatu izan dute ararteko berria izendatu behar zenean ere, edota telebistako emankizunetan emakumezko hizlari gehiago izan daitezen.

Politika feministak bultzatzeaz gain, eztabaidatzea garrantzitsua da Forumeko kideentzat. Elkarte irekia direla azaldu du Hierrok, alderdi politikoetatik kanpo aritzen dena, eta beti gogoetarako prest dagoena, gainera: «Agian ez gara hainbeste ekintza egitekoak, baina barrura begirako lan handia egiten dugu». Horretarako, mintegiak egiten dituzte urtero «pil-pilean» dagoen gairen baten inguruan: Irun eta Hondarribiko alardeak, abortua, prostituzioa, krisia, menpekotasun legea, beloa eta genero indarkeria izan dituzte eztabaidagai, bertzeak bertze. Gaineratu du gaion inguruan hitz egitean ez direla azalean gelditzen: «Iritzia eman aurretik eztabaida sakona dugu: gaia pentsatu, horren inguruan irakurri, aztertu... eta gero saiatzen gara denen artean iritzi bat adosten». Bide horretan leku aproposa topatu duela aitortu du Hierrok, Forumeko kide historikoei erreferentzia eginez. «Emakume hauek asko dakite; asko irakurtzen dute. Nik zazpi urte daramatzat hemen, eta nirekoi hutsa naiz: asko ikasten ari naiz haiei esker».

Bide luzea egiteko

Gizartean oraindik kontzientzia falta handia dagoela uste dute Forumeko bi kideek. «Zoritxarrez feminismo hitza oraindik ez da ulertzen; ez dugu lortu benetan jendearengana iristea», erran du Muruagak. Iraganeko borrokei aitorpen txikia egiten zaiela erantsi du Hierrok: «Batzuetan, gazteek pentsatzen dute orain arte lortutakoa besterik gabekoa dela». Eta ados agertu da Muruaga ere: «Jendeak ez daki ikasteko eskubidea badu, edo beste hainbat kontu, hori feminismoari esker duela. Eta ez bakarrik emakumeen lorpenetan: gizonen lorpen askoren atzean ere feminismoa dago». Iritzi bera du politikei dagokienez ere: «Ez dago berdintasun politikarik mugimendu feministarik atzean ez badago, eta berdintasun politikek atzera egiten dute mugimendu indartsu bat ez daukagulako».

Egoera hori iraultzeko batasuna behar dela uste du Muruagak. «Mugimendu feminista oso zatitua dago, eta azken hamarkadetan sortu dira beste mugimendu batzuk: queer mugimendua, transfeminismoa... Iruditzen zaigu hor kontzeptuak ez daudela argi; zurrunbilo bat dagoela horien inguruan». Forumak 25 urte bete zituenean egindako aldarrietako bat da batzea: «Mugimendu feministak ahots batekin agertu behar du, baina hori ez da gertatzen». Bertze mugimendu batzuekin aliantzak egiten ere jarraitu nahiko lukete, adibidez, giza eskubideen alde egiten duten elkarteekin. Eta, azkenik, gizarte osoak erakundeei politikak exijitzea: «Berdintasuna ez delako luxu bat, gizarte demokratikoetako funtsezko elementua baizik».

Belaunaldien arteko transmisioa egiteko zailtasunez, baina inoiz baino arrazoi gehiago dituztela segituko dute borrokan elkartean, beraz; parekidetasuna lortzeko oraindik anitz falta delako, Forumaren ustez. «Berdintasun formala daukagu paperetan, baina berdintasun errealetik oso urrun gaude».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak