Albistea entzun

Begirada haiek...

Aldartek eta EHGAMek frankismoa eta trantsizioa ezagutu zuten hamahiru gay eta lesbianaren lekukotzak bildu dituzte 'Begirada ausartak' liburuan, urteetan isilarazita egon den memoria historikoaren eremu bat oroitarazteko.
Egunotan ari dira <em>Begirada ausartak</em> aurkezten; atzo, Bilbon; gaur, Gasteizen; eta bihar, Donostian.
Egunotan ari dira Begirada ausartak aurkezten; atzo, Bilbon; gaur, Gasteizen; eta bihar, Donostian. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Jon Rejado -

2014ko abenduak 17

Begiradak. Horiek dira Aldartek eta EHGAM-ek aurkeztu berri duten liburuaren ardatza: soak. Alde batetik, frankismoan eta trantsizio garaian maitatu nahi izan zuten gay eta lesbianen behakoak bildu dituzte Begirada ausartak liburuan. Bestetik, garai horietan beren sexualitateaz gozatu nahi zutenen soak oroitarazi dituzte, garai horretan begi kolpeak baitziren debekatutako eta jazarritako izaera hori kudeatzeko eguneroko baliabidea.

Begirada ausartak liburuak frankismoa eta trantsizio garaia ezagutu zuten hamahiru lagunen bizitzak bildu ditu. Aldarte sexu askatasunerako ikerketa eta dokumentazio zentroak eta EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak egindako liburuak «oroimen historikoaren eremu hori berreskuratzeko helburua» du, Inmaculada Mujika Aldarteko kideak azaldu duenez. «Haiek diktadurapean izan zituzten hainbat eta hainbat arazok bere horretan dirauten neurrian, beharrezkoa da horien inguruan hausnarketa sakona egitea, gure iritziz», esan du, La Bolsa eraikinean, liburuaren aurkezpenean.

Lekukotza horietan aipatu begiradak liburuaren zehar lerro dira, baita orduko gizarte «misoginoaren» isla ematen dutenak ere, Mujikaren iritziz. Hain zuzen ere, gizonen arteko begiradak eta emakumeen artekoak ezberdinak ziren, Iñigo Bilbao EHGAMeko kidearen arabera. Liburuko gizonak bat datoz nolako begirada zuten azaltzean: «Bat-batekoa, kaletarra, ausarta, lotsagabea, irekia eta kale gorrian eskainitakoa». Emakumeen begiek, berriz, toki «lasaiagoak eta gertukoak» aukeratzen zituzten bilaketari ekiteko. «Andrazkoen begiradak ez bide ziren, gainera, hain zuzen eta berehalakoak».

Atzera begirako hausnarketa horiek egungo egoerarekin alderatu dituzte liburuaren egileek, eta garai bateko begirada haiek «kasik desagertu» direla gaineratu dute. «Teknologiak aldaketa zorrotzak eragin ditu, eta goitik behera aldatu ditu gizonezko bik edo emakumezko bik elkar ezagutzeko zituzten modu eta bideak», azaldu du Mujikak.

Urteen joanarekin aldatu diren beste hainbat alor islatzen dira liburuan, eta horien gaineko hausnarketa egiteko parada eskaintzen da. Besteak beste, hainbat lekukotzak kuadrillaren garrantzia islatzen dute. Emakume zein gizon homosexualen kuadrillak «oso-oso heterogeneoak» izan ohi ziren, sufritzen zuten homofobiak elkartuta. «Nola uler daiteke bestela Neguriko [Getxo, Bizkaia] etxe on-on bateko semeak tabernan edo ohean Labe Garaietako langile batekin bat egitea?».

Azalarazi gabeko historia

Hamaika dira liburuan modu batean edo bestean landutako gaiak: ideologia guztietan izandako aurreiritziak, eskuin zein ezker; seme-alaben homosexualitatea familian bizitzeko modua; hiesa; Eliza katolikoa... Horiek guztiak hamahiru pertsonak kontatuta. Lekukotzez gain, Begirada ausartak liburuak orduko egoera argitzeko giltzak ematen ditu. Aldartek eta EHGAMek nabarmendu dute oso gutxi ikertu dela genero nortasunagatik diktaduraren jazarpena jasan zuten emakume eta gizonen egoera. Are gehiago: aipatu arrazoiengatik atxilo hartu, askatasuna kendu eta jazarri zitzaizkien pertsonei buruzko daturik ez dago.

Ezkutuan geratu den historia hori are larriagoa izan da lesbianen kasuan. Liburuak atal berezia eskaintzen die emakumeak maitatu zituzten emakumeei; gogorarazten du haiek pairatu zuten jazarpena «zeharka» gertatu zela. Zapalkuntza hori familia, erlijio, eskola, hezkuntza eta psikiatren bidezkoa izan zela dio. Liburuaren egileak gizonezko eta emakumezko kopuru berbera elkarrizketatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten lortu.

Testigantzak ez ezik, liburuak garai horretako testuingurua ere azaltzen du. Hain zuzen ere, frankismoak, egonkortzen hasi zenetik aurrera, sexu eta genero nortasun ezberdina zuten herritarren aurkako jazarpena gogortu zuen. 1954ko uztailean, homosexualitatea jazarri beharreko delituen zerrendan sartu zuen, Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legea aldatuz; haren bidez, areagotu egin zen errepresio tresnek bioleta ezizenaz izendatu zituzten pertsonen aurkako jazarpena.

Liburuaren egileek gogorarazi dute Eliza katolikoak, akademiak eta medikuntzak babesa eman ziotela jazarpen hari. Elizak finkatu zituen, hein handian, aginte frankistaren oinarri ideologikoak. Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legea aldatu baino urte bat lehenago, estatu frankistak eta Eliza katolikoak Konkordatua sinatu zuten; horren bitartez, diktadurak bere egin zuen Elizaren doktrina, baita familia eta homosexualitateari dagokionez ere.

Eremu zientifikora ere zabaldu zen jazarpena. Egileek gogora ekarri dituzte homosexualitatea gaixotasuntzat jo zuten zenbait «ikerketa zientifiko». Gregorio Marañon, Antonio Vallejo Najera eta beste zenbait mediku ospetsuk «gaitz» horren izaera «kriminal eta kutsakorra» argudiatu zuten, baita osatzeko proposamenak egin ere: antzutu, ebakuntzak egin, animalien guruin endokrinoak txertatu...

Franco diktadorea hil baino lehen zenbait arauren gogortasuna apaldu zen arren, homosexualei eta lesbianei jazarri zitzaizkien gerora ere. Begirada ausartak liburuak orduko borrokaren berri ematen du, baita egunera arte izan duen arrastoarena ere. Hala, hainbat lekukotza asmatutako izenekin sinatuta daude: erabateko onarpenik ezaren seinale.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz? Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Donostiako manifestazioaren burua. ©Gorka Rubio / FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harrok deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen bGaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Berria

Goizaldean hasi dute operazioa Baionako Santa Ursula kaleko eraikin okupatuan, eta orain materiala ateratzen ari da Frantziako Polizia. Proiektuaren bultzatzaileek elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako.

Jaizkibelen bilaketa lanetan aritu den taldea. ©@112_SOSDeiak

Hilik topatu dute Jaizkibelen desagertutako 65 urteko gizonezkoa

Berria

Sendiak asteartetik ez zuen haren berririk, eta ordutik aritu dira bila.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.