Noiz sortua: 2016-08-11 00:30:00

Santiburtzioak Leitzan

San Tiburtzio egunean, denak plazan

Bigarren urtez jarraian, andreek eta gizonek dantzatuko dute ezpata dantza Leitzako festetan. Gazteen eguna egingo dute bihar
Aurrera dantza taldeko andreek eta gizonek elkarrekin egin zuten ezpata dantza iaz, lehenengo aldiz.
Aurrera dantza taldeko andreek eta gizonek elkarrekin egin zuten ezpata dantza iaz, lehenengo aldiz. MIEL MARI ELOSEGI

Maialen Unanue Irureta -

2016ko abuztuak 11

Santiburtzioetan murgilduta daude Leitzan (Nafarroa), eta gaur dute jaietako egun handia. Eguneko ekitaldirik berezienetako bat ezpata dantza izango da: hala diote herritarrek. Gainera, iaztik, bereziago bihurtu da, andreak gizonen pare aritzen baitira dantzan.

Nahia Barriolaren (Leitza, Nafarroa, 1993) ustez, herriko plazan egiten den ekitaldirik «garrantzitsuenetako bat» da ezpata dantza. «Pertsonalki, asko betetzen du: ezpata dantza egiten dugun guztiok une horretan izaten ditugun nerbioak eta jendaurrera ateratzeko izaten dugun gogoa oso handiak dira».

Aurrera dantza taldeak egin ohi du ezpata dantza, eta aldaketa, hain zuzen, hark bultzatuta etorri zen. Hala, dantza erakutsi zieten, eta plazara ateratzeko prestatu. «Urteak dira dantza taldeko jai batzordeko kideek eta dantza taldean parte hartzen dugun neska guztiek ezpata dantza ikasi eta plazan aritzeko gogoa azaldu genuela. Erantzun ona jaso genuen», nabarmendu du Barriolak. 40 lagun inguruk osatzen dute taldea, baina hamasei lagunen artean egiten dute ezpata dantza: iaz, zortzi andrek eta zortzi gizonek egin zuten.

Andreek parte hartuko ote zuten ez zuten erabaki egun gutxi lehenago arte, baina, ordurako, prest zituzten haien jantziak ere. Azkenean, urratsa egin zuten, eta eutsi egingo diote aurten. «Gustura» gelditu ziren herritarren harrerarekin. Barriolak adierazi duenez, izango da «ziurrenik» andreek ezpata dantza egitearen aurkakorik, baina oro har ondo hartu zituztela azpimarratu du: «Baten batek pentsa dezake ezpata dantza mutilek egin izan dutela beti eta neskek muturra sartu dugula: baina, oro har, bikain hartu gintuzten, modu oso positiboan». Aldaketa modu baketsuan gauzatu zen.

Herritarrek, harrera ona

Leitzako festetatik une horixe du kutunena. Eta, horrez gain, ezpata dantzariekin festetan izaten duten giroa azpimarratu du: «Egun guztian elkarrekin egoten gara, hamaiketakoan, bazkarian. Horrez gain, herri afaria ere oso polita izaten da».

Ezpata dantzaz gain, Leitzan badute beste bat, propioa: ingurutxoa. Hainbat alditan egin ohi dute festek iraun bitartean, eta parte hartzea irekia izaten da, oro har, Barriolak azaldu duenez. Bihar, esaterako, bitan egingo dute: arratsaldekoan, dantza taldekoek soilik egingo dute, eta 03:00etakoa nahi duen guztiarentzat izango da irekia. Gaur, esaterako, udal gobernuko zenbait zinegotzik parte hartuko dute, herritarrek hala eskatuta.

Atzo hasi ziren santiburtzioak Leitzan, eta, astelehenera artean, izango da zer ikusia eta zer egina. Bihar, esaterako, gazte eguna egingo dute, herri mugimenduak antolatuta. Goizean goiz, gaueko ajeak kentzeko, zumba saioa egingo dute, 09:00etan, eta, horren ondotik, gazte gosaria. Horrez gain, gazteentzako jokoak egingo dituzte herriko hainbat gunetan, 11:30ean.

Aldarrikapenerako tartea ere izango dute arratsaldean, manifestazioa egingo baitute, 20:00etan. Eta, horren ostean, musikak ez du etenik izango. Batetik, Iruindarock elektrotxaranga herrian barrena ibiliko da kaleak girotzen, eta beste hainbeste egingo dute Incansables txarangak eta buruhandiek, 20:30ean. Bestetik, Leihotikan eta El Diluvi taldeen kontzertuak izango dituzte plazan, 23:00etan. DJ Bullek jarriko ditu musika eta giroa plazako txosnan, 01:00etan hasita, eta Dodosounden emanaldia izango da, ordu berean, Atekabeltzen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maialen Unanue Irureta

Informazio osagarria