Xoxoaren kantua ez delako isiltzen

Zabalette, Gaigne eta Ibarrondoren obra bana estreinatuko du EOSek, etzi, Donostian, 'Laboari oihartzun: soinu-distirak' kontzertuan
Arturo Tamayo, atzo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egindako entseguan.
Arturo Tamayo, atzo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egindako entseguan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko abenduak 10
Musika garaikidearen inguruan interes handia izan zuen beti Mikel Laboak, eta gertutik jarraitu zituen Euskal Herriko musikagileen lanak eta ibilbideak, haietako batzuekin harreman estua izateaz gain. Euskal Herriko musikagile garaikideek ere interes handia izan dute, aspalditik, Mikel Laboaren musikan, eta haren eragina jaso dute. Elkarrekiko interes eta harreman horien isla eta fruitu izango da neurri batean Laboari oihartzun: soinu distirak kontzertua, etzi, abenduak 12, 20:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Donostiako Miramon auzoko egoitzan. Arturo Tamayok zuzenduta eta Easo Eskolaniako tipleen laguntzarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Peio Zabalette, Pascal Gaigne eta Felix Ibarrondo musikagileek Laboaren omenez sortutako obra bana estreinatuko du emanaldi horretan, Mikel Laboaren Gernika - Lekeitio 4-ren bertsio sinfonikoa emateaz gain, Ramon Lazkanoren orkestrazioarekin. EHUko Mikel Laboa Katedraren enkarguz sortu dituzte obrak musikagileek, eta kontzertua EOSek eta Musikagileak elkarteak antolatu dute. Sarrera doan izango da, aretoko aulki guztiak bete arte.

Laboari oihartzun proiektua EHUko Laboa katedraren sorrerarekin batera jarri zen abian, katedra horren zuzendari Juan Kruz Igerabidek azaldu duenez. Katedrak Euskal Herriko 11 musikagileri eskatu zien Laboa oinarritutako obra bana sortzeko; horietako zazpi ensemblerakoak eta gainerako laurak orkestrarakoak. Aurten ensemblerako lau lan estreinatu dira dagoeneko —Ramon Lazkano, Maria Eugenia Ruc, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena eta Gabriel Erkorekarenak zehazki—; etzi, esan bezala, orkestrarako hiru estreinatuko dira —Ramon Lazkanoren orkestrazioaz gain—; eta gainerakoak 2015eko udazkenean estreinatuko dira. «Euskal kulturari musika ziklo bat eskaini nahi diogu, eta hura programatu nahi duten erakundeen eta elkarte kulturalen esku utzi», adierazi du Igerabidek.

Katedrak egindako enkarguaren espirituari jarraituz, Mikel Laboa abiapuntu hartuta baina erabateko askatasunean osatuta sortu dituzte beren lanak Zabalettek, Gaignek eta Ibarrondok, eta gisa berean jokatu du Lazkanok Laboaren Gernika - Lekeitio 4-ren orkestratzerakoan.

Peio Zabalettek Negu izpiak sortu du Mikel Laboa katedraren enkarguari erantzuteko, Laboak kantatu eta ezagutarazitako Xoxo beltza kantu herrikoi «sinple eta sakona» eta haren hitzak oinarritzat hartuz: «Xoxo beltz bat banuen / kaiolan sartua / Egun batez neguen / hil zen gixajua / Lurpian sartu nuen / zelaian xokuan / Eguna argitzen deni(a)n / xolu hartan, xolu hartan / xoxuen kantua». Laboaren obran maiz agertzen diren bi gai ageri dira hitz horietan, negua eta txoriak, Zabalettek azaldu duenez, eta gaur egun xoxo beltza Mikel Laboaren metaforatzat ere har daiteke, hilik den arren «haren espiritua eta haren boza» bizirik daudelako haren musika entzuten dutenengan. Xoxo beltza-k ez ezik, Haika mutil kantu herrikoiak ere badu itzalik Zabalettek sortu duen lanean.

Pascal Gaignek Laboaren «alderdi esperimentalena» hartu du abiapuntutzat Hypnos Variation sortzerakoan, eta bereziki Mikel Laboaren lekeitio-en «hipnotismoari» erreparatu dio. «Baina ez da inondik ere bertsio edo konponketa bat, sorkuntza librea baizik», ohartarazi du.

Ibarrondoren ohiko joera

Felix Ibarrondok ez zuen atzo EOSen Donostiako egoitzan egindako aurkezpenean parte hartzerik izan, eta Ramon Lazkanok eman zuen haren obraren berri. «Ibarrondoren lan tipikoa da, indar eta erritmo handikoa, oso dinamikoa, oso exijentzia maila altukoa musikarientzat, eman daitekeenaren mugan». Baña nik... du izenburu EOSek etzi estreinatuko duen Ibarrondoren lanak.

Marisol Bastidak, Mikel Laboaren alargunak, kontzertuan, haren omenezko lanez gain, Mikel Laboaren pieza bat jotzea ere komeniko zela pentsatu zuen, eta, ideia hori ontzat emanik, erabaki zuten Gernika - Lekeitio 4 ere programan sartzea, Ramon Lazkanok egindako orkestrazioarekin. «Bertsio instrumental sinfonikoa izango da, ahotsik gabekoa», iragarri du Lazkanok. «Laboaren musika giro sinfonikora eraman dut, baina ahalik eta modu literalenean. Ez da inondik ere konposizio lan bat, nik ez baitut parte hartu ez harmonietan, ez notetan, ezta Laboak ezarritako denboran ere».

«Gisa honetako ekimenak, kontzertu honen modukoak, funtsezkoak dira herri baten bizitza intelektual eta artistikoarentzat», Arturo Tamayo orkestra zuzendariaren ustez. «Uste dut errepertorio garaikidea zaindu egin behar dela, eta garrantzitsua dela hura aurkezteko modua ere. Orkestrentzako garrantzitsua da etengabe aurre egitea azkenaldian sortutako lanei, espiritu bizi bati eusteko, abenturazko espiritu bati».

Etziko kontzertuan «perfekziora ahalik eta gehien hurbiltzea» izango da orkestraren zeregina, Tamayoren ustez. «Lehen emanaldi batean zaila da perfekziora asko hurbiltzea, obraren esperientzia falta delako. Ez da gauza bera obra bat hirugarren edo laugarren aldiz jotzea, eta estreinakoz jotzea. Baina uste dut badaukagula nahitaez iritsi beharreko gutxieneko bikaintasun maila bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna