Galtzaile onak guztia duelako irabazteko

Betiko esentzia galdu gabe, orain arteko disko berritzaileena aurkeztu du Skakeitan taldeak. Besteak beste, Manu Chaok parte hartu du
Albaolan eraikitzen ari diren <em>San Juan</em> baleontziaren barruan aurkeztu zuten diskoa.
Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren barruan aurkeztu zuten diskoa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Julen Aperribai -

2016ko abenduak 1
Aurkariak joko zelaia marrazten duenean, zaila izaten da bertatik ezer onik ateratzea. Bestearen arauak onartzean gertatzen da hori, eta etsipenean eror daiteke bat, arazoari beste begirada bat ematen asmatu ezean. Saiatu dira Donostiako Skakeitan taldeko kideak hori egin eta, aldi berean, galderak beste era batera formulatzen, orain arte jaso dituztenekin alderatuta, erantzun desberdinak jasotzeko esperoan. Urtebeteko lanaren ondoren, Galera izeneko diskoa aurkeztu zuten atzo goizean, Albaola itsas kultur faktorian (Pasai San Pedro). Izan ere, itsasontzia ere bada galera, diskoa kaleratu duen Mauka diskoetxeko Koldo Rodriguezek gogora ekarri duenez, eta erantzun berrien bila «itsasoan murgildu» nahi izan dute taldeko kideek.

Zortzi urteko ibilbideak askorako ematen du, eta baita musikalki eboluzionatzeko ere. Erritmoek hasiera bateko ska doinuei —orain hain puruak ez direnei— lotuak jarraitzen dute, baina soinuan nabari da eboluzioa. «Erritmika zaleak gara, ska zaleak bainoago», azaldu du Pello Armendariz taldeko abeslariak. Esperimentazioari ateak itxi gabe aritu dira orain artean ere, baina taldekide guztiek bat egin dute orain arteko diskorik ausartena izan dela azpimarratzen. Soinu berri bat lortu dutela azaldu du Asier Iriondo baxu jotzaileak, betiere zaharrari traiziorik egin gabe. «Olatu berri bat itsaso zaharrean». Halakoa da diskoa harentzat. Taldearen «garapen naturala» erakusten du diskoak, Julen Idigoras bateria jotzailearentzat. Badaki iraultzailea izatea zaila dela egungo musika panorama zabalean, baina, bederen, «barneko mailan» iraultzailea izan dela dio. Indarra eta erritmoa ematen diote gitarrek, rockaren eremura eramanez noizbehinka. Genero bakar batean sailkatzeko modukoa izateko urrun dago, hala ere. Haize instrumentu eta gitarra garbiekin topo egitea espero duena jokoz kanpo utziko dute lana zabaltzen duen Galerari abestiko bateria elektronikoak, sintetizadoreek eta ahots distortsionatuek. Lehen abesti horrek laburbiltzen du diskoaren ideia nagusia, Armendarizek azaldu duenez. Ikuspegia aldatzeko beharraz ari da, maila orokor batean: «Galtzaile posizio batetik ari gara, beste optika batetik begiratuz: zein toki daukagun espazio honetan eta zer daukagun esateko». Maila orokor batean egiten du, eta jarraian datozen kantei ematen die aukera arazo zehatzagoetan sakontzeko. Horietan islatuko dira maila «makroan» nahiz maila pertsonalago batean jorratzen dituzten borrokak. Bi plano horietan jorratzen diren borroken konbergentzia landu zuten aurreko lanean, eta begirada aldaketaren garrantzian sakondu nahi izan dute azken honetan, Armendarizen arabera.

Luxuzko kolaborazioak

Haritz Harreguiren gidaritzapean grabatu eta nahastu dute diskoa, Usurbilgo (Gipuzkoa) Higain estudioetan. Ondo landuta eraman dituzte hara abestiak, baina. Armendariz, Idigoras eta Borja Anton gitarra jotzailearen artean konposatu dituzte abestiak. Izatez, zortzi kidek osatzen dute Skakeitan, baina, lagundu dutenek handitu dute taldea kasu honetan. Besteak beste, Itaca Band taldeko Albert izan dute Gehiegi amesteko abestian, eta Fermin Muguruza Oakland-en. Euskal Herritik kanpoko batzuek ere parte hartu dute diskoan, eta horietako bat bereziki ezaguna: Manu Chao. 2014an Donostian kontzertua eman zuen, eta, haren aurretik jotzeko aukera baliatu zuten Skakeitanekoek kantaria ezagutzeko. «Erlazio xume» horren ondorio da abeslariaren parte hartzea, Idigorasek dioenez.

Bihartik aurrera salgai izango da Galera Durangoko Azokan, eta astelehenean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian lehen aurkezpen-kontzertua eskainiko dute. Diskoan parte hartu dutenetako batzuk ere bertan izango direla aurreratu du Olatz Salvador taldeko teklatu eta ahotsak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna